Haizea Barcenilla
Begiz

Ondarea kudeatzeko manerak

2024ko ekainaren 18a
05:10
Entzun

Festa ederra izan zuten larunbatean Larunben: Aranzadik herriko aztarnategian topatutako aldarea aurkeztu zuen, Valeria Vitella izeneko emakumeak Larraheri eskaini ziona orain dela bi mila urte inguru. Erromatar tradizioarekin lotzen den forma du —halako aldareak ohikoak baitziren haien kultuetan, eta latinez idatzita baitago—, baina Larrahe izeneko jainko edo jainkosa baskoiari eskainita dago; hain zuzen, larreak zaintzen zituen emankortasunaren dibinitate baskoiari.

Piezak gure herriaren historia ezagutzeko beste pauso bat ekartzeaz gain, asko poztu ninduen hura ezagutzera emateko moduak. Larunbeko elizan elkartu ziren Aranzadiko zein Nafarroako Gobernuko arduradunak aurkikuntzaren berri emateko, herritarrekin bat, auzolanean aritu baitziren aztarnategian. Bertan erakutsi zen aldarea, jendeak berarekin argazkiak atera zituen, Juantxo Agirre Mauleon Arriaundi aztarnategiko zuzendariak piezaren inguruko azalpenak eman zituen, eta, ondoren, herri bazkaria eta festa egin zuten. Teleberri-n amona-iloba batzuk agertu ziren; ilobak auzolanean parte hartu zuen, eta, amonari eskutik heltzen zion bitartean, hunkituta azaldu zuen zein pozgarria zaion euskararen historiaren halako testigantza bat norberaren herrian eta guztion lanari esker topatu izana.

Oso barnean sentitzen dute amona-iloba horiek aurkitutako ondarea ez dela museo urrun batena, erakunde abstraktu batena, beraiena baizik. Valeria Vitella hurbil sentitzen dute, eta horiek dira ondarearekiko sortu daitezkeen sentimendurik garrantzitsuenak: identifikazioa eta norberarena izateagatik zaindu nahi izatea. Bikain planteatu du Aranzadik aurkezpena, herriko jendeari bere lekua eta garrantzia emanez, pieza berea dela aurkeztuz. Berea delako; denona delako.

Aldi berean, sentipen berdinak frustrazioz bizi dituen herritar mordo bat elkartu zen Dalia fabrikaren aurrean, Gernikan. Haiek ere sentitzen dute euren lurraldeko ondarearekiko identifikazioa eta zaintzeko nahia; ondare kulturala zein naturala. Horregatik, asaldatuta daude Jaurlaritzak, auzolanetik beste puntan kokatzen den politika bati jarraikiz, bertan Guggenheim museo bat eraikiko duela esan zuenetik. Ordutik dabiltza mobilizatuta, elkarrizketa eskatuz, zer esana izateko eskubidea aldarrikatuz. Orain dela egun batzuk, ezustean, Dalia eraisten ari zirela entzun, eta bertara hurbildu ziren, maite duten ondare horri eusteko. Hura ere berea delako; denona delako.

Jaurlaritza berria sortzen ari den honetan, polita litzake politikariak ere Larunbeko iloba-amonak ikusi eta hunkitu izan balira, eta ondarea kudeatzeko beste maneretan pentsatzen hasi balira. Baina, tamalez, mendi puntan dago haientzat Larunbe, urrun eta xume, eta Bilbotik hurbilegi Gernika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.