Rafael Berrio

Onenak ematen ari zenean

Donostiako rock munduaren ikurretako bat izan da Berrio. Urte askotako ibilbidea egin ostean, azken urteetan jaso ditu laudorio beroenak. 56 urterekin zendu zen atzo, aurrez zuen gaixotasun baten eraginez.

GARI GARAIALDE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Konpositorea, kanta idazlea eta abeslaria. Donostiako paisaia musikalean izen handia izan da askorentzat Rafael Berriorena. UFH taldeko kide izan zen 1980ko urteetan, eta, beste hainbat taldetatik igaro ostean, bakarkako bideari helduta zebilen azken urteetan. Inoizko momenturik onenean, askoren ustetan. 56 urterekin, atzo hil zen Berrio, aurrez zuen gaitz baten ondorioz.

Aitarekin ikasi zuen gitarra jotzen. Gros auzoan egin zituen ikasketak, eta han sortu zuen lehen taldea 1971. urtean. Donostiako new-wave mugimenduko kide izan zen 1980ko urteetan, UFH taldearekin. Hurrengo hamarkadan Amor a traición taldea sortu zuen, eta bi lan argitaratu harekin: Amor a traición (1993) eta Una canción de mala muerte (Galerna, 1997). Eta mende berriarekin, talde berria: Deriva. Iñaki de Lucas ekoizlearekin sortu zuten proiektu berria, eta bi disko euren artean oso ezberdin ondu zituzten: Planes de fuga (Criminal discos, 2001), kutsu elektronikoago batekin, eta Harresilandia (Gaztelupe, 2005), gitarra gehiagorekin eta doinu lasaiagoekin.

Bakarkako bideari heldu zion gero, eta 2011n indartsu agertu zen forma berri horretan: 1971 kaleratu zuen, Warnerrekin, bere lanik arrakastatsuena. Laudorio ugari bildu zituen diskoak, baina mesfidati jokatzen zuen horrekin musikariak, Gorka Erostarbe kazetariari 2011n adierazi zionez: «Norberak jakin behar du zertan huts egin duen. Ateratzen den disko berri bakoitza aurrekoaren zuzenketa moduko bat da. Entsegua-hutsa-entsegua-hutsa zirkulua betetzen da. Ez dut ukatuko bai ni neu eta bai Joserra Senperena diskoaren ekoizle eta moldaketen egilea oso gustura gaudela azken emaitzarekin eta izan duen oihartzunarekin, baina kito, jada ez dut entzuten disko hori, eta ez dut gehiago entzungo. Orain, berria interesatzen zait, hura gustatzen zait gehiago». Diarios izan zen berri hori, eta Senperena musikari eta adiskidea izan zuen horretan ere lagun ekoizpenean eta konponketa lanetan.

Paradoja (2013) izan zen bakarkakoan emandako azken-aurreko diskoa, eta jauzi bat egin zuen soinuan harekin, rock gordinago batera itzulita. Lou Reeden miresle handia izan zen, eta disko horretan ageri-agerian utzi zuen. Kafea eta Gailetak proiekturako ere The Veltet Underground taldea aukeratu zuen. «Beste asko aukera nitzakeen, baina Velvet da kuttunena niretzat, etxekoena».

Eta Niño Futuro. Hori izan da Berrioren azken lana, iaz plazaratua. Kritikak txalotu egin zuen, eta baita musikaria bere garairik gozoenean zegoela esan ere.

Beti gaztelaniaz kantatu bazuen ere, jarraitzen zuen euskal eszena. Eta ezagun da euskaraz sortzen dutenen artean ere Berriok izan duen estimua. Harkaitz Canok, esaterako, haren Saturno kanta euskaratu zuen, eta poema modura errezitatu Mursegorekin batera sortutako Porto ikuskizunerako. Bere kantuetan ere maiz egin zien leku poetei; Barojari eta Gil de Biedmari, beste askoren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.