Lourdes Oñederra. Idazlea

«Orainaren aldarria askotan oso azaleko kontua iruditzen zait»

Denbora du gogoetarako gai. Ia obsesio. Denborak baldintzatzen du, baina ematen dio literatur mamia ere. 14 urteren ondoren plazaratu du 'Intemperies' (babes bila), bigarren nobela. Babesa eta epeltasuna jaso du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Irakurleek eman diote babesa. Hala sentitu du liburua atera zenetik igarotako bi hilabeteotan. Eta emakumeari sugeak esan zion (Erein, 1999) lehen nobelarekin ere jaso zuen, bai irakurleena eta bai kritikariena. Euskadi Saria jaso zuen, besteak beste. Geroztik, Anderson anderearen gutizia ipuina (2005) eta Patrick Süskinden Sommer jaunaren historia liburuaren itzulpena plazaratu ditu Lourdes Oñederrak (Donostia, 1958). Intemperies (babes bila) lanak indarra eman dio, «nahiz eta gustatu ez zaionik ere hurbildu zaidan eta esan didan ez zaiola gustatu. Eskertzen dut jarrera hori ere». Indarra eman dio hurrengoa «lehenago» plazaratzeko. «Eskubidea eman nahi diot neure buruari idazten jartzeko. Beste lanak egiten ditudanero, neure buruari esango diot literatura idazten jartzeko eskubidea ere irabazi dudala. Horrela behartu nezake neure burua idaztera, akaso». Beste lanak dira Gasteizko Filologia Fakultateko fonologia irakasle izatea EHUn eta euskaltzaina izatea. «Muturrak margotuta» eta eskuko poltsan zapatilak dituela azaldu da gustuko tabernara: «Elkarrizketaren ondoren, ibiltzera noa».

«Trena aurrera doa. Luziak ez du iristeko presarik», dio liburuko pasarteetako batek. Zuk ere ez duzu presarik literaturan bide egiteko?

Ez dut eta badut. Ez dut presarik, eta ez dut izan nahi, gainera, baina hainbeste denbora ere ez nuke utzi nahi hurrengorako. Hori da buruan ditudan gaietako bat: nola antolatu nire bizitza. Nik nire lana daukat, eta lan hori bete egin behar dut, are gehiago, diru publikoarekin ordaintzen didatelako. Gainera, oso poliki egosten ditut gauzak. Eskolak ematea asko gustatzen zait, eta urte askoan egin dut, baina literatura nire bizitzaren partetxo bat ere bada.

Aurreko lanetik hamalau urte igaro dira, baina badira ageriko lotura batzuk. Esaterako, lehen orrialdean dagoeneko sugeak eta emakumeak aipatzen dituzu.

Bai, asko galdetu didate ea nahita egin nuen, baina ez. Nahita egin dut behin konturatu ondoren aipamena ez kentzea. Eta Adanen komentarioa eta jainkoak bezalakoa izan nahi izatearena... Hor badut zerbait. Aurreko liburuan ere harritu egin nintzen aipamen biblikoekin. Biblia oso iradokitzailea egiten zait, baina ez nuen uste horrekin lotuko nintzenik horrenbeste.

Lehen nobelako protagonistak ere Luzia izan behar zuen izena, hasieran. Hura ixten ari zen emakumea zela esan zenuen, eta hau irekitzen ari dela. Zu irekitzen ala ixten ari zara literaturaren munduan?

Nobela berriko pertsonaia irekitzen ari dela esan nuen a posteriori, kazetariak galdezka hastean zerbait esan behar izaten delako. Irekitzen ari den ez dakit, baina nabaritu diot aurrekoari baino goxotasun handiagoa. Niri iruditzen zait emakume hau ez dagoela horren larrituta.

Zure protagonistak oso dira femeninoak, edo, behintzat, feminitateari egotzi ohi zaizkion hainbat ezaugarrirekin hornituak daude. Esaterako, denborak gorputzean eragiten duenaren kezka. Zergatik lotzen dugu kezka hori, batez ere, emakumeekin?

