Uztail bukaerako arratsalde fresko bat. Turista batzuk ailegatu dira Bertizko jaurerriko aparkalekura. Bidasoa ibaiari so gelditu dira haietako zenbait; lorategirako bidea hartu dute, berriz, bertze batzuek. Giroa lasaia da, eta lasaia da, ailegatu den unetik beretik, Olaia Inziarteren begirada ere (Oronoz, 1999). Iaz kaleratu zuen Lehengo lepotikan burua bakarkako bere lehendabiziko diskoa; lan horretan jasotako kantek lau haizeetara zabaldu dituzte musikari nafarraren hitzak eta ahotsa. «Ez nuen espero izan duen harrera», aitortu du. Azken hilabeteotan gertatu zaion guztia bere egiten ari dela erran du; denbora behar duela. Egurrezko mahai baten bueltan, lasai eta luze mintzatu da bere musikaz, bere orainaz. Irailaren 9an Lizason ariko da, 17:00etan, Orgiko basoan.
Kritikaren eta entzuleen oniritzia lortu du zure lehen diskoak. Kontent?
Sentitzen dut denbora pila bat pasatu dela diskoa atera nuenetik, gauza pila pasatu baitzaizkit urte batean.
Gauza onak?
Ez nuen espero diskoak izan duen harrera izanen zuela. Sekulakoa izan da. Diskoak aukera eman dit, gainera, jende anitz ezagutzeko, musika egiten duen eta nik miresten dudan jende anitz. Hagitz polita izan da jende horrekin lan egiteko aukera izatea, espazioak eta denbora konpartitzeko aukera izatea.
Zergatik harritu zaitu zure lanak izan duen harrerak?
Uste nuen bazirela oihartzun bat izan zezaketen kanta batzuk, estiloagatik, duten pop kutsuagatik. Baina disko osoak izan duen oihartzuna ez nuen espero; ez nuen uste diskoa hain presente egonen zenik, jendea diskoari buruz hainbertze solastatuko zenik.
Bakarkako lehen diskoa duzu iazkoa, baina eskarmentu handiko musikaria zara. Aritu zara bertze musikari anitzekin jotzen, eta Pleura taldeko ahotsa ere izan zara. Orain, bakarrik, biluzi zarela sentitzen duzu?
Bakarkako lana da, baina izan dut talde baten babesa. Egia da, halere, esperientzia ezberdina dela, ardura nirea delako. Diskoa prestatzean, baina, arras libre sentitu nintzen, ez bainuen uste izan duen oihartzuna lortuko zuenik. Gerora, konturatu naiz gauza pila ari nintzela kontatzen; beti izan naiz anitz solastatzekoa, oholtzan ere bai, baina ohartu naiz agian espazio jakin batzuetan eta jende jakin baten aitzinean neure burua neurtu behar dudala pixka bat.
Zergatik? Lotsagatik?
Bai. Ikasten ari naiz neurtzen. Erran dezaket zuzena den zerbait, eta, kontu pertsonal bat izanda ere, pertsona jakin batzuk mugiarazten ahal dituen zerbait, baina pentsatuta erran nahi dut erran nahi dudan hori; jolastu nahi dut probokazioarekin ere, neurri batean, baina jakinda zer erantzun jaso dezakedan. Saiatzen naiz pentsatzen zer erran eta nola.
Jaso dezakezun erantzun horren beldur zara?
Beldurra izan daiteke, bai. Neure buruaren inguruko gauza sobera kontatzeak eragiten didan beldurra. Neure burua zaintzeko modu bat ere bada. Uste dut inportantea dela nolabaiteko burbuila bat eraikitzea, zaintzeko.
Barruko gaiak jorratu dituzu zure kantetan, eta miresmena, haserrea, mina eta halako emozioak islatu. Zurea den hori soziala ere bada?
