Carmen Artaza. Mezzosopranoa

«Orain nire ibilbideko momenturik gorenean nago»

25 urteko gazte donostiarrak musikari lotutako ibilbide esanguratsua osatu du. Mezzosopranoa da, eta Bartzelonako Tenor Viñas Nazioarteko Kantu Lehiaketako irabazlea izan da aurten.

A. BOFILL.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Biolinista gisa hasi zuen ibilbidea Carmen Artaza mezzosopranoak (Donostia, 1995). Gerora, kantuari aukera bat eman zion, eta aurkeztu zen lehenengo lehiaketa irabazi zuen. Oraingoan, urrats bat gehiago egin du bere ibilbidean: Bartzelonako Tenor Viñas Nazioarteko Kantu Lehiaketako irabazlea izan da. Sari nagusiaz gainera, beste bost sari eskuratu ditu. Tartean, Mozart saria.

Hasteko, nola zaude?

Oso pozik eta eskertuta. Hainbat pertsonari esker lortu ditut sari horiek, eta emozioz gainezka nago.

Munduko 500 ahotsek baino gehiagok hartu dute parte lehiaketan. Zer esan nahi du zuretzat sari horiek irabazteak?

Niretzat ohore bat da. Lehiaketetan abeslariaren zati bat baino ez da erakusten, eta momentu horretan, zure onena eman behar duzu. Hortaz, zorte kontua da, ahalik eta modurik hoberenean erakutsi behar duzulako atzetik egindako lan guztia. Munduko hainbat profesional elkartu ginen, eta ez nuen uste irabazteko aukerarik izango nuenik.

Lehiaketan, sei aria interpretatu zenituen, eta finalerako, Mozarten bi obra aukeratu zenituen. Zergatik?

Finalerako Mozarten Parto, ma tu ben mio eta Va! Laisse couler mes larmes ariak aukeratu nituen. Alde batetik, Mozart saria eskuratzeko, gutxienez, Mozarten bi aria abestu behar nituelako; baina, beste alde batetik, aria horiek nire ahotsaren hainbat alderdi erakusten dituztelako. Gainera, obrak ez dira batere monotonoak: zati batzuk geldoak dira, beste batzuetan erritmoa azkartu egiten da... Aria bakarrean hainbat kolore erakusteko aukera dago.

Nolakoa izan da obra prestatu bitarteko esperientzia?

Egia esan, urte asko daramatzat sei aria horiek prestatzen. Hortaz, lehiaketarako ez dut prestakuntza berezirik jaso, etengabe prestatzen eta hobetzen joan naizelako. Lehiaketara segurtasun osoz joatea da garrantzitsuena; horrela, urduri egon arren, ziur zaude ondo egingo duzula.

Ez da nazioarteko sari bat irabazten duzun lehen aldia. Sari horiek mundu mailan ospea lortzeko aukera bat dira?

Bai, hori da. Lehiaketako epaimahaia nazioartekoa zen: Milango Scalako jendea zegoen, Parisko operakoa... Ohore bat da maila horretako epaileek zu entzutea. Era berean, hemendik aurrera nire ibilbideak abiadura handian gorantz egitea espero dut.

Hasieran, biolina ikasi zenuen kontserbatorioan. Nola iritsi zinen mezzosoprano izatera?

Kointzidentzia bat izan zen. Biolina jotzen nuen bitartean, abesbatza batean ere abesten nuen. Kontua da biolina jotzean oso urduri jartzen nintzela. Orduan, kantu lehiaketa batean parte hartzea erabaki nuen, eta, zorionez, lehiaketa irabazi nuen. Ordura arte, ez nuen inoz modu profesionalean abesteko aukerarik izan, eta, horri esker, Alemaniara etortzeko beka lortu nuen.

Orduz geroztik, zer ibilbide egin duzu kantuan?

Momentu honetan, kantuko ikasketak amaitzen ari naiz. Lehenengo urteak pixka bat astunak dira, teknika eta teoria asko ikasi eta barneratu behar direlako, baina hirugarren urtetik aurrera, kontzertuak ematen hasten gara. Nire debuta Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin egin nuen, eta alde horretatik, zorte handia izan dut. Gerora, Salzburgoko jaialdian[Austria] parte hartu nuen, eta horrekin batera, garrantzi handiko orkestrekin lan egin dut. Gero eta gehiagora joan naiz, eta, Tenor Viñas lehiaketan eskuratutako sariei esker, nire ibilbideko momenturik gorenean nago.

Momentu honetan, zer toki du biolinak zure bizitzan?

Orain ez dut biolina jotzen. Hala ere, egia da musika tresna honi esker asko ikasi dudala, bai musikaren inguruan, baita partiturak irakurtzerakoan ere. Hortaz, orain jotzen ez dudan arren, biolinari esker musika ulertzen dudala sentitzen dut.

Eta kantuak?

Kantua nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenetariko bat da. Ez dut esango kantua dela egiten dudan gauza bakarra, kantuaz gainera, bizitza dudalako. Pasio bat da, oso gustuko dut, eta ohore bat da horretaz bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea.

Kontserbadorea da operaren mundua, ala, pixkanaka, egungo garaietara egokitzen ari da?

Bi gauzak uztartzen direla esango nuke. Alde batetik, kontserbadorea da, tradizio luzeko ibilbidea duelako eta gaur egunera egokitzea zaila delako. Egia da saiakerak egiten ari direla, eta zuzendari batzuk oso ondo egokitzen ari direla. Hala ere, nire ustez, egiten diren egokitzapen batzuek ez dute zentzu handirik, eta, kasu batzuetan, publikoak interesa galtzea ekar lezake.

Pandemiaren ondorioak nabaritu dituzu?

Musikari guztioi asko eragin digu pandemiak. Alemanian, batez ere, joan den martxotik dena bertan behera geratu da, eta ordutik ez dut kontzertu bat bera ere eman. Ekonomikoki ere asko nabaritu dut: hilabetearen amaieran diru sarrera batzuk espero dituzu, baina ez dira inoiz iristen.

Momentu honetan, ikuskizunik duzu esku artean?

Otsailean Berlingo Filarmonikarekin aurreikusita nuen kontzertua bertan behera geratu da. Hala ere, zorionez, Berlinen eta Frankfurten errezital ugari ditut hemendik eta udara arte. Bestalde, ekainean Madrilen egongo naiz.

Euskal Herrian aritzeko aukerarik izango duzu?

Baietz espero dut. Gauzak ondo badoaz, uda aldera bertan egongo naiz. Hala ere, momentuz, ezin daiteke ezer gehiago aurreratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.