Orkestra bat zuloan. Musika eta oihala jaitsita. Iluntasuna. Norbaitek oihala astindu du. Orroak ere entzuten dira, ihes egin nahi duen norbaitenaren parekoak. Barreak izan litezke. Inork ez daki zer den. Oihalaren eta lurraren arteko zulotik argia agertu da. Zerbait gerturatzen ari da. Horra Badon proiektuaren mamia ulertzeko zertzelada batzuk; sinopsiaren lagin txiki bat besterik ez. AEK-k eta Korrikak antolatutako kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea da Badon proiektua, eta ikuskizuna Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute, 2024ko apirilera bitarte. Gaur dute aurrestreinaldia, Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa), 19:00etan.
Apirilean, proiektua aurkeztu zutenean, jakinarazi zuten laba kolektiboa izango zela, eta sare bat osatuko zutela denen artean, sormen laborategi bat. Bada, halakoxea izango da gaur taularatuko duten proiektua: askotariko diziplinetan aritzen diren hogei bat lagunek ondutakoa. Tartean daude, besteak beste, Ines Osinaga, Marina Suarez, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Patxi Suinaga eta Itziar Garaluze. «Gure txikitasunetik zerbait handia sortzeko gai izan gara», azaldu du Osinagak. «Unibertso intentso bat da», erantsi du.
Baina zer da Badon? Bidean aurrera joan ahala eraikitako prozesu sortzaile bat, kolektiboa, diziplina asko uztartzen dituena eta feminista. Hori baino gehiago ere bada, ordea. «Esperientzia bat da», Suarezen hitzetan. Zehatzago mintzatu da, Osinaga: «Opera postdramatiko bat da». Izan ere, euskal kultura eta haren kanonak berrikusteko asmoz egindako opera garaikidea da Badon. Jolasaren bidez «etorkizun utopiko espekulatibo bat» proposatzen duen opera postdramatikoa, hain zuzen ere. Esperientzia estetiko eta zentzumenezkoan ardazturik, iruditeriatik sortutako «mundu posible bat» ere bada. Funtsean, fikziozko ariketa bat.
Euskal kulturaren gaineko interpretazio bat egiteko asmoz ondu dute proiektua. Horretarako, azken hilabetetan egindako lan prozesua bi zatitan banatu zuten, Osinagak azaldu duenez. Bata espekulazio fasea izan zen, eta bestea, berriz, prototipazio fasea. Lehen faseak ikerketa batean izan zuen sorburua, hainbat galderaren bueltan: «Nortzuk dira erreferenteak euskal kulturan? Nork dauka lekua plaza publikoan? Eta zein da euskal kulturaren kanona?». Euskal kulturaren «kanona» zalantzan jartzen hasi ziren orduan, begirada feminista batetik abiatuta, eta horretarako sortu zuten EKEFIT taldea, Euskal Kulturaren Errebisiorako Fikziozko Ikerketa Taldea deiturikoa.
Gogoeta prozesu horretan erein zuten gaur egun Badon den horren hazia. Osinaga: «Bagenekien antzerkia egongo zela, baina ez zela antzezlan bat izango; bagenekien musika egongo zela, baina ez zela kontzertu bat izango; izango zituela koplak, baina ez zela bertso saio bat izango... Bagenekien izango zuela dantza, mugimendua, gorputzak, irudiak, argiak». Iruditerian zituzten elementu horiek denak gorpuzteko orduan, opera izan zen hasiera-hasieratik sortu zen hitza. «Bisio moduko bat izan zen. Elkarri begiratu, eta esan genuen: opera bat egin behar dugu».
Opera postdramatikoaren izendapen arranditsu horrek prozesuan lur hartzen lagundu diela azaldu du Osinagak. Izan ere, Badon operak zazpi ekitaldi edo koadro ditu, opera tradizionalak bezala: obertura, lehen aktoa, bigarrena, hirugarrena, interludioa, aria eta amaiera handia. Haien bitartez, atera ireki nahi izan diote euskal kulturaren «genealogia propio» bati: plaza bat da haientzat, non oraina «hackeatu» nahi duten etorkizunari buruz hitz egiteko.
Opera formatua ere «hackeatu» egin dute, opera batek berez duen dramaturgiaz gain bestelako baliabideak uztartuta: argia, bideoa, zuzeneko musika, mugimendua, literatura eta bertsoak. Elementu horiek guztiak «deseraiki» dituzte beste zerbait sortzeko, Osesen esanetan. «Guretzat ezagunak diren elementu batzuk gure modura erabili ditugu. Opera batek iruditerian dugun gauza erraldoi elitista hori izan behar al du? Ez. Egin dezagun gure desioetatik abiatuz», erantsi du Suarezek. Postdramak eman die, neurri handi batean, «aske» lan egiteko esparru edo euskarri hori.
Norberak erabaki dezan
Ohikoa izaten da aurrestreinaldi eguna egutegian gorriz markatuta izatea, eta horrela izango dute, ziurrenik, Badon proiektuko lantaldeko kideek ere. Osinaganak kontatu du hilabeteetan euren iruditerian mamitutako proiektua kontatzeko «desiratzen» daudela, euren unibertsoa hustu eta besteekin «konpartitzeko» gogo biziz. Izan ere, komunikazio hori gorpuztuko denean hartuko du «zentzua» orain arte egindako bide guztiak, eta hor hasiko dira pieza guztiak elkarrekin «ahokatzen». Hala ere, argi dute emaitzak baino gehiago prozesuak berak duela garrantzia, hor jarri baitute –eta jarriko baitute– arreta, beste ororen gainetik. «Badirudi estreinaldiak emaitza izan behar duela, baina ez da horrela, prozesuaren beste parte bat da». Azken batean, ez ditu hainbeste kezkatzen sortuko den produktuak, sormen prozesuak berak baizik.
Gaurko emanaldiari begira, «eskuzabal eta irekita» joango direla esan du Suarezek, ez baitute mezu itxi bat eskaintzeko. «Bakoitzak erabakiko du zer egin proiektuaren parte izateko», laburbildu du Osinagak.
Gaur Azpeitian aurkeztu ondotik, abenduaren 1ean Gasteizko Principal antzokian erakutsiko dute. Oraingoz, martxo amaiera arte ibiliko dira ikuskizuna taularatzen, eta hainbat emanaldi baieztatu dituzte: besteak beste, abenduaren 17an Donostian izango dira, Antzoki Zaharrean; urtarrilaren 1ean, Bilboko Euskalduna jauregian; urtarrilaren 13an, Irungo (Gipuzkoa) Amaia kultur zentroan; urtarrilaren 18an, Iruñeko Gaiarre antzokian, eta 21ean Baionako antzokian.