Bi emanaldi besterik ez da falta Donostiako 85. Musika Hamabostaldia amaitzeko: bata Frantziako Irratiko Orkestra Filarmonikoak emango du, Sol Gabetta biolontxelo jotzaileak lagunduta, Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan; bestea Luis Fernandez Castello eta David eta Carlos Apellaniz musikariek emango dute, ordu berean, Erriberabeitian (Araba). Azken bi horiekin, 82 kontzertu emango ditu jaialdiak guztira, Euskal Herriko hogei herritan barrena, eta horietan guztietan ia 33.000 lagunek hartu dute parte.
Bost emanalditan bukatu dira sarrerak. Alde batetik, Carmen operaren lehen emankizuna dago. George Bizet konpositoreak sortu zuen, eta 1820ko Espainian girotuta dago, nahiz eta sortzailea ez zen inoiz han izan. Orain dela hamasei urte antzeztu zen azkenekoz Musika Hamabostaldian, eta aurtengo aldian haren ekoizpen berri bat ekarri nahi izan dute. Jose Miguel Perez-Sierra musika zuzendariak, Emilio Lopez zuzendari artistikoak, Euskadiko Orkestrak, Easo abesbatzak, eta Rihab Chaieb, Dmytro Popov eta Miren Urbieta Vega bakarlariek hartu dute parte.
Bestetik, Ivan Fischerrek zuzendutako Budapesteko Jaialdiko orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Mozarten inguruan ondutako kontzertu monografikoan ere sarrera guztiak saldu dira. Baita Jeremie Rhorer zuzendariak gidatutako Beethovenen Missa Solemnis piezaren emanaldian ere —Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia ere bertan izan ziren—. Halaber, Kafig dantza konpainiak eskainitako Folia ikuskizunean ere ez zen sarrerarik geratu. Gauza bera jazo zen Milango Scala antzokiko Orkestra Filarmonikoarekin: Riccardo Chailly zuzendaria Hamabostaldira itzuli zen orkestrarekin, eta ikusle andana bildu zen bertan.
Estreinaldiak
Hamabostaldiak aurten ere egin ditu gonbit berriak; horien artean da Bruce Liu pianista. Lehen aldia izan du jaialdian, eta irekiera kontzertuan hartu zuen parte. Marta Garcia BERRIAko kritikariak «baiezko ozena» eman zion hasiera horri Esfera bat Kursaalean artikuluan, eta halaxe azaldu du piano jolearen lana: «Bruce Liu pianistaren eskuetan piroteknia dotorea zirudien Allegro animato-aren gaiaren garapenak, baita ekialdeko fraseatzeak eta doinu arabiarrak dakartzan bigarren mugimenduan ere. Teknika aparta du kanadarrak; pasarte birtuosoenak samur, doi eta norabide zentzu garbiarekin ebazten ditu aise».
Horrez gain, 85. aldiak bederatzi emanaldi eta musika lanen erabateko estreinaldiak bildu ditu. Hona hemen horietako batzuk: Carmen operaren ekoizpen berria; Egia ala geRuza haurrek egindako opera; Isiltasuna zizelkatzen, Myriam Perez Cazabonen koreografia eta Sofia Martinez musikagilearen lankidetza; Hiru, Kresala dantza taldearen ikuskizuna, Eduardo Txillidaren omenezkoa; A Reverence to San Sebastian, Carol Williams musikariak gauzatua organo zikloan; Felix Ibarrondoren Glass; eta J. J. Peña Aguayoren Palladium Motus.
Aurrerapena
Musikaren doinuak apaldu egin diren arren, ez dira isildu, eta datorren aldiko aurrerapenaren zantzu batzuk iragarri dituzte. Batetik, Xabier Anduaga tenor donostiarra jaialdira itzuliko da, bi emanaldirekin. Bestetik, Jordi Savall biola jotzaile eta orkestra zuzendariak Felix Mendelssohnen Die erste Walpurgisnacht kantata gidatuko du. Parisko opera nazionaleko orkestra ere bertaratuko da 86. Musika Hamabostaldian Donostiara, eta, Maurice Ravelen ezker eskuarentzako kontzertua ez ezik, La Valse obra ere interpretatuko du. Azkenik, Preljokaj balleta itzuliko da, Angelin Preljokaj sortzailearen azken lanarekin: Requiem(s) (2024).