Ez dakit, egia esan, baina gai interesgarria da hori. Horrenbeste gauza dira emakumeekin lotzen direnak. Gaur bertan irratian entzun dut esatari bat, politikaz ari zela, zera esaten: 'Bi emakumeren arteko erlazio berezi bat sortu da', edo halako zerbait. Eta pentsatu dut, 'hara, ea sortu den kontu polit bat, harreman gay bat politikari ezagunen artean'. Ba ez, kontua da Angela Merkel eta Soraya Saenz de Santamaria oso ondo konpontzen direla, nonbait. Esango genuke gauza bera bi politikari gizonezko balira? Philip Rothen Exit Ghost asko gustatu zitzaidan. Zenbat hitz egiten duen bere gorputzaz, bere organoez eta ezintasunaz. Niri horregatik gustatu zitzaidan nobela, nahiz eta nik baino askoz ere gehiago dakitenek esango didaten ez dela hain liburu ona. Alderdi fisikoaz gehiago hitz egiten da pertsonaia emakumea denean.

Gizonekoaren begiradak eragindakoa izan liteke kezka hori?

Bai, dudarik gabe. Emakumearen gorputzak izan du halako indarra gizonezkoengan... Beharbada, hortik dator kezka handiagoa izatearena. Baina ikusi beharko litzateke denok hasiko bagina hizketan eta egia esaten. Ez da erraza, ordea; kostatu egiten da.

Esan izan duzu literatura maskulinoa baldin badago zurea femeninoa dela. Baina aurrebaldintza gisa literatura maskulinoa egotea jartzen duzu. Bestela, sinesten duzu banaketa horretan?

Ez nuke nahi. Iruditzen zait aurreiritzi bat dela. Aurreko nobelarekin zenbat jendek esan zidan: 'nire andreari erosi diot, nire neska-lagunari oparitu diot'. Inori ez litzaioke burutik pasatuko gizonezko idazle batek gizonezkoentzat idazten duela esatea, ez? Topikoa da, baina garbia da. Topikoak apurtzea nahi izaten dut, baina literaturan esperientzia bat izan badut, hau garbia da.

Orain urtebete pasatxo, Iban Zalduak esan zuen Ur Apalategiren azken lana literatura maskulinoa zela.

Ba, begira, aztertu beharko genuke, gai interesgarria baita. Kontuz ibili beharko genuke ez sendotzen lehendik baditugun harresi horiek. Oraintsu irakurri diot Saizarbitoriari [Ramon] elkarrizketa batean gizonentzat gai handi bat dela emakumea zer den jakitea. Eta nik diot emakumearentzat ere baietz gizona zer den jakitea, eta segun eta zer sexualitate dugun bata edo bestea zer den jakitea, eta korapila genezake nahi bezainbat, baina jarraitzen dugu bitasun horrekin. Galdera egin ohi duena beti gizona da. Emakumeak lehenengo deabrua ginen; arimarik ere ez genuen. Gero bilakatu ginen inspirazio iturri. Eta orain gara galdera edo misterioa dugunak.

«Ez dakit zergatik idazten diren autobiografiak. Ba ote besterik?». Liburuko beste esaldi bat. Zergatik dio idazleak horrelako erreparoa liburu guztiek dutela zer handi bat autobiografiatik onartzeko?

Anekdotak ez ditugu askotan jartzen, ezagutzen gaituztenei errespetua izateagatik. Sakonago ari bagara, ordea, gure gaia gure barrena da, eta dena da autobiografikoa, zentzu batean. Gure barrenetik ateratzen dira gauzak. Eta galdetzen badidate: eta zu Luzia zara? Ba gauza batzuetan banaiz, eta, besteetan, ez naiz.

Baina baduzue beldur moduko bat hori onartzeko?

