Omenaldi bat jazz doinuekin

Brad Mehldau piano jole ezagunak The Beatles taldearen kantuekin osatu du bakarkako lan berria. 11 abesti bildu ditu guztira; guztiak ere zuzeneko emanaldietan grabatutakoak dira.

Mehldau zuzeneko kontzertu batean, ohi duen moduan burua eskuinera okertua duela jotzen. DAVID ARQUIMBAU SINTES / EFE.
aitor biain
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Brad Mehldau piano jole ezagunak (Jacksonville, AEB, 1970) maiz bihurritu ditu askotariko rock taldeen kantuak jazzaren eta pianoaren moldeetara egokitzeko. Radiohead, Nirvana, Alice in Chains, Oasis eta baita The Beatles taldearenak ere, beste askoren artean. Liverpooleko laukotearen zale sutsua dela aitortu izan du askotan musikariak, hain justu ere, eta 1990eko hamarkadan bere ibilbidea abiatu zuenetik hainbatetan jo ditu taldearen abestiak zuzeneko kontzertuetan. Oraingoan, ordea, disko bat eskaini dio: Your Mother Should Know. Brad Mehldau Plays The Beatles.

Mehldauk hirukote gisara garatu du bere musika ibilbidea, batez ere; Larry Grenadier baxu jotzailearekin eta Jorge Rossy bateria jolearekin batera jardun du urte askoan, eta dozena bat diskotik gora argitaratu ditu beste musikari batzuekin ere. Bakarka ere aritu izan da, baina orain arte inoiz ez zuen The Beatlesen doinuak grabatzeko pausoa eman. Hori horrela, piano soilez eta zuzeneko disko batekin egitea erabaki du musikariak.

2020ko irailaren 19an eta 20an Parisko Philharmonie aretoan eman zituen kontzertuetan grabatu zuen diskoa. 11 kantuk osatzen dute bilduma; bederatzi dira Lennon eta McCartney bikoak konposatutakoak, eta bakarra George Harrisonek ondutakoa —If I Needed Someone—.

Hamaikagarrena, eta diskoa ixten duena, David Bowierena da: Life On Mars?. Keinu hori erabili nahi izan du musikariak Liverpooleko laukotearen kantuek gerora pop musikan izan zuten eragina gogorarazteko. Berak ere horri esker ezagutu baitzuen taldea. «Haien musikak eta beste musikari batzuengan izan duen eragin nabarmenak egiten dudana azaltzen dute».

Gasteizko Jazzaldian izango da Mehldau zuzenean ikusteko aukera, hain zuzen ere. Uztailaren 3tik 8ra egingo da jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.