Omenaldirik ederrena

Anje Duhalde abeslaria omendu zuten bart Abadiñon (Bizkaia). Laster Bidean-ek eta udalak antolatutako kontzertuan musikari ugari igo ziren oholtzara, eta bihotz barrenetik egindako aitorpen zintzoa eskaini zioten kantariari.

Anje Duhalderi egindako omenaldiaren irudi bat, ostiralean, Abadiñon. GORKA RUBIO/ FOKU
Joseba Tapia eta Anje Duhalde, atzo, Abadiñon (Bizkaia) egindako omenaldi kontzertuan. GORKA RUBIO/ FOKU
2024ko ekainaren 15a
12:52
Entzun

Aitorpena, esker ona, errekonozimendua... modu askotan deskriba genezake Abadiñon bart egin den emanaldia. Anjeri omenaldia hitza gehiegizkoa iruditu edo batere gustatzen ez zaion arren, Laster Bidean erakundeak eta Abadiñoko Udalak egindako gorazarrean maitasun tonak jaso zituen arrangoiztarrak, ia bi ordu eta erdiko saioan bihotz barrenetik egindako aitorpen zintzoa jaso baitzuen lehen kantatik azkeneraino. Miren Amurizak bertso sentitu batzuekin hasi zuen saioa. Gero, Onintza Azkarate, Manex Pagola, Itziar Nabarro eta Teresa Jareñok Gogoaren baitan eta Maitasun nortasun jo zituzten, biolina, kontrabaxua, klarinetea, gitarra eta abarrekin egin ere. Ainhoa Urien aurkezlea hainbat alditan taularatu zen Anjeri eta ekitaldiari berari buruz azalpenak emateko, baita esker ona adierazteko ere. Berak esan bezala, Anjek «senetik eta senez» kantatzen baitu. Haren euskara eta Euskal Herriarekiko konpromisoa azpimarratu zituzten gonbidatuek ere, eta Eñaut Elorrietak, adibidez, Anje «euskara hutsez kantatzen duten horietakoa» dela nabarmendu zuen. Anjeren ibilbideaz gain, euskal presoen eskubideen aldarrikapena eta, bigarren mailan izan bazen ere, Palestinaren egoera izan ziren gaueko irizpide nagusiak.

Oro har, artista bakoitzak bina kantu jo zituen, Anjerenak zein kanta propioak. Anttonek, adibidez, Eperra-ren ondoren bere Gorantz erori dotore eta delikatua kantatu zuen. Gero, Gu Ta Gutarrak-en txanda iritsi zen, edo haren %60, hots: Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariak eta Josu Zabala. Gora gu ta gutarrak energia handiz egin zuten, eta gero Zabalak, soinua jotzeaz gain, Errobiren Gure zortea-ren zati handi bat a capella kantatu zuen. Azken hirukoteak Palestinaren egoera salatu bazuen, Joseba Tapiak ere beste hainbeste egin zuen: txalo zartada luzea jaso zuen hark ere, eta ondoren jo zuen Abadiñoko Karmentxu, adibidez, bereziki martxosoa geratu zitzaion.

Anje Duhalderi omenaldia
Anje Duhalderi eginiko omenaldia. GORKA RUBIO/ FOKU

Zentsura ere aipagai izan zuen Ainhoa Urienek. Anjek ere berea jasan behar izan zuen, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak arrazoi politikoengatik bere zirkuitu kulturaletik at utzi zuenean. Zorionez, urte hartan (1994-1995) inoiz baino emanaldi gehiago egin zituen herri mugimenduei esker. Arrakasta handia lortu zuen Xabier Amurizak ere. Lehenik, bere hitzak dituen Anjeren Maitasun aroak abestu zuen, barren-barrenetik, eta gero kontu zaharragoak ekarri zituen gogora: euskal apaiz errebeldeek 1969an egin zuten itxiera mitiko hura, duela ez urte asko Agorila zigiluak CD eta biniloan era fidelean argitaratu zuena. Ines Osinagak (berak bakarrik) egin zuena harrigarria izan zen: tramankulu batekin kapak eta erritmoak eraikitzen joan zen Gogoaren baitan, Kantuz eta Aurrera bolie eremu guztiz pertsonal eta esperimentalera ekartzeko. Gero, Joseba Sarrionandia igo zen hitz hunkigarri batzuk esatera, eta segidan Inesek berak Sarriren hitzak eta bere musika duen Non dago gure askatasuna? eskaini zuen.

Ondoren, Eñaut Elorrietak bere Eguzki argitan sentibera berak bakarrik dakien goxotasunarekin egin zuen, segidan Anjeren Ama Euskal Herria era benetan hunkigarrian borobiltzeko. Duhalderen momentua iritsi zenean etorri ziren unerik zirraragarrienak. Berak dioen bezala «hitz luze eta esaldi xelebre askorik gabe» eskerrak eman eta bere azken kantua (Muga bat beti hor) jo zuen. Joseba Tapia igo zen gero Anjerekin bi kantu egiteko. Bata, sorpresa itzela, sekula zuzenean kantatu ez duen 1975eko pieza baliotsua. Eustakio Mendizabali eskainia, Eustakiok berak idatzi zituen hitzak kartzelan zela. Gero, Kantuz klasikoa, Poco taldearen bertsioa den arren gure herriak aspaldi bereganatu duena. Tapiaren tonu altuek eta Anjek azken urteotan daukan kantatzeko botereak bere efektua biderkatu zuen. Gero, Anjek bakarrik Kantu hau zuretzat eta, azken agurretik gertu, gonbidatu guztiak oholtzan zirela, nola ez, denok kantatutako Amnistiaren Dema ezin aproposagoa, eta azkenik Anjek berak bakarrik Eperra kantatu zuen, oso hunkituta eta bertan bildutako jendetza oinetan zituela. Oholtza gainean sei hamarkada egin dituen artistari merezimendu osoz emandako esker ona gogoangarria izango da, ziurrenik, bai beretzat bai ikusleentzat.

Anje Duhalderi omenaldia
Anje Duhalderi eginiko omenaldia. GORKA RUBIO/ FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.