Beldurra eta morboa dago. Eta uste dut saiatzen garela babesten morbo horretatik. Aurreko lanarekin harrituta geratu nintzen zein puntutaraino joaten den morboaren kontua. Lankide batzuek deitu zidaten, eta esan zidaten bazekitela zein zen Vienako pertsonaia hura, zigarroak egiteko moduagatik. Eta zigarroak egin eta erretzeko modua bai deskribatu nuen ezagutzen dudan pertsona batetik abiatuta, baina ez zen haiek esaten zuten hura. Baina kontua da ez irakurle soilak, literatur munduko jendeak, irakasleek, kritikariek eta abarrek egiten dutela sarri axal-axaleko irakurketa hori. Babesa jartzen dugu alde horretatik. Alegia, idazten dugun guztia ez dela bere horretan gertatua. Ez dela kronika bat.

Baina, azkenaldian, hainbat izendapen atera dira oso ni-tik egindako literatura definitzeko, eta sortu du ika-mikarik: autobiografiaz gain, autofikzioa, autoimitazioa…

Beste gauza askorekin bezala, literaturan ere eufemismoetara jotzen dugu. Nik nobela honetan ez dut ahaleginik egin pertsonaia nigandik urrutiratzeko. Idazketa prozesua bizitzen denean, hori garbi ikusten da. Lanak berak, idazketak eta istorioak berak, bere martxa hartzen du. Autobiografikoa da? Ba bai eta ez. Baina bere autonomia hartzen du istorioak, eta, autonomia hartzen duen neurrian, beldur guztiak joaten zaizkizu. Horregatik, Luzia hizkuntzalaria da, donostiarra, 50 urte ingurukoa eta abar.

Hizkuntzarekiko ardurak bizi du. Hizkuntzalari izateak zenbatean laguntzen dio idazleari eta zenbateko galga jartzen?

Erantzun merkea emango dizut. Batak bestea bezainbat. Lagundu eta kalte egin, berdin. Oraingo euskaran hizkuntzalari izateak eta, neurri batean, euskaltzain izateak balio dit gauzak bereizteko. Jakiteko gauza bat dela saiakera edo gauza formalago bat eta beste bat dela nobela bat. Eta hor askatasunaren arnasa eman behar diozula hizkuntzari, nahiz eta batua eta hizkuntza estandarra erabat beharrezko ikusten ditudan. Eta horrek patxada pixka bat eman dit. Pentsa, lan egiteko eta idazteko ez ditut gela berak erabiltzen; beraz, hortik hasten da banaketa.

Askatasuna emango zizun, baina idazkeran nabaritzen da zehaztasunaren obsesioa, hitz eta esaldietan.

Bai, horrek lan handia eman dit. Azken urteak pasatu ditut testu bera lantzen. Laburtzen. Laburtzeak erraztasuna eman dezake, baina hainbeste laburtzen nituen, ezen trinkotasun bat ere ematen dion irakurketari.

Pertsonaietako bat afasikoa da, hitza galdutakoa. Mututasunak eta, horrenbestez, isiltasunak zein eginkizun du bizitzan eta literaturan?

Literaturari dagokionez, ez esatearena paradoxikoa ere bada, ezta? Baina horixe bera sorketa iturri oparoa da. Niretzat mututasuna, oro har, esaten ez ditugunak eta esango genituzkeenak, esan uste ditugunak baina esan gabe geratu direnak… Hori oso gai kitzikagarria da. Eta, zehazki, afasiarena, duela 30 urte entzungo nuen aurrenekoz hitza, egin zait bereziki interesgarria. Ez baita bakarrik ez hitz egitea, baizik eta hitz egin izan duen norbaitek hitza galtzea. Interesatzen zitzaidan afasiko bat batere hitz egiten ez duena, zeren afasiko mota asko daude. Eta linguistikoki interesgarriagoak dira zenbakiak ahaztu dituztenak edo adjektiboak esaten ez dituztenak edo… Baina literarioki batere hitz egiten ez duena interesatzen zitzaidan. Ez dakit horrelako kasu bat azterturik egongo den, baina nik sortzeko lizentzia hartu dut. Hainbeste interesatzen zitzaidan gaia, ezen nahiago izan nuen nire alderdi literariora eraman.

