Harkaitz Martinez de San Vicente. Oreka Tx-ko kidea

«Opari bat da halako leku batera etorri ahal izatea»

Taipein da Oreka Tx, Taiwango 9. Nazioarteko Perkusio Batzarrean: 'Elkarrizketak' programan arituko dira Nana Formosa bikotearekin batera gaur, jaialdirako espresuki landutako errepertorioarekin.

BERRIA.
Maialen Unanue
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Larunbat goizean iritsi ziren Taipeira Oreka Tx taldeko lagunak: Taiwaingo 9. Nazioarteko Perkusio Batzarrera gonbidatu dituzte, hainbat herrialdetatik joandako musikariekin batera. Astebete iraungo du jaialdiak, eguneroko emanaldiekin: haietako batetik bueltan hartu du BERRIA Harkaitz Martinez de San Vicentek (Añorga, Donostia, 1975). Nana Formosa perkusio bikotearekin arituko dira gaur, National Concert Hall aretoan.

Zer moduz doa jaialdia?

Oso ondo. Larunbatean bertan izan zen inaugurazioa: han izan ginen gainontzeko musikariekin, eta aukera izan dugu arratsaldero haiek aurkezten dituztenak ikusteko. Opari bat da horrelako leku batera etorri ahal izatea, herrialdea ezagutzeko eta kontzertu izugarriak ikusteko.

Haiek gonbidatuta joan zarete?

Hala da. Aurretik jarri izan dira gurekin harremanetan, baina ez zen posible izan: interesa zeukaten txalaparta hemen aurkezteko. Lehen egunean izutu ginen pixka bat, baina ikusi dugu askotariko estiloak daudela, eta txalapartak ere baduela lekua hemen.

Zer moduzkoa da antzokia?

Arkitektura tradizionaleko eraikina da, baina teatro handi, moderno eta elegantea da. Egia esan, han sartuta egon gara iritsi ginenetik. Ikusten da jendeak programa aldez aurretik begiratzen duela: eskaintzen diren estiloak bezain desberdina da publikoa. Nabaritzen da oihartzuna duela.

Elkarrizketak programa eskainiko duzue gaur. Zertan da?

Lehenengo, Mikel [Ugarte] eta biok arituko gara; gero, Taiwango Nana Formosa arituko da: bi perkusionista dira, tresna pila bat jotzen dituzte. Bakoitzak bere kontzertua emango du, eta, gero, elkarrekin zerbait egingo dugu.

Prestatua daukazue?

Bihar [gaur] hiru ordu izango ditugu kontzertuaren aurretik, eta orduan prestatuko dugu. Horrelako topalekuek ematen dute aukera halakoak egiteko.

Txalaparta biren arteko elkarrizketa izaten da. Halakoa da Nana Formosaren saioa ere?

Hein batean, bai: ikusi ditugu jolas batzuk beraien artean. Beraiek, izatez, prestakuntza klasikoa dute, baina estilo eta instrumentu pila bat jotzen dituzte.

Ezagutzen zenuten elkar?

Ez, baina bitxia izan da: haien ikaskide bat dago ezkonduta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko txelista batekin, eta biak ezagutzen ditugu [barreak]. Pentsatzen dugu jaialdi honek bide emango digula harreman berriak eta proiektu berriak lantzeko. Kasualitatez, gaur [atzo] izan dugu bilera bat japoniar batzuekin: iaz Hibrid izeneko proiektu bat egin genuen haiekin, eta bisitan etorri dira. Dantzariak dira, eta bigarren lan bat prestatzeko lehenengo bilerak egin ditugu: ekainean Euskal Herrira etorriko dira, eta Zipren aurkeztuko dugu gero.

Zer-nolako txalapartak eraman dituzue hara?

Kasu honetan, egurrezkoa eta harrizkoa ekarri ditugu. Bidaiatzean, tresnak mugitzea kostatzen zaigun gehien: 200 kilo baino gehiago pisatu du, eta ikaratuta gentozen. Baina horrelako jaialdietan mugitzen zarenean, konturatzen zara zurea huskeriabat dela, besteen aldean: AEBetatik ekarri duten eszenografia gurea baino hamar aldiz handiagoa da.

Emanaldiez gain, bestelako ekitaldiak antolatzen dituzte?

Bai, badago perkusio lehiaketa bat, beste espazio batean. Epaimahaia mundu osoko perkusionista ezagunek osatzen dute, eta jaialdia aprobetxatu dute kontzertuak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.