Angel Illarramendi eta Jose Miguel Perez Sierra. Musika konpositorea eta orkestra zuzendaria

«Orain artean erabat gutxietsia izan naiz, inoiz ez diodalako uko egin melodiari»

Oraintsu plazaratu dituzte musika konpositorearen 4. eta 9. sinfoniaren grabaketak; Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren parte hartzea eta bi sortzaileon elkarlana funtsezkoa izan da.

JON URBE / AARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Angel Illarramendi musika konpositoreak (Zarautz, Gipuzkoa, 1958) onartzen du «lasaitua» hartu zuela; lasaitua bere bederatzigarren sinfonia Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta zuzenean grabatzeko ardura Jose Miguel Perez Sierra zuzendariak (Madrid, 1981) izango zuela jakitean. «Obra erritmikoa da, lanketa erritmiko konplexua duena. Iruditzen zitzaidan behar zuela orkestrari ondo helduko zion zuzendari bat. Jose Miguel izugarrizko ibilbidea osatzen ari da, baina, era berean, gaztea da oraindik, eta banekien indarra emango ziola». Orain arte bederatzi sinfonia sortu ditu Illarramendik. Urte «askoan» kostatu egin zaio obra horiek estreinatzea eta grabatzea, «aurreiritzi asko egon delako musikaren munduan». Orain, ordea, bederatzigarrena soilik ez, laugarrena ere grabatu diote; hura eta Ingenua batera plazaratu ditu Sony Classical España diskoetxeak, nazioarteko hedapena emanez. 2014ko udaberrian elkar ezagutu zuten Illarramendik eta Perez Sierrak. Orduan hasi zuten 9. sinfoniaren lanketa, eta iazko udaberrian grabatu zuten Kursaalean emaniko kontzertuan. «Ni beti nago irekia egungo musika grabatzeko, eta, gainera, modu berezian gustuko dut euskal sortzaileen musika. Oso gutxi izango dira hainbesteko eta halako kalitateko konpositore garaikideak biltzen dituzten herrialdeak», dio Madrilgo orkestra zuzendariak.

Esan izan duzu, Jose Miguel, euskal konpositoreek konplexurik gabe sortzen dituztela euren obrak. Zer esan nahi duzu?

JOSE MIGUEL PEREZ SIERRA: Oso musika egiatia egiten dutela iruditzen zait; batez ere, Angelek. Partitura bidali zidan, eta segituan ulertu nuen asko gustatuko zitzaidala. Bazituen bere zailtasunak. Aztertu eta landu behar izan nuen, baina asko gustatu zitzaidan. Oso musika egiatia egiten du, eta garaiotan balio handia dauka horrek, bizirik diren konpositoreen artean oso ohikoa baita «zer esango dute nitaz edo nire obraz» pentsatze hori. «Kritikoek onartuko naute? Nahikoa intelektual izango naiz? Nahikoa atonal izango naiz?». Angelengan ez dago konplexu hori.

Zertan igartzen duzu?

J.M.P.S: Egiten duen musika egitearen plazer hutsagatik egiten du, baina baita entzutearen plazeragatik ere. Angelen musikak kalitate eta handitasun orkestrala du, musikariek ere disfruta dezaten, eta, era berean, oso musika erakargarri eta interesgarria da publikoarentzat ere. Ez dut inoiz ezagutu halako arrakastarik publikoarekin zuzenean. Jendea liluratu zuen bai Bilboko Euskaldunan, bai Iruñeko Baluarten, bai Gasteizko Principalen eta bai Donostiako Kursaalean. Hiruzpalau aldiz atera behar izaten genuen jendea agurtzera behin obra bukatuta. Partitura jendeari erakutsi, eta sekulako zaparrada jasotzen nuen.

ANGEL ILLARRAMENDI: Hirugarren elementu hori erabat inportantea da: publikoa. Kursaala beteta zegoen, eta grabaketa egun horretakoa da. Jende horrek guztiak transmititzen duen energia orkestrak nabaritu egiten du, eta ondorioz baita grabazioak ere.

