begona del teso
Iritzia

Ongi etorriak eta ongi joanak izan zaitezte

2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

Diosal beroa egin die Cannes aurtengoak zinema sortzaile berriei, eta agur krudel gozoa eternitateko maisu hainbati. Pasa den larunbatera arte Kosta Urdinaren parean sekula gertatu ez dena suertatu da une eta gune askotan; txapelketan inoiz parte hartu gabekoek jaso dituzte denek desiraturiko sariak, eta behin baino gehiagotan txalo zaparradaz hartu izan direnei egin zaie despedida, esker onez. Despedida nahiko latza, baina amodioz betea.

Cannes aurtengoan argi eta garbi geratu da Zinema (maiuskulaz) baino droga mendetasun-sortzaile handiagorik, garratzagorik, fuerteagorik ez dela existitzen. Zinema da edaberik deliziosena, eta bere gozotasuna, beste guztiena baino perilos eta dangerosagoa.

Mende dituen horiek beren ondasun guztiak saldu dituzte urtetan, laztanduriko proiektuak aurrera atera ahal izateko.

Har dezagun, kasurako, Coppolaren Megalopolis, mugarik ezagutzen/onartzen ez duen zeluloidezko munstroa, zeinetan Francis Fordek The Godfather, Bram Stoker's Dracula edo Apocalypse Now burutzen ari zen bitartean ikasten, antzematen, amesten zuen guztia pilatu ondoren, oka egiten duen. Emaitza filtrorik gabeko kreatura da, gonbito fotogrametakoa, benetakoa ez dirudien ameskeria edo... asmakizuna.

Hantxe dagoen Zinema (maiuskulaz) betidanik existitu izan da, ziurrenik, baina, bera izan ezik, inor ez zen, ez ginen, jakitun. Zinema mundu latza da, eta Coppolak ez zuen aurkitu jostura guztiak hausten dituen film horretarako ekoizlerik. Zaila da 85 urteko maisu baten azken atrebimendua sostengatuko duenik bilatzea.

Arazorik ez, berak ekoiztuko zuen bere poltsatik Megalopolis, non iragana, oraina eta etorkizuna dantza berean dabiltzan pantailan. Eta ezinbesteko zituen 120 milioi dolar eskuratzeko, salgai jarri zituen Kaliforniako mahasti famatu bereak. Dirurik gabe, pobre, baina elegante-elegante agertu zen Francis Ford Cannesen. Hamar minutuko txalo zaparrada jaso zuen, baina esker onekoak izan arren, despedidakoak ziren. Garratza sentsazioa. Bazirudien gaurkoa ez dela, dagoeneko, bere garaia esaten geniola. Bete duzu, sobran, aspaldian eman zenigun hitza. Zoaz bakean zuk bezainbeste ardo onak maite dituen George Lucasen konpainian, zoaz barruko zauriak sendatzera zu bezala alargundu berri den David Cronenbergekin —Lapurdin irailean estreinatuko den Les Linceuls berea hildako emaztearen gorpua usteltzen ikusten, sentitzen duen gizon baten istorio samina da; askoren irudiz garai gureatik kanpo dagoena, nire iritziz, ederra eta tristea—. Eskertzen dizuegu, nola ez ba, zuek egindako oro, estimatuta dago, baina utziko al diguzue zuek bezalako maisuak izango diren beste ziento bat ezagutzen?

Eskertzen dizuegu, nola ez ba, zuek egindako oro, estimatuta dago, baina utziko al diguzue zuek bezalako maisuak izango diren beste ziento bat ezagutzen?

Adibiderako, gidoirik onenaren saria lortu zuen Coralie Fergeat. Bere The Substance-k baditu lotura ikusezinak —baina sumatzeko oso errazak— Cronenbergen zinemarekin. Pelikula horretan, komedia beltz-gore honetan, Coraliek hausnarketa sendoa egiten du emakumezkoen gorputzaren inguruan. Zahartzen ari da Demi Moore, eta ezin jasan. Proposatuko diote gaztetasun eternalaren seruma, baina, fabula orotan gertatzen den legez, baditu albo-ondorioak eta errespetatu beharreko baldintzak... Kontuan hartu ez badituzu, betetzeari utziz gero... akabo.

