Orainaldiko istanten ehizan

Orainaldian oinarriturik, olerkiak, kantuak eta gogoetak uztartuko dituzte Jon Basagurenek eta Iñigo Astizek 'Oraindik, orain eta oraingoz' emanaldian. Bilboko Arriaga antzokian egingo dute, bihar

Iñigo Astiz idazlea eta Jon Basaguren musikaria, jolasean. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Oraindik, orain eta oraingoz. «Tituluak oso egonkortasun prekarioa du», dio Iñigo Astiz poeta eta BERRIAko kazetariak. «Oraindik ez da orain; orain da, baina ez da oso luze joango, oraingoz delako». Zehatzago: «Istantaren apologia bat da». Areago, baita orainaldiarekiko «kezka» ere, onartu duenez. «Gehien-gehienon aberri bakarra orainaldia delako, hor bizi garelako eta hor egin behar dugulako borroka iraganarekin eta etorkizunarekin». Orainaldian oinarrituta, poemak, abestiak, eta hausnarketak uztartuko dituzte Astizek eta Jon Basaguren musikariak bihar, Bilboko Arriaga antzokian egingo duten emanaldian; azkenaldiko sorkuntzak erakutsiko dituzte, baita zenbait lan berri ere, ikuskizunerako propio sortuak.

Puzzle bateko piezak balira bezala batuko dira lan hautatuak oholtzan, Basagurenek azaldu duenez: «Nahi genuen musikak eta hitzek bateratasun bat izatea, besterik gabe botatzea baino». Musikariari proposatu zioten egitasmoa Arriagakoek, Bilboko Udalarekin batera antolatutako Literatura eta Musika Euskaraz ziklorako, eta «berehala» bururatu zitzaion Astizekin batera egitea emanaldia, «gertutasuna eta feeling-a» baitute, dioenez. Behin bikotekidea aukeratuta, gidoia ontzea zetorren, eta idazlea aritu da, batik bat, lan horretan. Basagurenen musika aski ezaguna du Astizek, eta bere hitzekin eta haren doinuekin josi du gidoia, sorkuntzen arteko «konfluentziak» bilatuz, orainaldia ardatz, betiere. «Jonen musikan eta letretan asko igartzen nuen oraina, eta hasieratik aipatu nion: 'Izan daiteke ideia bat nola saiatzen zaren zu zeu orainaldiaz kantatzen, orainaldiak eskaintzen digun hiztegiarekin'».

Orainaldia lehengai izanda, ia ezinbesteko dirudi pandemiaz aritzea. Buruan izan zuten hasieratik, gaia jorratuko ote zuten erabakitzeko batez ere, musikariak dioenez: «Argi genuen ez genuela pandemiari buruzko emanaldi bat egin nahi, baina argi genuen ez genuela pandemia saihestu nahi ere, ez zelako gauza naturala izango». Egoeraren aztarna agertuko dute, Astizen arabera. «Ez da ideia horrekin abiatzen, baina orainaldia denez iraganaren hondakin bat, eta etorkizunaren hazia ere badaramanez bere baitan, pandemia osteko sasoiko keinu batekin nahiko genuke bukatu emanaldia, gero datorrenaren zantzuak igarriz orainaldian».

Umoreak ere lotuko du bi sortzaileen jarduna, Astizek nabarmendu duenez. «Asko gustatzen zaizkit bere umore tantak. Izaki Gardenak bere taldearen kantetara ez dira asko iristen, baina kanta artean ezin du saihestu umorera jotzea. Niri oso erakargarria egiten zait hori, eta uste dut zubi bat izan litekeela». Bakoitzak xehetasun propioak helaraziko ditu, baina, betiere, batasuna hautsi gabe, hala hitz egitean, nola errezitatu edo abestean ere, Basagurenek zehaztu duenez: «Biok batera arituko gara momentu batzuetan: musika geruza batzuk egingo ditut Iñigok hitz egiten duen bitartean. Ez gara bi pertsona isolatu gauzak egiten, baizik eta nahastu egiten dira gure musika eta hitzak».