Ez da modurik artista bere testuinguru ekonomikotik, politikotik, sozialetik eta kulturaletik bereizteko. Dena da bizi dugun garaiaren eta testuinguruaren ondorio. Nabaritzen ahal da gutiago edo gehiago, baina beti dago hor. Nik mugitzen nauten gauzen inguruan idazten dut, baina pertsonala dena politikoa da, aldi berean.
Aipatu izan duzu gurasoek behartuta hasi zinela musikan, haurra zinenean. Noiz bilakatu zen plazer?
Egia da txikitan behartuta hasi nintzela; baina, orain ere, nik neure burua behartzen dut, eta menpekotasun bat sortu dut zerbaitekin. Behar bat da orain. Behar batek eramaten nau orain musika jotzera. Bitxia da dinamikak nola aldatzen diren. Izan ere, oroitzen dut amatxik gitarra bat erosteko txartel bat oparitu zidala 13 urte bete nituenean, eta, une hartan, izutu egin nintzen. Ezetz erran nion. Baina erosi nuen, azkenean. Eta orain iruditzen zait heldu zenaren nolabaiteko bihozkada izan zela.
Erosi izan ez bazenu, zer?
Auskalo…
Damutu zara erosi izanaz?
Uste dut horrela behar zuela izan.
Gitarra uztea ez da aukera bat?
Uste dut ezetz. Ez dakit bizitzen musika egin gabe. Posible da bertze zerbait egitetik bizitzea, baina ez dakit bizitzen musikarik gabe. Sare bat sortu dut, harreman pila, eta behar dut nire egunerokoan. Ez da nire lanbidea ehuneko ehun, baina lanbide bat baino gehiago da. Egia erran, inoiz ez nuen pentsatu musika nire lanbidea izan zitekeenik.
Orain bai?
Ez dakit. Uste dut ez dela egonkortasuna eman diezadakeen lan bat, baina, aldi berean, hain da erakargarria ideia hori, sortzen eta abesten eta bertzeekin jotzen egoteko ideia hori…
Bertzeak aipatu dituzu. Kolektiboak zer indar du zuretzat?
Musika ia beti da kolektiboa; bakarrik ezin dugu kasik deus egin. Musikaren bidez sortzen dira harremanak ere, eta behar dituzu harreman horiek musikaren mundu horretan segitzeko. Ni, sare hori gabe, ez nintzateke egonen nagoen tokian, nagoen bezala. Beti sentitu naiz arras babestua eta zaindua. Bertze musikariek anitz lagundu didate.
Prozesu horretan, nola nabarmentzen da zurea, lan kolektibo horren barruan?
Egiten ditudan kantak arras nireak dira. Nirekin lan egiten duten bertze pertsonetatik inor ez da esparru horretan sartuko hau edo bertze egin beharko nukeela erratera. Produzitzen hasten garenean, orduan bai, nork bere ideiak proposatzen ditu, eta denon artean jorratzen dugu kanta bati zer giro eman. Baina egia da prozesu hori nik gidatzen dudala.
Garbi duzulako zer nahi duzun?
Garbi dudalako, batez ere, zer nahi ez dudan. Esparru horretan nahiko zuzena eta zorrotza naiz. Izan daiteke soinurik landuena, edo akorderik ederrena, baina, hor ez badut ikusten, ez da kantan sartuko. Bertzeekin sortzeko prozesua erraza da; borobil bat osatu, eta elkarrekin jotzen hasten gara. Zailena da soinu berezi horiek bilatzea, soinu horiek non sartu asmatzea.
Amatxik oparitutako gitarra aipatu duzu. Eta azaldu izan duzu zure lehen disko honek anitz zor diola aspaldiko Olaiari, haurra zeneko Olaia hari. Zergatik?
