Agustin Ibarrola artista bilbotarra 1982an hasi zen Omako basoaren proiektuarekin, eta, 2000. urtera arte, Kortezubiko (Bizkaia) baso hartako pinuak margotzen aritu zen. 2018an itxi zuten basoa, ordea, segurtasun arrazoiengatik. Itxi bezain laster, Bizkaiko Foru Aldundia margolana berreskuratzeko aukerak aztertzen hasi zen. Orduan, basoa bizirik mantentzeko, aukerarik egokiena lekualdatzea zela erabaki zuen arte garaikidean eta basoko artean espezializatutako adituek osatutako batzorde batek. Horrela hasi zen obraren migrazio prozesua, atzo amaitu zutena.
Fernando Bazeta EHUko irakasleak gidatutako talde bat arduratu da lekualdaketaz. Besteak beste, artista plastikoek, arkitektoek eta basozaintzan adituek hartu zuten parte. Diziplina anitzeko talde hau Agustin Ibarrolaren familiaren laguntzaz baliatu zen migrazio prozesua osatzeko.
Obra berrinterpretatzean, Ibarrolaren jatorrizko ideia errespetatu nahi izan zuten taldekideek. Galduta zeuden multzo batzuk berreskuratzea lortu zuten, eta basoa handitu egin zuten. Azaldu dutenez, Ibarrolak ezin izan zituen multzo handiak margotu, zuhaitz gutxiago zituelako. Migrazio prozesuan, baina, zuhaitz gehiago margotu zituzten, artistak jatorrizko basorako pentsatuta zeuzkan dimentsioak eta ezaugarriak gauzatu ahal izateko.
Migrazio prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoa 2022an gauzatu zuten. Multzorik esanguratsuenak bereizi zituzten —jatorrizko basoan zeukaten kokapena kontuan hartuta—, gero baso berrian kokatzeko. Hamalau multzo margotu zituzten denera, espazioan zuten kokapena errespetatuz. Fase horretan bideak egiteko eta zuhaitzak mantentzeko lanak ere egin zituzten.
Bigarren fasea, berriz, aurten burutu dute. Aldi horretan, beste hogei multzo artistiko margotu zituen taldeak. Guztira, 34 multzo osatu zituzten, 800 zuhaitzetan baino gehiagotan.
Basoa inauguratzeko ekitaldia egin zuten atzo, Kortezubin. Bertan egon ziren Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Agustin Ibarrolaren senideak eta basoaren migrazio prozesua egin duen taldea.
Bazeta taldeburua harro azaldu zen egindako lanarekin, eta ziurtatu zuen migrazio prozesua erabat berritzailea izan dela: «Aitzindariak izan gara hemen ezarri ditugun konponbideekin eta irizpideekin». Gaineratu zuenez, «lana berrinterpretatu» dute. «Interpretazio berri honekin, basoa k irabazi egiten du, eta hurbiltzen da Agustin Ibarrolak nahi zuenera».
Jose Ibarrola, Agustin Ibarrolaren semea, taldearekin batera buru-belarri ibili da azken urteetan Omako basoa berreskuratzeko lanetan. Haren hitzetan, «aitak ikusiko balu, oso pozik egongo litzateke».
Etxanobek ere hartu zuen hitza atzoko ekitaldian: «Basoa irekitzearekin, berriro uztartzen ditugu bi elementu: Agustin Ibarrola eta ikuslea. Eta horrexek du benetan garrantzia. Horrek ematen dio zentzua artistaren obrari». Bisitarien garrantzia nabarmendu zuen Bizkaiko ahaldun nagusiak, eta lanean aritu dien guztiei eskerrak eman zizkien.
Bisitak, gaurtik
Omako basoa bisitatu nahi duenak aldez aurretik erreserba egin beharko du Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean, bai bisita libreak zein gidatuak egiteko. Horrek bisita fluxua hobeto banatzen lagunduko du, Omako basoko langileen arabera. Bisita gidatuak larunbatetan egin ahal izango dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz.
Asteburuetan eta jaiegunetan autobus zerbitzua ere izango da, Gernika-Lumotik (Bizkaia). Orduero abiatuko da, eta Santimamiñeko aparkalekuraino hurbilduko ditu bisitariak. Hortik aurrera, oinez jarraitu beharko dute: 2,8 kilometro dira basoraino.
Omako basoa berriz ireki dute, eta bisitarientzat zabalik izango da gaurtik
Agustin Ibarrola artistaren obra lekuz aldatzea erabaki zuten, hura bizirik mantentzeko asmoz. 2022an hasi zuten migrazio prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu