Julio Soto: «Opari bat da zeure buruari ere aldaketa bat eskatu behar izatea»

Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazten seigarren aldia du Julio Sotok. Azken urteetako egoerari erreparatuta, azpimarratu du Nafarroako bertsogintzan aldaketak izan direla eta loraldian dela.

(ID_13399854) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2023-12-03, Gorriti. Julio Soto, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren irabazlea
Julio Soto 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazlea, igandean, Gorritin. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñigo Satrustegi.
Nafarroa
2023ko abenduaren 5a
05:30
Entzun

Final laurdenetan bigarren sailkatu zen finalaurrekoetakorako. Agoizko saioan pasatu zen zuzenean finalera, puntu gehien batu zituen bertsolaria zelarik. Azkenik, finalean, beste behin ere garaile izendatu zuten Julio Soto Ezkurdia (Iruñea, 1987). Seigarren txapela eskuratuta, Gorriti aldera bildu da. Larunbat iluntzeko saioarekin gustura azaldu da, eta, iragarri bezala, maila handiko finala izan zela uste du. Orain, ordea, atseden hartzeko garaia dela dio, hiru txapelketa izan baititu azken hiru urteetan. Plazetan segitzeko irrikaz da Soto, hori baita bertsolarien «asteburueroko plana».

Emozionatuta ikusi zintugun larunbatean.Nola jaso duzu txapela?

Emozio handiz jaso dut, ez txapelketa bera irabazteagatik, baizik eta lehengo larunbatean izan nuen argitasunagatik eta aldarteagatik. Oso eskertuta nago horrelako egun bat egokitu zitzaidalako, ez delako hala izaten, eta are gutxiago lehiaren estutasun horretan. Beraz, bukaeran, egun argi eta, esan dezagun, presente bat, txapelarekin borobiltzen denean, poztasun handiz jaso nuen txapela.

Saioa, orokorrean, zer moduz ikusi zenuen?

Uste dut, oro har, gauza on asko entzun zirela larunbat arratsaldean. Ohiko moduan, bertsolari batzuk beren mailatik eta lehen aipatzen nuen aldartetik gorago aritu ziren. Beti gertatzen da bertsolarietako batzuk urduritasunetik askeago kantatzen dutela, eta beste batzuk, berriz, hari lotuago. Bertsolariak ez dira beti kantari berak oholtzara igotzean. Esan nahi dut: beharbada, aurreko txapelketan libreago zen bertsolari batek handik bi urtera urduriago bizi izan ditu saioak. Aldarte hori kantari bakoitzaren arabera aldatu egiten da. Baina maila ederreko finala izan zen.

Hain justu, hala iragartzen zenuen finalaren aurreko egunetan: maila handia izanen zela. Bete delakoan zara, beraz.

Jakina bete dela. Uste dut Nafarroako bertsogintza loraldi bete-betean dagoela. Beti izan dira Nafarroan bertsolari oso onak. Baina gaur da eguna bertsolari on kopuru hori inoiz baino ugariago dena. Bertsolari onak datoz atzetik. Heldu dira jada. Gazteek lan handia egin dute, eta uste dut hori ere azpimarragarria dela: dedikazio handia eskaini diote bertsoari, eta gero eta bertsolari hobeak izateko lanean ari dira, oso serioski. Hori ezinbestekoa da gerorako emaitza etor dadin. Beraz, bai, nik espero nuen bezalako maila izan da finalean, eta oso pozik nago gazte onak ere agertu direlako.

Hainbat final dituzu bizkarrean, eta aldatzen joan da argazkia. Nola ikusten dituzu gaur egungo oholtzak eta bertsolariak?

Plazer handia da. Ez aurreko argazkiak itsusiak direlako, jakina. Nik suerte handia izan dut, urtez urte, oholtza gainetik aldaketa horretan egoteagatik. Aldaketa positiboa izan da, bertsoa anizten joan baita, aniztasunaren ertz guztietar. Argazkia aldatu ahala, ni neu ere aldatu behar izan naiz inguruarekin bat. Ni ere ez naiz duela hamabost urteko bertsolari bera. Neure burua landu behar izan dut, eta, aurrerantzean ere, inguruan izaten ari diren iraultza txiki horien guztien aurrean nire begirada eta nire egoteko modua aldatu beharko ditut. Opari bat da, oholtza aldatuz doan heinean, zeure buruari ere aldaketa bat eskatu behar izatea. Asmatzen ahal duzu gehiago edo gutxiago aldaketa horretan. Lehen agurrean aipatu nuen plazer handiz ariko nintzela Anaitasunan jarritako eskakizunetan, Nafarroako bertsolaritzaren loraldi eder honetan. Ez nioen gezurrik, eta plazer handi bat izan zen argazki berri horren parte izatea.

«Bertsolari guztioi gertatu izan zaigu inoiz, sorpresa onak bezala, sorpresa txarrak ere hartzea. Badaezpada, segurtasunez eta oinak oholtzan kantatu nuen. Nire izena atera edo ez, prest nengoen».

Zure jardunari erreparatuta, zein ariketatan ikusi zenuen zeure burua indartsuen?

Arratsaldeko lehen eta azken ariketetan sumatu nuen asmatu nuela. Lehenengoa, Sarai Roblesekin egin nuen, zortziko handian. Buruz buruko ganbaran ere, gustura. Horietan nahiko lasai eta eroso aritu nintzen. Arratsalde osoa nahiko tenple onez aritu nintzela esango nuke, hala ere.

Eta, kontrara, gehiago kostatu zitzaizun ariketaren bat?

Puntu erantzunetan gehiago kostatu zitzaidan kontzentrazioari eusten. Horrez gain, arratsaldeko lehen bakarkakoetan, sentitu nuen bigarren bertsoa ez nuela borobildu. Lehenengoarekin eta hirugarrenarekin bai, asmatu nuen, baina bigarrenean hortzak estutzeko momentua bizi izan nuen.

Buruz burukorako zure izena kasik ziurtzat ematen zuten entzuleek. Hala sentitzen zenuen zuk ere?

Egia da ikusten ari nintzela bertsolari batzuk gehixeago asmatzen ari ginela, eta horien artean ere neure burua ikusten nuen. Nolanahi ere, nitaz gain beste bertsolari asko ere baziren. Ez nuen batere argi buruz burukoa jokatuko zutenetako bat izango nintzenik. Ikusten nizkion aukerak neure buruari, eta badaezpada mentalizatuta nengoen. Baina denbora handirik ez nuen asimilatzeko, izan ere, zortzigarren kantatzea egokitu zitzaidan, eta bakarkako gaiaren ostean oso denbora gutxi izan genuen, azken zati horretan kantatuko genuenon izenak esan aurretik. Hala ere, bertsolari guztioi gertatu izan zaigu inoiz, gure barne kalkuluetan oinarrituta, sorpresa onak bezala, sorpresa txarrak ere hartzea. Badaezpada, segurtasunez eta oinak oholtzan kantatu nuen. Nire izena atera edo ez, prest nengoen.

Beste behin ere buruz burukoa Eneko Lazkozekin batera kantatu duzu. Hirugarren aldia izanik, elkarri neurria hartu al diozue honezkero?

Ilusio handiz bizi izan nuen buruz burukoa Enekorekin egokitu zitzaidalako. Aspaldiko bertso eskolako kide. Bidea hasiera-hasieratik egin dugu elkarrekin. Bertsolari kuttuna izateaz gain, lagun handia ere badut. Ordu asko pasa dugu elkarrekin. Eta berriz ere buruz burukora elkarrekin pasatzea, uste dut bioi ilusio handia egin zigula. Edozeinekin ere ederra izango zen, jakina. Baina Enekorekin, pozik.

Lehendabiziko aldia ez izateak eskarmentu txiki bat eman zigun. Aurrekoetan, beharbada, gauza batzuetan ez genuen asmatu, eta, oraingoan, bagenekien zer eta nolakoa zen buruz burukoa, eta, beraz, zeintzuk hartu beharreko erabakiak. Gehiago edo gutxiago asmatuko genuen, baina polita geratu zela esango nuke.

«Bereziki kantatzeko gogoz eta ilusioz harrapatzen nauen momentua da. Badut zer hobetu, eta lanean segitzeko gogoa ere badaukat, baina bereziki plazan kantatzekoa».

Alaitz Rekondok jantzi zizun txapela. Keinu hori urte askoan egindako lan eskerga aitortzeko baliatu zuen Nafarroako Bertsozale elkarteak. Nola bizi izan zenuen une hori?

Egiari zor, Alaitzek txapela jantzi behar zuela jakin genuenean, halako kilima bat sentitu nuen, eta zera pentsatu nuen: ze polita izango litzatekeen Alaitzek txapela jarriko balit. Ez txapela janzteko halako itsumena nuelako. Alaitz oso pertsona garrantzitsua izan da Nafarroako bertsogintzaren bidean, eta niretzako ere oso berezia izan da betidanik. Hasieratik izan da txapelketetako gai jartzailea, azken aldian erreleboa hartzen hasi dira batzuk, baina oholtzan nagoenetik hor egon da Alaitz. Beti izan da pertsona bat bertsolaria goxo eta maitasunez tratatu duena. Ez da bakarrik bere lana, gaiak jartzea, bikain, borobil egin duela, bertsolariak zaintzen ere asmatu du. Nik Alaitz asko maite dut, eta ez du sekula ahaztuko elkar besarkatu, eta txapela jarri zidaneko momentua. Maitasun handiko unea izan zen. Ohorea izan zen burua makurtzea eta txapela Alaitzen eskutik jasotzea. Bertsolari guztien ahotik hitz egitera atrebitzen naiz, eskerrik asko handi bat emateko orduan.

Azken hiru urteetan, hiru txapelketa. Datorren bi urteetan, hurrengo lehiaketa etorri bitartean, zer?

Orain dator, hasteko eta behin, atseden hartzea eta emozionalki errekuperatzea. Txapelketak oso zailak direlako guretzat, eta asko gastatzen gaituztelako zentzu guztietan, batik bat, emozionalki. Hiru urte oso gogor izan dira, eta orain dator zauri guztiak osatzeko momentua. Baina plazan bertsotan segitzea ere tokatzen da, ahal bezain ongi. Bereziki kantatzeko gogoz eta ilusioz harrapatzen nauen momentua da. Badut zer hobetu, eta lanean segitzeko gogoa ere badaukat, baina bereziki plazan kantatzekoa. Ez da besterik, gurea beti da nahiko antzekoa: txapelketak bukatzen direnean, osatu, eta gero plazan kantatzen segitu. Izan ere, gu plazari zor gatzaizkio, eta asteburuero plan hori dugu. Beraz, etor daitezela etorri beharreko saioak, ni ahal bezain ongi egitera joango naiz, beti bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.