Prozesu intentso bat egin nuelako haurra zeneko Olaiarekin bat egiteko. Iruditzen zait haurrek badutela ukitu gabeko mundu emozional bat. Ariketa hori egiten saiatu naiz, txikitako Olaiarekin bat egiten, haur hori libreagoa zelako, libreagoa negar egiteko eta sentitzen zuena adierazteko. Ariketa horrek askatu ninduen.
Zaurgarritasuna erdigunean jartzeko modu bat da?
Olaia txikiaren irriekin eta malkoekin egin nahi izan dut bat. Ematen du heldu bilakatzen garenean bazter utzi behar dugula zaurgarritasuna, baina nik aldarrikatu egin nahi dut. Bertzela, dena arras sistematiko bilakatzen da, eta nik uste dut salbatzeko aukera hor dagoela, baimena eman behar diogula geure buruari sentitzen duguna azaleratzeko.
Zaila da?
Oraindik ere saritzen da negar egiten ez duena, eta aitzinera segitzen duena, inguruan dituen miseria guztiei so egin gabe. Dena egiten da produktibitatearen izenean.
Musikaren munduan ere bai?
Hori egiten duten artistak saritzen dituzte. Horiek jartzen dituzte ikus-entzule gehien dituzten irrati eta telebistetan. Lan kate horretan hain erraz sartzen ez denari errazago erraten zaio, adibidez, «aspaldi» ez duela deus egin, eta, agian, urtebete lehenago atera zuen disko bat. Ohitu gara azkar kontsumitzera; ez dugu disfrutatzen. Horrela funtzionatzen du musikaren munduak, eta, musika lanbide izan nahi baduzu, hori jakin behar duzu; sistema horretan sar zaitezke, edo bide hori, ahal den neurrian, hackeatu.
Zu non zaude?
Nik agenda ixtea erabaki dut. Duela hilabete eta erdi inguru, erabaki nuen hitzartutako kontzertuak egitea, eta gehiago ez lotzea. Gaizki nintzelako. Ez dut kate horretan sartu nahi. Ez naiz gai. Ez naiz gai urtero Durangoko Azokan lan berri batekin agertzeko. Aurten ez naiz joanen. Ez dut deus egin nahi presaka.
Presioa sumatu duzu?
Gertatu zaidan guztia lehertu zait, azkenean. Gauza anitz gertatu dira, aldaketa anitz, eta hori guztia neure egitea ez da erraza izan. Nire zakurra hil zenean, lehertu nintzen. Ez nuen deus egiteko ilusiorik, eta ohatzetik altxatzea kostatzen zitzaidan. Konturatu nintzen zerbait pasatzen ari zela, beti erabili ditudan tresnek ez baitzuten funtzionatzen. Gelditzea erabaki dut. Ez da erraza ezetz erratea, baina behar nuen, eta erabaki horrek lasaitasun handia eman dit. Urrira arte baditut kontzertuak, eta gero bira itxiera eginen dugu.
Eta gero?
Orain, barrenera begira egon nahi dut. Baditut ideiak buruan, abiatu ditut bide batzuk, baina ez dut presarik gauzak egiteko. Egiten dudana ongi zaindu nahi dut. Eta barrenera begira egon nahi dut.
Motzean
‘Behe klasekoa’ kantan hau diozu: «Ez dut inoiz ukatuko zer den honaino ekarri nauena». Zerk ekarri zaitu honaino? Idatzi nuenean, ordura arte bizi izandako guztiak. Orain bertze toki batetik abesten dut.
Oronozen edo handik kanpo? Oronozen daude nire txoko maiteak, baina sentitzen dut gustura egon naitekeela hiri bat ez den bertze edonon ere.
Musikari bat? Billie Eilish.
Jotzeko toki bat? Non jo baino inportanteagoa da norekin jo: lagun artean bada, edozein toki da ona.
Sanferminetan, zezenketen kontrako jarrera hartu zenuen oholtzan. Ez dut animaliarik jaten. Zezenketen aurkako jarrera hartzea arras naturala izan da. Hain da agerikoa..