Oscar sariak

'Oppenheimer'-en gaua izan da

Christopher Nolanen filmak zazpi Oscar eskuratu ditu; besteak beste, filmik, zuzendarik eta gizonezko interpreterik onenenak. Yorgos Lanthimosen 'Poor Things'-ek lau sari irabazi ditu; horien artean, emakume aktorerik onenari dagokiona jaso du Emma Stonek

Oscar sariak
Al Pacino aktorea eta 'Oppenheimer' filmeko ekoizleak: Christopher Nola, Emma Thomas eta Charles Roven / ALLISON DINNER / EFE
mikel lizarralde
2024ko martxoaren 11
06:45
Entzun

Ez da sorpresa handirik izan. Christopher Nolanek zuzendutako Oppenheimer filma iritsi zen faborito nagusi gisa Oscarren urteroko ekitaldira, eta, Los Angelesen (AEB) eginiko ekitaldian, espero zena konfirmatu besterik ez du egin bonba atomikoaren sortzailearen inguruko pelikulak. Hamahiru ataletan zuen sari preziatua eskuratzeko aukera, eta, azkenean, zazpitan nagusitu da, horien artean garrantzitsuenetan. Hain zuzen ere, filmik onenaren saria jaso du Oppenheimer-ek, eta zuzendaririk onenarena, berriz, Nolanek.

Gizonezko interpreterik onenak ere Oppenheimer-ekoak izan dira Hollywoodeko akademiaren arabera. Chaplin-ekin (1992) bere lehenengo izendapena jaso eta 32 urtera, Robert Downey Jr.-ek taldeko gizonezko aktorerik onenaren Oscarra irabazi du Lewis Strauss AEBetako Energia Atomikoaren Batzordeko kidearen rolean egindako lanagatik. Cillian Murphyk, berriz, aktorerik onenaren saria jaso du Robert Oppenheimerren rolean egindako interpretazioagatik, eta saria jasotzeko orduan munduan gertatzen ari denaz gogoratu nahi izan du. «Oppenheimerrek sortutako munduan ari gara bizitzen. Leku guztietan bakearen bila ari direnei eskaini nahi diet hau». Hain zuzen ere, Gazako bonbardaketen kontra protesta egin dute Dolby antzokiaren kanpoaldean bildu diren mila lagun inguruk. Manifestariek Palestinako banderak zeramatzaten, eta trafikoa oztopatu dute ekitaldia hasi baino lehen. Izan da zeremoniara berandu iritsi den hautagairen bat edo beste.

Elkartasuna Gazarekin

Dolby antzokiaren barruan ere izan da presente Gaza, hain modu agerikoan ez bada ere. Jimmy Kievel aurkezleak ez du aipatu gaia —Hollywooden izan diren aktore eta gidoilari grebak izan ditu hizpide—; bai, ordea, Jonathan Glazer The Zone of Interest filmaren zuzendariak. «Gure filmak erakusten du deshumanizazioak okerrenera eramaten gaiituela. Gure iragana eta gure oraina mamitu ditu», adierazi du zinemagile ingelesak nazioarteko filmik onenaren saria jasotzean —soinu onenarena ere eskuratu du—, eta gaineratu: «Nola jasaten dugu deshumanizazio hau? Bai urriaren 7ko Isrealgo biktimena, bai Gazan egiten ari diren erasoen biktimena».

Ez da Glazer izan Gazari begiratu dion bakarra. Poor Things filmeko lantaldeak pin gorriak zeramatzan soinean, bonbardaketak eten ditzatela eskatzeko. «Umeak hiltzeari utzi diezaiotela eskatzeko mezu unibertsala da», adierazi du Ramy Youssef aktoreak. Lanthimosen filma izan da gaueko bigarren garailea. Lau sari eskuratu ditu; horien artean, Emma Stonek emakumezko aktorerik onenarena.

Oscar sariak
Emma Stonek jaso du emakumezko aktorerik onenaren saria. CAROLINE BREHMAN / EFE

Taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria, berriz, Da'Vine Joy Randolphek jaso du, The Holdovers filmean egindako lanagatik.

Pablo Berger bilbotarra, bestalde, saririk gabe gelditu da. Animaziozko filmik onenaren atalean zegoen izendatuta haren filma (Robot Dreams), baina Hayao Miyazaki zinemagile japoniar beteranoa nagusitu zaio, Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron-ekin. Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan estreinatu zuten film hori, joan den urteko irailean.

Justine Trieten Anatomie d'une chute ere ez da esku hutsik atera Oscar sarietatik. Cannesko Zinemaldian iaz saritu zutenetik, filmak ibilbide arrakastatsua egin du, eta oraingoan jatorrizko gidoirik onenaren saria eman diote.

Scorsese eta Cooper, saririk gabe

Izendapenak iragarri eta Greta Gerwigen Barbie lehiatik kanpo utzi zutenetik —Oppenheimer-ekin batera, urteko filmik arrakastatsuena izan zen hura—, nahiko garbi zegoen Nolanen filma zela sari nagusiak irabazteko hautagairik sendoena. Beraz, ez da sorpresa handirik egon, eta Martin Scorseseren Killers of The Flower Moon eta Bradley Cooperren Maestro saririk gabe gelditu izana ere ezin da ezustekotzat hartu. Scorseseren filmean lan egin duen Lily Gladstoneri ematen zizkioten aukera batzuk emakumezko aktorerik onenaren kategorian, baina Emma Stoneren izena (Poor Things) gehiago aipatzen zen kinieletan, eta sari banaketan baieztatu egin da hori.

Maestro Leonard Berstein orkestra zuzendari eta konpositoreari buruzko filmak ere ez du saririk jaso. Cooperren filmak zazpi hautagaitza zituen —tartean filmik onenarena, gizonezko aktorerik onenarena (Cooper bera), eta emakumezko aktorerik onenarena (Carey Mulligan)—, baina ez du bakar bat ere irabazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.