Kritika. Dantza.

On Kixote izoztua

Agus Perez.
2024ko irailaren 8a
05:05
Entzun

'on kixote'

Konpainia: Bern Ballett. Koreografia, zuzendaritza eta jantziak: Po-Cheng Tsai. Koreografia-laguntzailea: Sheng-Ho Chang. Musika: Ming-Chieh Li. Argiak: Chih-Chen Liu. Dramaturgia: Bettina Fischer, Isabelle Bischof. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi. Eguna: Irailak 6.

Bernako balletari egokitu zaio aurtengo Dantzaren Maitaldiaren irekiera nagusia. Suitzar konpainiak On Kixote-ren bertsio dantzatua eskaini digu era guztiz garaikidean. Izan ere, Cervantesen eleberri famatuak hainbat bertsio eta interpretazio jaso ditu mendeetan zehar On Kixote eta Santxo Pantzaren arketipoetan oinarrituta, eta oraingo honetan Po-Cheng Tsai koreografoak (Taiwan, 1987) hartu du bikote unibertsalak dantzaren bidez gaurkotzearen lana.

Eremu eszenikoaren disposizioak hasieratik eman digu atentzioa: bloke geometriko handi batzuk zeuden sakabanatuta —arkuak, objektu errektangeluarrak, plano inklinatuak…— eta dena inguratzen zuten horma zurietan zenbait ate ikusi dugu, zuriak haiek ere eta haien markoa argi-lerro zuri batez markatuta. Emanaldi osoan zehar zuria izan da artelantzat jo dezakegun argia, eta giro kliniko horretan garatu dira protagonista espiritualaren eta haren morroi lurtarraren pasadizoak, eszenako albo batean Herioaren itxura zeukan figura artegagarri batek eskuak enigmatikoki mugitzen zituela, mezu kriptikoak guri helarazi nahian. Nor ote zen, ordea? Lepantoko mantxota bi eskuekin akaso? Ni behintzat jokoz kanpo utzi nau elementu eszeniko horrek.

On Kixote gorriz jantzita agertu da, eta haren inguruan ibili dira beltzez eta diseinu ausartaz jantzitako mamuak edo itzalak, izaera sinfonikoko musika heroikoan murgilduta eta haren perkusio brutalistak dantzarien keinu sinkopatuak eta arabeskoak gidatzen zituela. Koreografia, aldiz, erabateko abstrakzioaren eta sinbolismo ilunaren artean ibili da denbora osoan, edozein tentazio narratibotik ihesi, eta zaila egin zaigu liburuaren pasarterik famatuenak dantzaren bidez ezagutzea.

Haien artean, noski, Mantxako haize-errotena iruditu zaigu lortua, hiru lerro konbergentetan jarritako dantzariek besoak era desitxuratuan astindu dituztenean. Eta beste pasarte polit bat sortu da On Kixoteren eta Dulzinearen artean, itzalen pertsonifikazioek airetik mugiarazten zituztenean irudimenezko maitaleek elkar ukitzea eragotziz. Gorriz jantzitako bigarren figura bat ere agertu da une batetik aurrera, Santxo estilizatu bat izan zitekeena edo, agian, On Kixoteren alter ego-a zena. Hala ere, eta musika beti hanpatuaren eraginez, hotza —izoztua ere— iruditu zait Po-Cheng Tsairen proposamena, bere muturreko estetika ustez aurreratuaren aldeko apustua dela kausa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.