Opera

Opera «esperimentala», klasikoa molde berriekin uztartuz

Jon Saenzek, Akelarre abesbatzak eta Hegoa Alvarezek 'Exodus' opera aurkeztuko dute gaur, Bilboko Arriaga antzokian. Elkarlanean sortutako proiektua euskaraz izango da, eta ikusle berriengana iristea du helburu, batez ere «gazteengana».

Akelarre abesbatzako kideak, artxiboko irudi batean. AKELARRE ABESBATZA
Akelarre abesbatzako kideak, artxiboko irudi batean. AKELARRE ABESBATZA
Beñat Mujika Telleria.
2025eko martxoaren 5a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iraganean eginiko hanka sartzeek suntsitutako gizateria eta gehiegikeriek eta abusuek hondatutako mundua. Mundu «post-apokaliptiko» batera eramango du publikoa Exodus opera «esperimentalak». Akelarre abesbatzak parte hartuko du obran, eta gaitzetsiak eta erbesteratuak izan diren pertsona batzuk izango dira obraren ardatz: degradatuak izendatu dituzte, eta «ingurune metaliko» batean bizirauten dute. «Izaki ahaztuak dira, desohoratuak, penitentzia bete behar dutenak, beti lotsaz daudenak. Sakrifizioa eta kontrola dira bizirik irauteko duten bide bakarra», diote obraren sortzaileek. Zorigaiztoko gertaera batek, baina, «aldaketa latza» ekarriko die pertsonaiei. «Sentitzeko modu berri bat azalduko da degradatuengan, eta horrek kontrolik gabeko muturreko egoera bat eragingo du: giza kondizioaren eta bere errebeldiaren bilaketak ondorio fisikoak eta espiritualak ekarriko ditu». Gaur estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, 19:30ean.

Euskarazko proiektu eszeniko-musikal hau Jon Saenz konpositoreren, Hegoa Alvarez idazlearen eta Akelarre abesbatzaren arteko lankidetza artistikoren emaitza da. Proiektuaren talde artistikoa OLBEko zuzendari laguntzaile Ane Legarretak, Euskal Herriko Gazte Abesbatzako zuzendari Xabier Mendez Aretxabaletak, Asier Sorondo eszenografoak eta Sua Ensemble taldeak osatzen dute.

Proiektuak opera tradizionala eta soinu proposamen eta proposamen bisual berritzaileak uztartzen ditu. Alde batetik, halakoetan ohikoak diren musika korala eta poesiaz betetako libretoak ikusiko ditu ikusleak. Baina, beste alde batetik, soinu elektronikoak ere izango du bere tokia; aurrez grabatutakoak zein zuzenean sortutakoak.

Izan ere, ohiko opera generoaren publikoari proposamen berri bat egiteaz gain, Exodus obrak ikusle berriengana iritsi nahi du, batez ere gazteengana.  Horregatik, halako ekitaldietara joaten ez direnak erakartzeko asmoz, «estetika berritua eta ikus-entzule ororentzat eskuragarria den ikuspegia» erabili dute proiektuaren sortzaileek.

Era berean, gazteengana iristea xede izanik, talde artistiko gazte bat erabili dute proiektua aurrera ateratzeko. Izan ere, hori zuten beste helburuetako bat: «Gazteei eta hasiberriei ahotsa ematea».

Abesbatza protagonista

Obrak ez dauka bakarlaririk, eta Akelarre abesbatzak interpretatuko ditu degradatuak, aurrez aipatutako protagonistak. 2018an sortu zuten abesbatza, eta 19 eta 35 urte inguru dituzte bertako partaideek. Xabier Mendez dute zuzendari, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. «Berezitasunetako bat da proiektu kolektibo bat dela. Orain dela urte batzuk hasi ginen proiektu honen sorkuntza lanetan Jon Saenz konpositorearekin batera. Hasieran, gure baliabideak urriak ziren, eta dena guk egin behar genuen. Baina pixkanaka jende gehiago sartzen hasi zen, eta proiektuak beste tamaina bat hartu du. Profesionaltasuna eman dio horrek». Gainera, abesbatzako zuzendariaren esanetan, beste jarrera batekin ekiten diote protagonistek proiektu kolektibo bati: «Lan egiteko modua desberdina da, eta jendea motibatuagoa dago, prestasun handiagoarekin. Eta hori ere oholtzan ikusten da gerora».

Akelarre abesbatzako kideentzat erronka bat ere izan da proiektu hau. Izan ere, bakarlaririk gabeko opera bat izaki, haiek dira abeslari eta antzezle. Interpretazioak berebiziko garrantzia dauka halako proposamenetan, eta Mendezek aitortu du alor hori bereziki landu behar izan dutela: «Horretan asko lagundu digu Marta Egillor eszena zuzendariak. Harekin landu dugu zelan bihurtu egun batean kantariak aktore. Entseguetan proba asko egin ditugu, eta uste dut oso interpretazio ona egingo duela koruak opera honetan».

«Marta Egillorrekin landu dugu zelan bihurtu egun batean kantariak aktore. Entseguetan proba asko egin ditugu, eta uste dut oso interpretazio ona egingo duela koruak opera honetan»

XABIER MENDEZAkelarre abesbatzako zuzendaria

Abesbatzako kideak estreinaldirako pronto daude. Entsegu asko egin dituztela eta, «nekatuta» daudela onartu du Mendezek. Hala ere, gogotsu ere badaudela. «Sentipen asko dauzkagu. Baina hori polita eta beharrezkoa da estreinaldi baten aurretik!». Hala ere, ez dira bakarrik egongo oholtzan. Musikaz arduratuko direnen laguntzaz gain, Lander Otaola izango dute alboan. Aktorea Totum pertsonaiaren rolean arituko da, narratzaile lanetan. Eta proiektuaren sortzaileen hitzetan «funtsezkoa» izango da istorioaren garapenean.

Proiektuaren berezitasun teknikoez gain, euskara da euskarri nagusia. Komunikabideei zabaldutako oharraren arabera, Exodus-ek «euskaraz konposatutako eta antzeztutako obren errepertorioa zabaltzea bilatzen du». Hegoa Alvarezek idatzi du libretoa, eta, Mendezen esanetan, inoiz ez dute pentsatu ere egin beste hizkuntza batean izan zitekeenik. «Hasieratik argi geneukan euskaraz izango zela. Hala izan behar zuen, gure hizkuntza euskara delako, eta euskal kulturak horrelako proposamen desberdin bat behar duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.