Xabier Anduaga. Tenorra

«Ondoan dudan jendeari esker lortzen dut hobeto abestea»

Xabier Anduaga tenorrak lehen aldiz abestuko du Donostiako Kursaalean, larunbatean. EOrekin batera arituko da, eta «aurrerapauso» gisa hartu du Musika Hamabostaldian abesteko aukera.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak Xabier Anduaga tenorra (Donostia, 1995) izango du lagun larunbatean. Kursaalean emango dute kontzertua, Robert Treviñoren zuzendaritzapean. Nazioarteko opera garrantzitsuenetan aritu da abesten Anduaga: Bergamon, Hanburgon eta Parisen, besteak beste.

Hasieran, tenorra pianoak lagunduta zen kantatzekoa, baina, azkenean, EOrekin arituko da, eta honako musikari hauen piezak interpretatuko ditu: Von Weber, Rossini, Donizetti, Guridi, Vives, Lara eta Sorozabal.

Larunbatean Kursaalean abestuko duzu, Musika Hamabostaldiaren egitarauaren barruan. Zer-nolako erronka izango da zuretzat etxean aritzea?

Erronka baino gehiago, gauza oso polita izango da. Munduan zehar abesten aritu eta gero, aukera izango dut lagunei eta familiari egunero egiten dudana erakusteko. Niretzat oso pozgarria da, egia esan.

EOrekin arituko zara beste behin. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Etxeko orkestrarekin aritzea beti da polita; lasaitasuna ematen dit. Izan ere, badakit niretzako hoberena nahi dutela, eta talde bat osatuko dugula. Azken finean, talde bat behar da kontzertu polit bat egiteko. EOrekin arituko naizen laugarren edo bosgarren aldia izango da. Aldaketa sumatuko dutela espero dut; izan ere, orain dela lau urte abestu nuen haiekin azken aldiz.

Zer da zure ibilbidean Musika Hamabostaldian abestea?

Aurrerapauso handia. Kursaalean kantatuko dudan lehenengo aldia izango da. Ikasten eta hobetzen jarraitzeko beste pauso bat izango da niretzat.

Donizettiren eta Rossiniren piezak abestuko dituzu emanaldian, besteak beste.

Musika Hamabostaldiak nire errepertorioa erakusteko aukera eman dit, eta, testuinguru honetan, oso garrantzitsua da hori niretzat. Hau da, nik Bergamoko Donizetti festibalean abestu dut, eta Donizetti abestuko dut larunbatean. Rossini opera festibalean egin nuen nire debuta, eta Rossini ere abestuko dut. Esan nahi dudana zera da: nik ondoen egiten dudana erakutsiko diot ikus-entzuleari. Kontzertuaren bigarren zatian, berriz, Sorozabalen pieza bat abestuko dut. Momentu polita izango da guztiontzat emanaldia konpositore donostiar batekin bukatzea, are eta gehiago etxean izanda.

Nazioarteko zenbait operatan aritu zara abesten. Egon ez zaren zein operatan abestea gustatuko litzaizuke?

Nire ibilbideko mugarria izan zenlehengo urtean Operalia Ahots Lehiaketako saria irabaztea, baita Placido Domingo ezagutzea ere. Niretzat garrantzitsuena da jende onaren ondoan egotea eta haiekin abestea, eta horretan jarraitzea gustatuko litzaidake. Azkenean, hainbat lekutan abesteak badu bere balioa, baina, niretzat, pertsonak dira garrantzitsuena, hau da, norekin abesten dudan. Zure ondoan jende ona izateak balio handia du. Azkenean, jende horri esker lortzen dut hobeto abestea.

Aipatu duzu zure inguruan dagoen jendea baloratzen duzula. 2016an Rossini Akademian izan zinen, eta Alberto Zedda orkestra zuzendariarekin egon zinen. Zer-nolako eragina izan du hark zure ibilbidean?

Nire ahots irakaslea izateaz gain, nire ibilbideko pertsona garrantzitsuena izan da Alberto Zedda. Konfiantza osoa eman zidan 20 urte nituenean, eta, hari esker, Pesaron [Italia] Rossini opera festibalean debuta egiteko aukera izan nuen. Elkar ezagutu genuenetik, asko lagundu zidan, eta nire eguneroko lanean ere garrantzi handia du oraindik. Abesten ari naizenean, askotan pentsatzen dut hark esaten zizkidan gauzez. Garrantzitsua da niretzat hark irakatsitako ikasteko era. Horrek ematen dit laguntza eguneroko lanean opera bat menderatzeko eta ikasteko.

Noiz hasi zinen abesten? Nondik datorkizu operazaletasuna?

Nik musika beti izan dut etxean, eta, 7-8 urte nituela, Donostiako Orfeoian hasi nintzen abesten, 17 urte bete arte. Beste askok musika edo futbola egiten duten bezala, nik abestu egiten nuen. Han ezagutu nuen nire irakaslea; harekin hasi nintzen ikasten, eta, pixkanaka, gustuko nuela ohartu nintzen. Opera 18 urte nituela ezagutu nuen, eta pixkanaka hasi nintzen probatzen. Ezin dizut zehaztu noiz pentsatu nuen «opera abestu nahi dut». Gerora, Alberto Zedda ezagutu eta Pesarora joateko aukera eman zidan.

Operalia Ahots Lehiaketako saria eskuratzeaz gain, kritika onak jaso dituzu orain arte. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Sariak asko esan nahi izan zuen, munduko lehiaketa garrantzitsuena baita. Irabazteko esperantzarik gabe joan nintzen, eta, azkenean, bi sari garrantzitsuenak eskuratu nituen. Aurrera jarraitzeko laguntza ematen dizu horrek, psikologikoki; egiten ari zaren lan onaz jabetzen zara. Bestalde, nik ez ditut kritikak asko begiratzen, baina kritika onak jasotzeak beti ematen dizu konfiantza. Jendeak gustuko badu egiten duzuna, zerbaitengatik izango da. Segitzeko motibazioa ematen du.

Zer proiektu dituzu hemendik aurrera?

Nire agenda itxita dago 2024ra arte, zorionez, gutxi gorabehera. Hurrengo hilabeteetan, kontzertu asko ditut inguruan; Sevillan [Espainia] eta Coruñan [Galizia], besteak beste. Bilbon ere izango naiz hurrengo urtean, eta opera abestuko dut Madrilen. Parisera eta Hanburgora bueltatuko naiz. Zorionez, lan asko daukat. Jarraituko dut lekuak ezagutzen eta aurretik abestu dudan lekuetara bueltatzen. Azkenean, garrantzitsuena hori da; opera batean behin abestea oso polita da, baina, berriz abestera bueltatzea, askoz politagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.