Urte berezia da aurtengoa Sasibil lirika elkartearentzat, hogei urte betetzen baititu. Antologia bat taularatuko du ospakizun gisa, eta behin ekitaldi hori pasatutakoan, elkarteak beste etapa bati ekingo diola iragarri du Josean Garcia lehendakariak. Jende berria sartuko da zuzendaritza batzordean, gazteak, eta talde teknikoa eta artistikoa indartuko dute, «plus bat emateko» elkarteari. Kontatu du zarzueletan lan egiteko modua aldatu egin dela azken urteotan. «Orain lan handia egiten da argiekin eta beste ekipamendu batzuekin, eta ni ez nago hain abangoardian. Ideiak eta formatuak aldatu behar dira, eta jakin behar da apartatzen eta jende berriari aukerak ematen». Pixkanaka gauzatuko da erreleboa, eta Garcia bera ere zuzendaritza berriarekin lankidetzan ariko da, hasiera batean behintzat.
Aldaketa horren aurretik, ordea, ospakizunetarako tartea hartuko dute. Maiatzaren 11n, 19:00etan, Antologia de la zarzuela ikuskizuna emango dute, Donostiako Viktoria Eugenian. «Izenburudun zarzuela bat egin beharrean, nahiago izan dugu antologia bat egitea eta urte hauetan gurekin parte hartu duen jendea gonbidatzea». Sasibilen errepertorioan askotan egon diren obrak aukeratu dituzte emankizuna osatzeko, jendeak ezagutzen dituenak; esate baterako, Pablo Sorozabalen lanak eta Jesus Guridiren El caserio.
22 pieza izango dira guztira, bi zatitan banatuta. «Dena oso lotuta joango da, segundo bakar baten galerarik ere ez dago». 80 pertsona baino gehiago ariko dira oholtza gainean: 34 bai koruan, bai orkestran; hamar abeslari; zortzi lagun balletean eta hiruzpalau aktore. «Uste dugu Sasibileko zaleek merezi dutela halako zerbait».
Zarzuela hori aurkezteko egindako agerraldia baliatuz, hogei urte hauen errepaso txiki bat ere egin du Garciak. «Lirika munduan aurrera egitea oso zaila da, eta guretzat harro egoteko modukoa da 20 urte betetzea». 1999ko ekainean egin zuen lehen emanaldia Sasibilek, Viktoria Eugenian, eta antzoki horretan zarzuela bultzatzeko helburua izan du hasieratik. 400 ekoizpen baino gehiago eskaini ditu urteotan, tartean, Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenetan eta Euskal Herritik kanpoko batzuetan ere bai. Urte batzuetan, 24 emanaldi ere egin dituzte, eta beste urte batzuk, berriz, pattalagoak izan dira. «Sasibilen garrantzitsuena koruko abeslariak dira. Jende garrantzitsua ere izango dugu, bertakoa nahiz kanpokoa, espektakulua hobetzeko, baina hogei urte bete ahal izateko sokari tira egin diona korua izan da».
Halaber, lirikaren alde lan egin duten asko omendu ditu Sasibilek urteotan. Aurten bertan, Pepita Enbili eskainitako emanaldia egin du, haren jaiotzaren mendeurrena zela eta. Pablo Sorozabalen Sor Navarra estreinatu zuten, eta Donostiako Orfeoiarekin batera eta Pepita Enbil beraren seme Placido Domingoren zuzendaritzapean, Giuseppe Verdiren Requiem interpretatu zuten.
Publiko berria helburu
Maiatzaren 11ko emanaldia aurkeztean, Garciak ondoan izan ditu aurrerantzean Sasibilen gidaritza izango duen belaunaldiko kideetako batzuk. Eta urteotan egindako lana eskertu diote lehendakariari. «Gazteoi asko lagundu digu, izugarrizko lana egin du; gazteoi beti eman digu aukera, horrek arrisku puntu bat izan arren», esan du Arkaitz Mendoza Sasibil orkestrako zuzendariak. Igor Peral tenorrak, berriz, babes ekonomiko oso gutxi izan arren, genero lirikoak Donostian eta Gipuzkoan duen presentzia nabarmendu du. «Teatro Nacional de la Zarzuelatik kanpo ia ez dago laguntzarik, eta Sasibilen adibideak erakusten du ahalegin handiarekin posible dela kalitatezko ikuskizunak egitea, eta, gainera, horiek bideragarriak izatea». Etorkizuneko helburuetako bat publiko berria lortzea eta horien leialtasuna mantentzea izango dela aipatu du.
Orain arteko zarzuelen antologiarekin ospatuko ditu hogei urteak Sasibilek
Maiatzaren 11n izango da emankizuna. Zuzendaritza berrituko du elkarteak datozen hilabeteetan, belaunaldi berriei erreleboa emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu