Aitor Sarriegi. Bertsolaria

«Orain, badirudi bakarkakoetan xelebrekeriaren bat bota behar dudala»

Ez zen propio txiste bila joan, baina Irunen eta Iruñean publikoarengana iritsi zen Aitor Sarriegi kartzelako ariketan, umorez. BECen zer tonu erabili han erabakiko duela dio.

Miren Garate.
Beasain
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Txapelketa hasi aurretik iragarri zuen Sarriegik hau izango zuela azkenengoa, eta hala berresten du oraindik ere. Hirugarren finala du, eta hasieratik amaierara saio on bat egin nahiko luke, uste baitu halakorik ez duela egin inoiz txapelketan. Gaur egun, ahalegin berezia egiten du errima egokien bila, bere buruari jarritako erronketako bat baita oin generikoak sartu ordez gaiarekin bat datozenak ekartzea; beste bat, berriz, bertsoak gehiago kargatzea.

Gainerako finalista batzuek baino plaza gutxiago egiten dituzu zuk urtean. Hala ere, oholtzara igotakoan, aurrean jendetza izanda ere, eusten diozu egoerari, eta egundoko segurtasuna transmititzen duzu.

Ariketa arruntetan, normalean, nahiko seguru jarduten naiz, baina ez beti. Iruñean, adibidez, ez zuen emango, baina asko sufritu nuen bakarkakoan; bertsoa ezin ekarrita ibili nintzen. Heldulekua aukeratzen denbora asko pasatu nuen, eta bertsoaren edukia batere landu gabe hasi nintzen, alanbre baten gainean. Jendearena, bueno, ez dit asko eragiten jendeak, urduritasun handiagoa sortzen dit saioaren ondorenak: kanpoan geratzeak, ez sailkatu eta jendeari azalpenak eman beharrak, saioan egin dudanak nire bizitza aldatzeko aukerak... Jendea gauza ona da.

Alde horretatik, akaso, berezia ari da izaten aurtengo txapelketa, sare sozialek hartu duten indarragatik. Haietan sortutako eztabaidek eragiten dizuete?

Bai, eragiten du. Orain dela urte batzuk, agian, zerbaiti heltzeko edo ez heltzeko motibo bakarra zen ea benetan norbait mintzen zenuen edo helduleku hori egokia zen; orain, horri eransten zaio jaso ditzakezun kritikak. Eta segundo batzuetan hartzen diren erabakiak dira, baina batzuetan erabaki horiek tratatzen dira gogoeta izugarri baten ondorio balira bezala, eta, esan bezala, segundo batzuetako erabakiak dira. Iruñean, adibidez, zortziko txikian, Alaia eta biok hozkailu baten barruan geunden irten ezinda, eta hotzak. Ez zitzaidan ezer etortzen, eta errazena horrelako proposamenen bat egitea zen, baina nahita ez nion heldu horri, noski neu ez nintzelako gustura geratuko, eta, horrez gain, horrek sor zitzakeen iritzi eta kritikengatik ere bai.

Zure bertsokeraz esaten da zorrotza eta zuzena dela. Zeuri nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Gustatuko litzaidake egiten dudan baino finago egitea; garai batean igual garrantzi gehiegi ematen nion horri, esfortzu gehiegi jartzen nuen horretan: zuzena izaten, errima ahalik eta itxienak erabiltzen, hizkuntza aldetik egokia izaten... Bertsopaper asko idatzitakoa naiz, eta pixka bat hortik egiten nuen bertsotan. Azkenengo urteetan, konturatu naiz igual beste gauza batzuetan jartzen dudala begia, eta horrek ekarri duela nire bertsokera narrasagoa izatea, testua bera pobreagoa izatea. Gustatuko litzaidake biak konbinatzea.

Orain, zeri begiratzen diozu gehiago?

Adibidez, errima taldeei. Nik errimei inportantzia ematen diet. Saiatzen naiz errima egokia sartzen, ez dadin izan errima generiko bat gai ezberdinetan errepikatzen dena. Tokatzen den hitz hori, beste gai batean planteatu ere egingo ez zenukeen hitz hori errazago sartzea nahiko nuke, eta bertsoa gehixeago kargatzea ere bai, erdiko puntu horiek hobeto betetzea. Iruñean bertso huts samarrak bota nituela uste dut.

