Azken bost urteetan Ziudadelan egin ostean, bere jatorrizko lekura itzuli da Nafarroako Komiki Azoka, hots, Alde Zaharreko Kondestablearen jauregira. Zortzigarren aldia da aurtengoa, eta bihartik irailaren 28ra arte iraunen du. Erakusketa nagusiaren egoitza Kondestablearen jauregia izanen den arren, Civicanen eta El Corte Inglesen ere ekitaldiak antolatuko dituzte, aurreko urteetan bezala.
Nafarroako nahiz nazioarteko komikigileen obren zatiak izanen dira ikusgai. Alberto Rodriguez azokaren zuzendari teknikoak azaldu duenez, batez ere tokiko autoreen lanak sustatu nahi dituzte, eta, hortaz, lehentasuna eman diete: «Aurten, The Velvet Underground talde estatubatuarrari omenaldia egiten dion erakusketa bat egongo da, 11 autore nafarren obrez osatuta. Autore bakoitzak disko famatuaren abesti bat irudikatuko du marrazkiekin». Izan ere, rockaren historian eraginik handienetarikoa izan duen diskoa da, eta 50 urte bete ditu aurten.
Halaber, bertakoen erakusketen artean, Nafarroako Diaro de Noticias-eko binetagile den Jota Jotak antolatzaileei eskaini dizkien egunkariko 36 komiki zinta eta hainbat aldizkaritan editatu dituen 8 orrialde jarriko dituzte ikusgai. Lolita Butterfly umorezko pertsonaiaren sortzaile den Idoia Iribertegi iruindarrak ere hainbat bineta erakutsiko ditu.
Nafarrak ez diren autoreen artean, gehienak Espainiatik etorriak dira. Ezagunenetarikoak, besteak beste, Fernando Vicente eta Javier Olivares madrildarrak eta Albert Monteys katalana izanen dira. Vicente ilustratzailea da Espainiako zein nazioarteko hainbat hedabidetan, eta sari askoren irabazle. Halaber, liburu ilustratuengatik ezaguna den Nordica argitaletxearentzat egiten du lan. Azokara Dracula eleberri klasikoari buruzko 57 ilustrazio original eraman ditu. Bram Stoker idazlearen lanari omenaldia egin nahi izan dio, aurten Dracula-ren kaleratzearen 120. urteurrena baita. Olivares ere pisuzko autorea da. Joan den urtean Espainiako Komikiaren Saria irabazi zuen, eta ezaguna da oso eleberri grafikoen munduan bere Las Meninas obrarengatik. Iruñera komiki munduko pertsonaia ezberdinen istorioak irudikatzen dituzten binetak eraman ditu: Sherlock Holmes, Dracula, Doctor Jekyll...
Badu zer esanik ere Monteysek. El Jueves Espainiako aldizkari satirikoan lan egiteagatik eta zuzentzeagatik da famatua, eta ibilbide luzeko autorea da. ¡Universo! izeneko bost aleko komiki serie bat argitaratu du aurten, eta Eisner saria irabazteko hautagai izendatu dute horrengatik. Nazioartean komigintzan dagoen saririk garrantzitsuenetarikoa da hori, eta, azkenean irabazi ez zuen arren, Rodriguezen esanetan, «ohore handia» da izendatu izana: «Komikigintzaren munduan dagoen saririk gorena da Eisner saria, zinema munduko Oscar sariaren parekoa. Pena bat da Monteysek irabazi ez izana, baina, halere, marrazkigile batek jaso zezakeen ohorerik handiena jaso du». El Jueves-eko umorezko zintak nahiz ¡Universo! lanetik ateratako zientzia fikzioko binetak erakutsiko ditu Kondestablearen jauregian.
Herri ekimena
Hilda dauden autore batzuen lanak ere erakutsiko dituzte: adibidez, Josep Coll komikigile klasiko katalanarenak. 100 urte bete dituen TBO aldizkariaren marrazkilarietako bat zen Coll. 1940ko hamarkadan eginiko ilustrazio originalak ikusi ahalko dituzte bisitariek, Rodriguezen esanetan, «balio handia» dutenak.
Bestalde, Civicanen Zaragozako (Espainia) Calpurnio komikigilearen erakusketa egonen da El bueno de Cuttlas obrari buruz, eta El Corte Inglesen, berriz, Ernest Sala katalanarena: Dolores Redondo idazleak egindako Baztanen inguruko eleberriak komiki bihurtu ditu azken horrek.
Azokan parte hartu duten autore guztiek bisitariekin elkarrizketa saio bat eta liburu sinatze bat eginen dute, egun ezberdinetan. Ez dute, ordea, aurreko urteetan bezala, marrazki demostraziorik eginen ikusleen aurrean, «espazio falta dela eta», Gutierrezek azaldu duenez. Ziudadelan leku handiagoa zuten, eta, adibidez, tamaina handiko margolan bat egiteko aukera eman zien, baina, aurten, obra gehiago izanen dira ikusteko, eta, hortaz, leku gutxiago. Hala ere, Iruñeko Udalak Descalzos kalean horma pintura bat egiteko baimena eman die. Mota horretako margolanetan aditua den Arantxa Reciok eginen du, eta bertan utziko dute.
Iruñean komiki azoka bat egiteko ekimena Tiza erakundearena izan zen, duela zortzi urte: hiriko komiki zaleez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. 2009an Kondestablearen jauregian egin zuten lehenbiziko azokaren arrakasta ikusita, urtero errepikatzea erabaki zuten. Tizako kide izana da Rodriguez, eta aurten egokitu zaio lehen aldiz azoka antolatzea, orain arte kolaboratzailea baino ez baita izan.
Pozik dago Rodriguez egoitza berriarekin: «Alde Zaharrean dagoenez, askoz ere jende gehiago etorriko da erakusketak ikustera. Ziur nago aurten bisitarien kopurua igoko dela». Bisita gidatuak eginen dituzte, euskaraz nahiz gazteleraz, eta bereziki ikastetxeentzat izanen dira.
Omenaldia irudiaren maisuei
Nafarroako VIII. Komiki Azoka Kondestablearen jauregira itzuliko da aurten, eta bihartik irailaren 28ra arte bisitatu ahalko da. Bertako nahiz nazioarteko autore ezagunak bilduko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu