Omenaldiaren azken hitzak

Agnes Vardaren inguruko 'Errealitateen eta ameskerien buruxkari' liburua argitaratu du Nosferatu bildumak. Zinemagilearen 'Varda par Agnès' azken filma proiektatuko dute

Joxean Fernandez, Victor Iriarte, Imma Merino eta Carlos J. Plaza, atzo, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Agnes Varda zinemagileak bere bizitzaren azken sasoian jaso zuen aitorpen gehien. 2015. urtean, Ohorezko Urrezko Palma jaso zuen Cannesko Zinemaldian, eta iaz Ohorezko Oscar saria eman zion AEBetako Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak; birritan izan zen aitzindaria, lehenengo emakumea izan baitzen aitortza bakoitza jasotzen. Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak ere bat egin dute azken urteetako omenaldi giroarekin: 2017an, Vardak Donostia saria jaso zuen, eta Nosferatu programazioak hari eskaini dio bukatzear den denboraldia. Martxoaren 29an hil zen Varda, eta bi hilabetera iritsi da Donostiako zinema eragileen azken aitortza: hari buruzko bi liburu argitaratu ditu Nosferatu bildumak, Errealitateen eta ameskerien buruxkari, euskaraz eta gaztelaniaz.

Imma Merino historialari, kritikari eta irakasle katalanak idatzi du jatorrizko Espigadora de realidades y de ensueños liburua. Euskarazko itzulpena, berriz, Aritz Gorrotxategik egin du. Merinok urteak daramatza Vardaren lana aztertzen, eta haren inguruan osatu zuen doktore tesia ere: Subjektibotasuna eta autoerrepresentazioa Agnes Vardaren zineman jarri zion izena. «Les glaneurs et la glaneuse ikusi nuenetik, beti egon da nigan», esan zuen idazleak atzoko aurkezpenean. Film horretatik hartu du buruxkari (glaneuse) hitza, liburuaren izenbururako.

Les glaneurs et la glaneuse dokumentalean ikusitakoak arrastoa utzi zuen Merinorengan: «Oso modu argi eta askean hitz egiten du; ez da diskurtsiboa, baina bai sarkorra». Ordutik, filmera itzuli izan da tarteka, «gero eta indar handiagoa» duela iruditzen zaiolako. Trapuketariak, kaleko biltzaileak eta material birziklatuarekin lan egiten duen jendea elkarrizketatu zituen Vardak, eta kontatzen duena gogoan izan du Merinok bere bizitzako zenbait garai latzetan: «Utzita edo abandonatuta dagoenak izan dezake beste bizitza bat: egoerari buelta eman diezaiokezu».

Filmak egiten zituenean idazten zen Vardaren lanaz. Topatu daitezke artikuluak, kritikak eta elkarrizketak; halere, haren obra osotasunean aztertuko zuten lanen falta sumatzen zuen Merinok, eta zinemagilearen begirada eratzen duten elementuak elkartu beharra ikusi zuen. Orduan hasi zen Vardaren lana aztertzen, eta ibilbide horren azken urratsa izan da Errealitateen eta ameskerien buruxkari liburua. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak ere «hutsune historiografiko bat» nabari du Vardaren inguruan, eta hutsune hori betetzeko ere baliatu nahi dute Merinoren lana.

Vardak bere filmetan egoteko zuen moduak ematen dio atentzioa idazleari: ahotsak eta presentzia fisikoak. «Ez dizu ez goitik ez behetik begiratzen: begietara begiratzen dizu». Pertsonaz inguratu ohi zen filmak egiteko, eta, Merinoren ustean, «besteak ezagutzeko desiratik» egiten zuen zinema. Errealitatea ezagutu eta erregistratzea zuen helburu. «Seguru ustekoa izan beharrean, hitz egiten zuen, gogoeta egitera gonbidatzen zuen ikuslea».

Liburuaren egileak sei ataletan banatu ditu zinemagilearen inguruko iruzkinak: subjektibotasunaz eta autoerrepresentazioaz hitz egiten du; errealitatearen lekukotza jasotzeko moduez; Vardak Jacques Demyrekin zuen harremanaz eta haren heriotzaren ondorengo doluaz; emakume begiradaz; eta besteen bidez bere burua erretratatzeaz.

Azken elkarrizketa

Gaztelaniazko liburuan, ordea, bada beste atal bat ere: Merinok Vardari egin zion elkarrizketa luze bat. Joan den azaroaren 24an egin zuten hitzordua, Parisen, eta zinemagileak eman zuen azken elkarrizketa luzeetako bat da jasotakoa. Orduak igaro zituzten hizketan: Agnès, de 11 a 4 du izena atalak, Vardaren Cléo de 5 à 7 filmaren izenari keinu eginez.

Ordurako gaixo zegoen zinemagilea, eta hark ere onartzen zuen hori. Halere, «jakin-mina» sumatu zion Merinok, sortzen jarraitzeko nahia. Vardaren bizitzarekin eta haren lanekin horren lotura estua duen etxean egoteak berak hunkitu zuen idazlea: «Elkarrizketak etxe horretan arnasten dena jasotzen du». Dena den, egoeraren magiak ez zuen Vardaren berezko izaera aldatu: «Esan zigun zorionekoak ginela etxean elkarrizketa egiteko aukera izan genuelako». Zinemagileak indarkeria matxistaren aurkako manifestaziora joan nahi zuen, baina etxean geratzea erabaki zuen, ondoezik sentitzen zelako.

Nosferatu programazioak ziklo bakoitzaren hasieran kaleratu ohi du liburua, baina salbuespena egin dute Vardarekin. Udan beste ziklo batean ari ziren lanean, baina «inprobisatu» egin behar izan zuten, Vardarena aurreratu eta harekin osatzeko denboraldia, Carlos J. Plaza Donostia Kulturako zinema saileko teknikariaren hitzetan. Azaroan hasi ziren Vardaren 60 urteko filmografiari errepasoa egiten. «Askok aldarrikatzen dute Agnes Vardaren irudia, baina inor gutxik ezagutzen du haren obra osoa».

Zikloaren amaierarako, bi saio berezi antolatu dituzte, «amaierako koda». Varda par Agnès (2019) zinemagilearen azken lana eramango dute Donostiako Tabakalerara, bi emanaldi berezitan: ekainaren 12an eta 19an egingo dituzte proiekzioak, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.