Ezustekoak lagun

Poemen errezitalen eta doinuen artetik, batzuek zein besteek akuilatutako hausnarketak ere izango dituzte ahotan Astizek eta Basagurenek. Sorkuntza prozesuaren inguruan arituko dira, esaterako, eta horretan ere orainaldia izango dute hizpide. Izaki Gardenak taldearen Dena oskol (Erraia, 2018) diskoak emango die horretaz hausnartzeko beta, albumeko Haiek gu lehen abestiko azken estrofak, zehazki: «Kantu bila jo dugu./ Nahi izan dutenean/ haiek gu aurkitu gaituzte».

«Ideia horretatik tiraka joan da sortuz testu guztia», dio Astizek, eta azalpenean sakondu du: «Hau da, joaten garela bila, eta askotan etorri egiten zaigula. Ez da 'ez ezazue lanik egin' esatea, baina batzuetan gertatzen da: lanean zaude, pentsatzen norabide batera jo behar duzula, eta eskuinetik agertzen zaizu ideia bat interesgarriagoa dena». Orainaldiaren ertz sumatu gabeak, sortzaileak atzeman ditzakeenak. «Erreakzionatzen jakitea bada sortzaile izatea: etortzen denari adi egotea».

Halaber, ikuskizunean ere arretatsu egongo dira idazlea eta musikaria, zuzeneko ekitaldiei berezkoa zaien ezusteren bat edo beste gertatuko balitz ere. Erne, baina, era berean, jazo litekeenarekiko gogotsu, Astizen hitzei erreparatuta, bederen. «Idazle batentzat zuzenekoen alderik erakargarrienetako bat da. Musikariek agian joera handiagoa dute zuzenean aritzeko, erreakzionatze horretan aritzeko, baina horrelako enkargu batetik justu hori da idazle bat erakartzen duena: tentsio horretan aritzea».

Horiek horrela, eta aldez aurretik gidoi mardul bat prestatu duten arren, jabetuta daude aurreikusitakoa moldatu behar izateko arriskua dagoela. «Gidoia itxita dago, baina seguru txiste berriren bat okurritzen zaigula, edo moztu beharko dugu...», otu zaio Astizi, eta kasu praktikoak zerrendatzen lagundu dio Basagurenek: «Edo akoplatuko zait anplifikadorea,eta egongo da minutu erdiz infernuko zarata egiten...». Ondorio sendoa atera du idazleak: «Ez bazaude akzidenteak jasateko prest, ez zoaz zuzenekoetara».

Lana kontrastatzeko aukera

Jarraitzen eta miresten duten sortzaile batekin elkarlanean beren lanak helarazteko balioko die ikuskizunak, baina baita obren eta sorkuntza prozesuaren inguruko feedbacka lortzeko ere antzokira bilduko direnen partetik —«Adimen berdintasunean oinarritutako elkarrizketa bat sortu nahi dugu publikoarekin», dio idazleak—. Egitasmoaren alde hori ere baloratu du Basagurenek: «Izaki Gardenak aparkatu genuenetik, azarotik, jotzen ez nituen kanta batzuei hautsa kentzeko balio izan dit, horiei beste norbaiten begietatik begiratzeko eta ahaztuta nituen gauza batzuk berreskuratzeko».

Astizek ere, berdin: «Oso aberasgarria da hainbeste denbora eskatu dizun kontu bat mahai gainean jarri eta norbaitekin horri buruz aritu ahal izatea. Adibidez, nire poemak gustuko izan arren, Jonek dio musikatzeko oso zailak direla. Kontrastatzeko balio du». Hala, Astizek zuzenekoa aprobetxatuko du poema berri bat eta publikoki irakurri gabeko olerki batzuk ahoz goran emateko. «Gustatzen zait poemak formatu honetan paseatzea, ikusten duzulako ea funtzionatzen duten, luze egiten diren... Gero lantegira itzuli eta fintze lanak egiten laguntzen duen begirada bat da: hau nahasiegi dago, edo hemen airea behar du... Horretarako ere balio du zuzeneko emanaldi batek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.