Ongi etorri Mitoarora

Ikuskizun aparta eman du Zetak taldeak Nafarroa Arenan, 'Mitoaroa'-ren lehen kontzertuan. Mitologia, tradizioa eta elektronika uztartuta, sorginduta utzi dituzte aretoa bete duten 15.000 zaleak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pello Reparaz, Zetak-eko abeslaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2025eko urtarrilaren 4a
14:04
Entzun

Iluntasuna. Bat-batean, soineko zuridun damaren kantu onirikoa oholtzan. Sarrera da, eta «itzaletako deia», mezua. Beste argi bat, harmailetan oraingoan, txanodun izerditakoa daraman gizonezkoari zuzendua: Pello Reparaz. Erakarriko du damaren ahotsak, altxatuko da, eta poliki egingo du haren besoetarako bidea, pistan barrena aurrena, oholtzaren punta batetik damarenganaino hurrena. Sartu da Mitoaroan Nafarroa Arena.

2024. urtea Fermin Muguruzaren «akelarre antifaxistarekin» amaitu ostean, urte berria Zetak taldearen akelarre mitologikoarekin hasi da. 30.000 pertsona bilduko ditu Reparazek asteburu honetan Iruñean, Mitoaroa ikusteko. Kontzertua baino gehiago, ikuskizuna, non mitologiak indar berezia duen, eta non sarri oholtzara bainoago pantailei begira egongo diren zaleak, gertatzen dena oholtza atzean jazo baitaiteke, edo azpian, edo gainean, oihala biltzen den eremuan.
 

Lehenengo atala: Igarolekua. Damaren eskutik oholtza utzi ostean, urez gainezka dagoen beirate baten barrutik Zu abesten hasiko da Reparaz. Amaitzean, oholtzatik gora doa, alboka doinuei jarraika aldamiotik barrena,Mitoaroko lehen pertsonaiarekin topatu arte. Haren abisua: «Alde intzak hemendik». Eta musika elektroniko bortitza. Hor Zetak-en oinarri nagusiak: musika elektronikoa, euskal nortasuna, eta mitologia eta tradizioa. Hiru osagai horiekin osatu zuten Nafarroa Arenako ikuskizuna. Unanuko mamuxarruek, Lantzeko ihauteriko pertsonaiek, Iturengo eta Zubietako joaldunek, Tuterako zipoteroek, Altsasuko momotxorroek eta Arbizuko txatarrek parte hartu zuten. Ez zen folklore hutsala: mimo eta errespetu handiz txertatu zituzten.

Erbesteko animaliak zen bigarren atala, ikuskizuneko luzeenetakoa. Dantzagarria izan zen Nirekin topatu naiz. Inor gutxik bezain ondo uztartzen du Zetak-ek euskal musika tradizionala gaur bogan dagoen elektronikarekin. Are gehiago, hain ondo ezagutzen dituzte mainstream-aren koordinatuak, non oso era organikoan txertatzen dituzten bi munduak. Hor dute, ziurrenik, arrakastaren gakoa. Badakite noiz izan entzunerrazak eta non gehitu doinu gogorragorik.

Bide arrakastatsua

Hegan egiten du Zetak-ek, Euskal Herriko talde arrakastatsuenetakoa baita. Reparazek, baina, ongi daki hegan egiteko oinak lurrean izaten jakin behar dela, lasterka egiteko aurrena oinez ikasi behar den bezala. Horregatik zaintzen du hainbeste erroa, tradizioa, Zetak ulertzeko ezinbesteko bereizgarria bihurtu arte. Harrigarria izan zen hautua orain bost urte, Vendetta taldearekin ezagun egin ostean hartutako norabideagatik, baita estilo aldaketa esanguratsua izan zelako ere. Hiru disko geroago, argi dago asmatu zuela bidearekin, eta egun, ez dago Euskal Herrian Mitoaroa bezalako ikuskizun bat egin dezakeen beste musikaririk.

Hegan amaitzear zela, izaki mitologikoek hartu zuten oholtza, eta, Su abesten hasi zirenean, Reparaz inguratu zuten, dantza paganoan, azkenean kantaria sastakatu arte. Hala, zoruan etzanda kantatu zuen Nonsartuzara. Kukai dantza konpainiako kideak igo ziren oholtzara, etaMitoaroa-ren lurraldean sartu ziren Reparazen hileta antzezteko, Hileta kantu nafarra-ri lekua egin aurretik. Bideokliparenak ziruditen irudiak ikus zitezkeen pantailetan, baina, halako batean, oholtza gainean zuzenean kantatzen ari zirela ikusi zen.

Atzera begirakoa ere iritsi zen. Lehenik, Errepidean-ekin, Zetak-en lehen kantuarekin. Jarraian, Vendettako kideekin batera Begietara begira-ren bertsio akustikoarekin. Neomak-eko kideekin batera abestutako Eguzkiloreak kantak itxi zuen bigarren kapitulua.

Epifania zen hurrengoa. Damaren ahotsarekin hasi zen atala, harmailetatik kantuan; pantailetan, bitartean, Reparaz edabe bat hartzen etaMitoaroko pertsonaia bihurtzen, Pater Noster abestu aurretik. Gaualdiko hurrengo gonbidatuekin, Marala taldearekin, jo zituzten Entre carn i os eta Suziri bi.

Laugarren atalak lausotu zuen gehien ikuskizunaren eta kontzertu ohikoago baten arteko muga: Konkordatua atalak. Era berean, baina, gaueko unerik magikoena utzi zuen. Txalo zaparrada ikusgarria jaso zuen Erramun Martikorenak oholtzara sartzerakoan eta ateratzerakoan. Oinez ondo egiteko eta zutik irauteko laguntza behar zuen, baina kantuan parekorik ez du. Bakarrik eta musikaren laguntzarik gabe aritu zen lehenik; Reparazekin batera eta pianoaren konpainian, lehen aldiz oholtzan elkarrekin, Itzulera abestu zuten gero, eta Xalbadorren heriotzean azkenik, zale guztiak hunkitzeraino.

Bi munduen batura izan zen azken atala, festa amaiera. Carnyxaren antzeko musika tresna bat jo ostean, sua piztu zen oholtzan. Akelarretan, Itzulera-ren bertsio elektronikoa eta Aralarko dama izan ziren Mitoaroa emankizunaren azken traka, bengalekin, pertsonaiak oholtzan, harmailetan eta pistan dantzan zirela, Reparaz bera pistan kantuan zela... Mitoaroan sartzen dena, baina, ez da berehala ateratzen. Ikuskizuna amaitu zen, bai, baina pantailetatik iritsi zen iragarpena: irailean ere izango da Mitoarorik, Aaztiyen diskoaren bira amaierako kontzertuan, are pertsonaia gehiagorekin. Informazio gehiago emango dute bihar, igandea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.