J.M.P.S: Ni oso gustura nago, inperfekzio teknikoak apenas igarri baititzaket grabaketa horretan. Exekuzio oso ona izan zuen obrak, eta, gainera, publikoak ematen duen energia eta phatos-a nabari da.

Obra konposatu eta buruan zenuen soinu horretatik bukaerako emaitzara aldaketa handia izan da, Angel?

A.I.: Zorionez, asko ez da aldatzen, bestela pentsa zein ezusteko har dezakezun. Zineman lan dezente egin dut, eta horrek laguntza handia eman izan dit. Pentsa, sinfoniak bata bestearen atzetik sortu eta ez badira estreinatzen edo grabatzen, ezin zara jabetu hanka non sartu duzun, eta hanka sar dezakezu hurrengo obretan ere. Zinema babesleku handia izan da: lanak konposatu, grabatu eta entzun egiten dituzu, eta konturatzen zara zein soinu duen konposatzen duzun horrek. Gainera, nik nota bakoitza kantatzen dut, eta horrek ere laguntzen du.

Gustatzen zaizu orkestra zuzendariak obrari bere kolorea eman diezaion?

A.I.: Bai, jakina baietz.

J.M.P.S: Niretzat oso aberasgarria izan zen konpositorearekin berarekin lan egin ahal izatea. Nik neure ikuspegia azaltzen nion, eta elkar ulertzera iritsi behar izaten genuen; bataren ideiez besteak bere ekarpenak egin zitzakeen. Horrela sortu zen Euskaldunan emandako kontzertuko pianissimo famatu hura...

A.I.: Pentsa zer diren gauzak, lehen entseguan obraren pasarte batean berak forte bat egin zuen, crescendo bat. Eta esan nion: ez, ez, ez... pianissimo estatiko bat nahi dut.

J.M.P.S: Eta Bilbon emaniko kontzertuan pentsatu nuen zerbait erabat estatiko eta etereoa egitea. Kontzertuan bertan bururatu zitzaidan.

A.I.: Eta izugarri gustatu zitzaidan. Ia erabat geratu zen bera, eta baita orkestra ere, eta publikoa erabat zur eta lur, isiltasun betean. Eztulik ere ez. Ezkontza hori gertatzen denean, izugarria da. Musika da hori. Gero biak jendea agurtzera atera ginen, eta belarrondora esan nion: «Hi haiz kabroia, hi!». Musikariak, eta zuzendaria bera ere bai hortaz, asko maite ditut nik. Jendeak entzuten du pasarte bat, eta esan dezake: «Ze ona den Illarramendi!». Eta, ez; onak musikari horiek dira, musika horri bide ematen diotenak. Musikaria da lehen entzulea. Ez dago gauza okerragorik musikariak aspertu aurpegiarekin ikustea baino. Konpositoreak ez die bidea zaildu behar musikariei. Iritsi nahi duzu jomuga batera, ederki; bada, bilatu musikariarentzako biderik egokia, ez zailena.

Bederatzigarrenak ez dauka beste izenbururik. Laugarrenak bazuen: Ingenua. Zergatik?

A.I.: Jatorrizko adieran ingenua-k esan nahi du libre eta ausarta, nahiz eta gero beste esanahi bat hartu duen. Izena sortu egin behar da, berez. Sinfonia da agian dagoen formarik libreena musikan. Norberaren eguneroko moduko bat da. Musikak musika sortzen du. Musika solte utzi behar da, eta egin dezala bere bidea airean. Hori bakarrik eskatzen dut nik. Horren atzean lan oso zehatz bat dago, eta teknikaren menperatzea. 1993an sortu nuen obra hori. Garai horretan musika oso intelektualizatua zegoen. Eta ni artea intelektualizatzearen aurka egon naiz.

J.M.P.S: Nik esango nuke pseudointelektualizazioan giltzapetua egon dela musika.

A.I.: Musika matematika da, baina matematika ez da musika. Matematika leku guztietan dago. Eta musika estruktura batean ere bai, jakina; zenbat eta teknika hobea izan, hobeto egingo duzu matematika hori, baina hobeto egingo duzu, ahaztu egingo zarelako hartaz eta teknikaz.

Ordudanik bi hamarkada pasatxo igaro dira. Oraindik ere gainintelektualizazio horrek bizi du musika?

J.M.P.S: Nik uste dut orain joera irekiagoak daudela. Kortse hori erori da, eta, egun, hasi dira onartzen beste musika mota bat ere; hasi dira errespetatzen publikoari gustatzen zaiona. Urte batzuk izan ziren norbaitek zerbait entzungarria konposatzen zuenean kritikatu ez ezik, egurtu ere egiten zela, nahiz eta publikoak adierazi gustukoa zuela. Musika matematikoa bada soilik, disfruta zenezake musika horretaz zientzia hori ezagutzen baduzu, hots, musikaria bazara. Akaso, egon litezke garun bereziki abstraktu batzuk, baina batez ere musikariek ulertzen duten musika bat da. Musika garaikide mota batek publikoa aldendu egin du musika berritik. 1960ko hamarraldira arte, Stravinskik bere obrak estreinatzen zituen. Bat-batean, salbuespen gutxi batzuekin, Pierre Boulez esaterako, gainerako obra garaikide gehienak kaxoi batean gordeta geratu dira. Horregatik, niretzat plazer handia da Angelen obra hauekin izandako esperientzia. Publikoari aurkeztu dizkiogu; publikoari izugarri gustatu zaizkio.

1993an konposatu zenuen laugarren sinfonia, Angel. Kostatu zaizu grabatu ahal izatea. Bederatzigarrenarekin dena errazagoa izan da.

A.I.: Bai, orain gauzak estreinatzen dizkidate. Orain artean erabat gutxietsia izan naiz. Zinemarako egindako musikari esker bizi ahal izan dut, eta ondo bizi, baina obra bat bestearen atzetik idazten nuen, eta oso zaila zen estreinatzea, inoiz ez baitiot uko egin melodiari. Zer abangoardia klase zen hura, kontserbatorio eta kritikak bedeinkatua, zeinak esaten zuen zer egin behar zen onartuak izateko! Fronte diktatorial bat izan da.Gainera esanez «gu gara abangoardia eta aurreratuak», publikoa erabat arbuiatuz. Musikan, eta artearen historian ere berdin, aurrerapauso bat izan den obra oro, abangoardia izan dena, azkar samar jasoa eta onartua izan da. Hilabete batzuk, urte bat? Baina segituan...

J.M.P.S: Stravinskiren Le Sacre du printemps musikaren eskandalu handienetako bat izan zen, eta bi hilabetean izan zen onartua. Edonola ere, nik errespetua diot musika garaikide abangoardista horri ere, eta zuzentzen dut hori. Musikaren etxeek askatasun etxeak izan behar dute, antzokiek, kontserbatorioek eta abar. Askatasun horrek uzten du musikak aurrera egin dezan, transgresioak egon daitezen; baina iritsi zen une bat, zeinetan bakarrik transgresio hori egin zitekeen. Eta, ondorioz, transgresioa bihurtu zen kontrakoa: melodia, tonalitatea. Eta kuriosoa da ez zizuetela uzten egiten, Angel! Kultura hitz larrietan bada, burmuin irekiera erabatekoa eskatzen du, baina baterako zein besterako. Gaur egun, abangoardia izan liteke fuga barroko bat. Libertatea behar dena.

Zer da aldatu dena, orain zugana etor daitezen, Angel?

A.I.: Aurrejuzgu gutxiagoko denborak ditugu arte sorkuntzan. Musika garaikidea kontzeptua edo izendura bera termino pretentziosoa da. Arte garaikidea da aldian-aldian egiten dena, eta niri izugarri gustatu zait Bob Dylan, Eric Clapton, The Beatles, Benito Lertxundi edo Mikel Laboa, eta hori ere garaikidea da. Eta gaur egun abangoardia non dagoen? Bada, jakin ezazu! Baina libertartea da gakoa, eta musikari aske uztea bere bidea egiten, hegan egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.