Txapelketa prestatzen hasitakoan, esan al diozu zeure buruari: «Aurten, honetan jarriko dut indarra»?

Ez nuke esango txapelketako helburua izan denik, baina azken urteetan ari naiz saiatzen lurretik kantatzen, orokorkeriak bota ordez uki daitezkeen bertsoak-edo egiten, baina plazara ere intentzio horrekin joaten naiz.

Nolako entrenamendua eskatzen du horrek?

Paperaren aurrean jartzea baino gehiago, iruditzen zait gauzak gertatzen ari diren heinean alertan egotea eskatzen duela, begia adi izatea. Demagun: marmolezko mahai batean gaude orain, eta hotza dago, bada, marmola eta hotza erlazionatuak izatea, hotza ez izatea errima kasual bat marmolezko mahai bati buruz ari zarenean. Horrelako gauzei erreparatzea. Egia da entrenamendu espezifikoetan hasi aurretik ere, txapelketa baino hilabete batzuk lehenagotik, antena piztuta egoten garela.

Irunen eta Iruñean oso ondo atera zaizkizu bakarkakoak, biak umorez.

Kasualitatez tokatu zait bi bakarkako nahiko helduleku xelebreetatik hartzea, eta, orain, badirudi bakarkakoetan xelebrekeriaren bat bota behar dudala ezinbestean, eta hori ere ez da horrela.Iruñean ere aukera asko izan nituen buruan, eta xelebrea hori bakarrik zen; besteak serioak ziren. Ez nintzen txiste bila joan. Hasieran, gainera, beste era batera nuen pentsatua, eta kantatzen hasi eta gero ikusi nuen pertsonaia: denok ezagutzen dugu norbait baja zalantzagarriren batekin parrandan ibili dena, eta iruditu zitzaidan jendeak berehala identifikatuko zuela pertsonaia, baina gero pentsatutako zerbait izan zen. BECen, bada, biderik onena edo originalena iruditzen zaidana hartuko dut. Umorez edo ez? Ikusiko dut.

Hasieratik esan zenuen hau izango zela zure azken txapelketa. Zerekin aspertu zara?

Urte batzuk betetzen dituzunean, ez da erraza lehiarako grina edo gogoa edukitzea; neke moduko bat sentitzen da. Sei txapelketa nagusitik gora egiten dituztenak ez dira asko, eta zerbaitengatik izango da. Bizpahiru hilabetean, inguruko jendeak zure erretxin guztia aguantatu behar izaten du, zeu bakean ez zaudenean nonbaitetik atera egiten delako. 22 urte dira txapelketetan kantatzen. Eman asko ematen du, baina kendu ere bai. Desilusioak ere geratu egiten dira; nik badakit txapelketa bakoitza zein postutan amaitu nuen, zer sentsaziorekin... Lankide batek esaten zidan finalerdietan: «Pasatzen bahaiz, ondo, eta ez bahaiz pasatzen, bueno, horraino iritsi haiz behintzat». Eta ez, kolokatuta nengoen bezala, nik ezin nion neure buruari baimendu ez sartzea; betiko geratuko zitzaidan nahigabea. Horregatik hartu nuen egundoko lasaitua sartu nintzenean. Ez nago prest hemendik bi edo lau urtera berriz hori pasatzeko.

Txapelketak alde batera utzita, aurrerantzean zer?

Orain arte bezala, deitutakoan kantatzen jarraituko dut. Prestakuntza ere ez dut bereziki txapelketari begira egiten; orduan, aurrerantzean ere antzera jarraituko dut.

Nolakoa aurreikusten duzu finala?

Borrokatua izango da, paper gainean dirudien baino borrokatuagoa. Ni neu, saiatuko naiz ahalik eta gehien estutzen, eta ikusiko dugu zer ateratzen den. Txapelketa hasi aurretik ere esan nuen ez dudala inoiz lortu hasi eta bukatu saio ona egitea txapelketan, eta ea hori lortzen dudan finalean. Iruñean irabazita, norbaitek esan dezake zer gehiago nahi dudan, baina Iruñekoa ere ez zen izan nik hasieratik amaierara ona esaten diodana. Zortziko txikian, adibidez, erori egin nintzen, eta bakarka ere ez nintzen gustura geratu bertsoa egiteko moduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.