Artea

Omako basoa berrireki dute

Agustin Ibarrolaren obra lekualdatu dute, bizirik mantentzeko asmoz. 2022An hasi zuten migrazio prozesua, eta bihartik aurrera publikoari zabalik egongo da.

Omako basoa jendeari irekita egongo da urriaren 28tik aurrera. ARITZ LOIOLA/FOKU
Markos Tedin-Uriburu Castro
2023ko urriaren 27a
18:03
Entzun

Agustin Ibarrola artista bilbotarra 1982an hasi zen Omako basoaren proiektuarekin eta, 2000. urtera arte, hango pinuak margotzen aritu zen. 2018. urtean itxi zuten, ordea, segurtasun arrazoiengatik. Itxi bezain laster, Bizkaiko Foru Aldundia margolana berreskuratzeko aukerak aztertzen hasi zen. Orduan, basoa bizirik mantentzeko, aukerarik egokiena lekualdatzea zela erabaki zuen arte garaikidean eta basoko artean espezializatutako adituek osatutako batzordeak. Horrela hasi zen obraren migrazio prozesua, gaur amaitu dutena.

Fernando Bazeta EHUko irakasleak gidatutako talde bat arduratu da lekualdaketaz. Besteak beste, artista plastikoek, arkitektoek eta basozaintzan adituek hartu dute parte proiektuan. Diziplina anitzeko talde hau Agustin Ibarrolaren familiaren laguntzaz baliatu da migrazio prozesua osatzeko.

Obra berrinterpretatzerakoan, Ibarrolaren jatorrizko ideia originala errespetatu nahi izan dute taldekideek. Galduta zeuden multzo batzuk berreskuratzea lortu dute eta basoa handitu dute. Azaldu dutenez, Ibarrolak ezin izan zituen multzo handiak margotu, zuhaitz gutxiago zituelako. Migrazio prozesu honetan, zuhaitz gehiago margotu dira, artistak jatorrizko basorako pentsatuta zeuzkan dimentsioak eta ezaugarriak gauzatu ahal izateko.

Migrazio prozesuak bi fase izan ditu. Lehenengoa 2022an egin zuten. Multzorik esanguratsuenak bereizi zituzten -jatorrizko basoan zeukaten kokapena kontuan hartuta- gero baso berrian birkokatzeko. Hamalau multzo margotu zituzten, espazioan zuten kokapena errespetatuz. Fase honetan bideak egiteko eta zuhaitzak mantentzeko lanak ere egin ziren.

Bigarren fasea 2023an burutu zen. Azken honetan, beste hogei multzo artistiko margotu zituen taldeak. Guztira, 34 multzo egin dituzte, 800 zuhaitz baino gehiagotan.

Basoa inauguratzeko ekitaldi bat egin dute, gaur. Bertan egon dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, Agustin Ibarrolaren senideak eta basoaren migrazio prozesua burutu duen taldea.

Bazeta taldeburua harro azaldu da egindako lanarekin, eta ziurtatu du migrazio prozesua erabat berritzailea izan dela: «Aitzindariak izan gara hemen ezarri ditugun konponbideekin eta irizpideekin». Jose Ibarrola, Agustin Ibarrolaren semea, taldearekin batera buru-belarri ibili da azken urteetan Omako basoa berreskuratzeko. Bere hitzetan, «aitak ikusiko balu, oso pozik egongo litzateke».

Bisitak

Omako basoa bisitatu nahi duenak aldez aurretik erreserbatu beharko du Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean, bai bisita libreak zein gidatuak egiteko. Horrek bisita-fluxua hobeto banatzen lagunduko du, Omako basoaren langileen arabera. Bisita gidatuak larunbatetan egingo dira, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:30etan euskaraz.

Asteburuetan eta jaiegunetan bus zerbitzua eskainiko zaio publikoari, Gernika-Lumotik. Orduero abiatuko da, eta Santimamiñeko aparkalekuraino hurbilduko ditu bisitariak. Hortik, bidea oinez jarraitu behar da: 2,8 kilometro dira basora heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.