Bai, jende berriari egin dio harrera suzkoa Cannesek. Esaterako, Indiatik etorria zen Payak Kapadiari. Atalante etxe banatzaile finak Hegoaldean zabalduko duen All We Imagine As Light bada ipuin moderno bat, Munbai hiria paisaia duena, Mumbai gauekoa, Munbai emakumezkoena...

Zoazte bakean, maisu aspaldikoak, eskatu genizuen baino askoz gehiago eman diguzue. Utz gaitzazue mende honetako maisu-maistrak izango direnen proposamenak ezagutzen. Adibidez, Truong Minh Quyen Viet et Nam. Jakina asko, debilidadeak baditu, baina izugarriak dira atrebentzia eta urguilu bereak. Thailandiako Apichatpong Weerasethakul jenioaren zinema eredu eta berme harturik, errealizadore gazteak beste askok kontaturiko Vietnamgo gerraostekoak hartzen ditu abiapuntu, mami eta xede. Beteak dira bide ertzak eta soroak gorpuz. Handia da euren senideen mina. Handia ere hildako horien izpirituen ezinegona...

Bai, eredu izan zaituztegu, maisuok, eta ederki dakigu zor handitan garela zuekin, baina zoazte, Flow bezalako marrazki animatuak ikusi behar ditugu eta. LetoniakoGints Zilbalodisek eginda, gizakiak desagertu bide diren mundu batean gertatzen da. Protagonistak, nortasun handiko eta ezberdineko animaliak (katu bat, jefe). Ez, ahaztu orain arte ikusitako antzeko guztiak. Hemen ez dago peluxerik, hemen ez da gizakion ezaugarriak dituen piztia maitagarririk, hemen ez da hitzik, marrakak eta orroak baizik.

Zoazte, maisuak. Sean Bakerren ordua iritsi da eta. Anora berea, denok merezitako komedia ilunargia da. Normalean Cannesko eskailera ospe handikoak igo ohi ez dituzten horiek protagonistak ditu. Bide batez, Cannesko gazteek paso egiten dute beraientzat ez den zeluloidezko kongresu honetatik. Haserre daude zinemaldiarekin, bost zaie. Hanburgesak ere garestiagoak dira besteentzako festak irauten duen bitartean.

Zoazte bakean. Drakula konteak esango lukeen moduan, zuekin aspaldian ekarri zenuten zoriona dastatu izan dugu, ase arte. Baina egiozue lekua Portugalgo Miguel Gomesi. Bere Grand Tour opioa bera baino gozoagoa da. Baita gaziagoa ere...

Adio, bai, izar gureak; zoaz zu ere, Cate Blanchett; alfonbra gorria zapalduko dutenak beste batzuk izango dira hemendik aurrera. Adibiderik fuerteena, Karla Sofia Gascon. Bera, emakume trans hori, da Emilia Pérez narkomusikal mundialaren totema. Eta gu poz-pozean.

Zinema baita klandestinitatean sortzen den harribitxi distiratsuena, bilauek itzaliko ez dutena. Zergatik ez? Bere zerbitzariak leialenak direlako. Bai zaharrak, bai oraingoak.

Mendekotasun sortzailerik handiena, zinema, bai. Mohammad Rasoulofek ihesean zihoalarik, mendietan barna ihes, bukatu zuen hain zeluloide onez eginiko Les graines du figuier sauvage berea. Mendietan barna 28 egun luzez, eta, bitartean, zinema egiten, bere muntatzailearekin beti hizketan telefonoz edo ordenagailuz. Momentu batean, zeinetan arriskutsua zen mugikorra erabiltzea, jarraitu zuen berak bere kasa pelikula sortzen. Buruan, bihotzean, begiekin...

Zinema baita klandestinitatean sortzen den harribitxi distiratsuena, bilauek itzaliko ez dutena. Zergatik ez? Bere zerbitzariak leialenak direlako. Bai zaharrak, bai oraingoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.