«Zergatik esaten da iragana joan dela? Ez da inoiz joaten?» Denbora eta haren iragatea. Egun oso dago modako orainaren aldarria. Oraina besterik ez dugula eta hartan zentratu behar dugula esatea…

Nik uste dut iragana dela barnean gordetzen duguna eta osagai nagusia. Orainaldiaren aldarria askotan oso azaleko kontua iruditzen zait. Batzuetan, balio du bizi ahal izateko eta lasaitzeko, baina horrek ez du esan nahi iragana ahaztea, baizik eta iragana iraganean kokatzea. Baina badugu barruan zerbait oso indartsua dena, iragan hori ekartzen duena. Lotu egiten da gure izatera. Orain daukagun iragan horren oroipena. Oraingo oroitzapena baita. Elkarrekin bizi izandakoak zein modu desberdinean gogoratzen ditugun. Horregatik da anekdoten garrantzia eskasa. Nik orainaldian bizitzeko ahalegina egiten dut; ezin duzu utzi iraganak oraina ito dezan, baina onartu egin behar da iragana. Hori da, akaso, modurik egokiena, gainera, bakean utzi zaitzan. Eta idazteko motore inportante bat da hori bera, eta onartzea da, akaso, iragan horrekin zerbait egitea, idaztea. Nobela bat egitea da hitz egitea, besteekin eta norberarekin. Ezagutza da garrantzitsuena, eta norbere buruaren ezagutza da gauzarik zail eta inportanteenetako bat. Eta isiltasun eta inkomunikazio askoren oinarri.

«Zaila da eguneroko bizitza beste munduko arazorik ez denean ere», esan zenuen aurkezpenean. Literaturan islatzeko «beste munduko» arazo asko dagoela ere pentsa liteke.

Niri gertatzen zait ezin dudala nobela bat edo ipuin bat idatzi 'gai hau asko interesatzen zait' esanda. Orain, esaterako, ETAren bukaera edo krisiaren gezur hauek… Odola irakiten didate edo burua bueltaka jarri gai horiek niri ere, bana ezin dut programatikoki esan, 'nobelara eramango ditut'. Nobela batean sartzen naiz, eta, beharbada, agertuko da gatazka horietakoren bat, zeharka bada ere… Eskatzen badidate artikulu bat edo saiakera bat gai baten inguruan egin nezake, arazoa izango da denbora dudan edo ez, baina sorkuntzan…

Sorkuntzan zer duzu abiapuntu?

Ezta ideiarik ere. Gertatu egiten zaidan zerbait da. Nik beti idatzi izan dut. Txikitan uste nuen jende guztiak idazten zuela. Eta gurasoek ez zutela idazten, denborarik ez zutelako, baina gu handitzen ginenean idatziko zutela. Idazle bakoitzak oso desberdin biziko du idaztearen esperientzia, baina nik badakit daudela gauzak, esaldiak, entzuten ditudanak, elkarrizketak, ikusten ditudanak… Eta pizten zait burua, eta pentsatu 'hau idatzi egin behar nuke'. Alde horretatik, material pila bat daukat, hasiera pila bat, baina gero dator horren lanketa. Hori beste kontu bat da, artisauaren lana.

Gauza tragikorik ez da gertatzen, baina gatazkak badira. Gizon-emakumezkoen harremanen artean, lankideen artean... eta ama-alaben artean. Hori ez da horren ohikoa gure literaturan.

Nik uste ez dagoela harreman idealik, idealizatu egiten ditugula asko. Eta niri ere izugarri kostatzen zait. Ama-alaben arteko harremanen gauza txarrak agertzea, esaterako. Gai horren inguruan saiakera bat egingo banu, nik ere idealizatzera joko nuke seguru asko. Pentsatzen dut gaiak ukitzeko askatasuna edo pribilegioa ematen didala literatura idazteko dudan moduak. Alegia, ukitu egiten dudala gaia, pintzelada batez bezala. Pintatzen nuen garaian gogoratzen naiz ze askatasun eman zidan irakasleak esan zidanean 'ez dituzu leihoko kristaltxo guztiak pintatu behar; egizu pintzelkada bat'. Hark askatasun handia eman zidan. Ez dago harreman idealik, eta ez dago harreman erabat txarrik. Ez dago tragediarik, baina dena da gatazka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.