Ondoezari aurre egiteko erremedioa badu Ze Esatek taldeak

'Ibuprofeno' izeneko estudioko hirugarren lana kaleratu du, Mirentxu Records zigilu propioarekin

Ze Esatek taldekoak, Dokan, diskoaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARP.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Txipa aldatu nahi izan dute, eta aurreko diskoetan baino doinu gogorragoak sartu dituzte Ze Esatek taldeko kideek hirugarren diskoan. Baina funtsean taldearen betiko esentzia mantendu dute, eta igandeetako bestondoa kentzeko moduko hamabi abesti berrirekin dator Ibuprofeno lana (Mirentxu Records).

Estilo gogorragoaren bila aritu dira. «Gitarrak rock and roll doinu indartsuagoa izateko, buelta bat baino gehiago eman diegu; baxua, berriz, distortsionatu egin dugu», azaldu du Vierbu taldeko gitarristak. Lan honetarako, gainera, lehenengoz ez dituzte programatutako bateria erritmoak erabili: «Horrek erritmoa hobetzea ekarri du, eta teknika aldetik ere, irabazi egin dugu».Diskoa lantzen hasi zirenean jarritako erronka lortu dute, beraz, eta emaitzarekin «oso pozik» daudela gaineratu dute.

Taldearen nortasuna, hala ere, betikoa da, eta ohikoa duten eran, rock doinuei ska eta funk erritmoak gehitu dizkiete. Hori da, hain zuzen, taldeari gehien gustatzen zaiona. Erritmo desberdinak «irabiagailu» batean sartu, eta handik ateratako nahastearekin osatzea abestiak.

Bertolt Brecht idazlearen Viele Arten poeman oinarritua dago izen bereko abestia. Brechtek 1930ean idatzi izanagatik gaurkotasun handia duela uste dute Ze Esatek taldekoek, eta horregatik erabaki zuten abesti bihurtzea. Pertsona bat erailtzeko moduez dihardu idazleak olerkian. Gainerako kantuetan «ohiko gaiak» aipatzen dira, taldekideen esanetan. «Gai politiko eta sozialekin batera, amodioari eta desamodioari abesten diogu». Parrandari erreferentzia egiten diotenak ere ez dira falta, Ibuprofenozko goizak izenekoa, kasu. Abestiak euskaraz egin dituzte, baina batzuetan ingelesez, gaztelaniaz eta alemanez ere egiten dute. «Hizkuntza desberdinak tartekatzea jolas moduko bat da guretzat», gehitu du Vierbuk.

Urte hasieran ekin zioten diskoa prestatzeari. «Lanerako erritmo bat hartu genuen, eta hamasei bat kantu osatu genituen, horiei egindako moldaketatik atera ditugu diskokoak». azaldu du Vierbuk. Bi urte zeramatzaten abesti berririk sortu gabe, baina horretarako «premia» bazutela nabarmendu du Jabi Rodil taldeko abeslariak. Haritz Harregiren Usurbilgo Higain estudioetan grabatu dute diskoa, eta nahasketak Andoaingo Neurotika estudioetan egin dituzte.

Mirentxu Records

Argitaratu, hala ere, Mirentxu Records zigiluaren bidez egin dute. Taldeak berak sortu du zigilua, eta horrela ekin diote autoekoizpenaren bideari. Hurrengo astean irekiko da Durangoko Azoka, eta bertan erakusmahai propioa izango dutela gaineratu dute. Ahotsenean ere aurkeztuko dute lan berria, hurrengo ostiralean, 15:00etan. Kontzertuetan lehenengoa, berriz, Hatortxu Rock jaialdian emango dute, abenduaren 28an. Otsailean, izango dira emanaldi gehiago; Donostiako Dokan eta Gasteizko Kubik aretoan, besteak beste.

Edukiari bakarrik ez, kanpotik ere lanari osotasuna ematen ahalegindu direla kontatu dute, eta horren adibide da diskoaren azala. Botika kaxa baten itxura eman diote, barruko gomendio eta azalpen eta guzti. Unai Arana arduratu da diskoaren azala egiteaz. Bertan azaltzen duten moduan, dosia bolumen altuan eta gehiegi hartzeko beldurrik gabe hartu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.