Omako baso berritua ikusgai egongo da astelehenetik aurrera

Bizkaiko Aldundiak bisita gidatuak antolatuko ditu uztailaren 25etik irailaren 11ra. Omako basoa berritzeko lanetan izango dira langileak, eta hurrengo udan ireki nahi dute osorik

Omako basoa lekualdatzeko lanak. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Omako basoa lekualdatzeko lehenengo pausoak eman dituzte jada. Agustin Ibarrolaren obra hurrengo urteko udarako guztiz bukatzea espero du Bizkaiko Foru Aldundiak, baina bisitariek lanaren hastapenak bisitatzeko aukera izango dute uztailaren 25etik irailaren 11ra bitartean. Bisitak aste osoan egingo dira, astelehenetik ostiralera, egunean bitan: 10:30ean eta 12:30ean. Oraingoz, basoa ikusteko 200 eskaera baino gehiago jaso ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Espainiatik eta Latinoamerikatik ere heldu zaizkie batzuk.

Omako basoa lekualdatzeko lanak, baina, ez dira hurrengo udara arte amaituko; ondorioz, Work in Progress izena jarri diete bisita gidatuei. Horietan, basoaren berrirakurketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, eta, aldi berean, jada amaitu dituzten obren multzoak ikusi ahalko dituzte: hala nola Marra horizontala. «Hori izan zen Ibarrolak margotu zuen lehen obra; guk ere hori amaitu nahi genuen lehenengo», azaldu du Fernando Bazeta Ibarrolaren obran aditua den EHUko irakasleak.

Jatorriz, 47 multzo zituen Omako basoak, baina lekualdatzearen ondoren 33 izango dira ikusgai. Hori bai, aurrekoan baino 200 zuhaitz gehiago izango ditu. Jose Ibarrolak, Agustin Ibarrolaren semeak, nabarmendu du aitak margotutakoetan ez dutela aldaketarik egingo. «Zuhaitzak nonahi hazten dira; beraz, ezinezkoa da orografia berdin-berdina izatea. Guk egingo duguna da Ibarrolaren obra orografia berri horretara moldatu, baina ez ditugu margoak ezerezetik sortuko». Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak multzoei, adibidez, zenbait zuhaitz erantsi dizkiete forma originalak behar bezala irudikatzearren.

Omako basoaren egitura moldatzeaz gainera, denboraren poderioz galdu izan diren obrak ere berreskuratu dituzte. «Aurkitu ditugun argazkiak eta lekukoen memoria erabili ditugu horretarako», azaldu du Ibarrolak. Azkenean, hiru multzo berregin dituzte: Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra. Multzo horiek guztiak 1989. urtean galdu ziren, margotutako zuhaitzak zituzten lurren jabeek arbolak moztu zituztelako.

Lanen arduradunen arabera, orain, hainbeste urteren ondoren, «askoz ere osatuagoa» egongo da Omako basoa.

Lekualdatzeko lanak

Aurtengo udan hasi da lekualdatzeko lanen lehenengo fasea. Jadanik egindako lanez gain, basoaren sarreran ikus zitezkeen hainbat obra ere pintatuko dituzte. Besteak beste, Ortzadarra eta Begiak, lanen arduradunen hitzetan «bereizgarrien» diren lanetako birekin. Bestalde, bigarren fasea 2023ko maiatzean hasi eta urte bereko irailean amaituko da. Fase horretan margotuko dituzte Kordobako Meskita eta artistaren beste hamazortzi obra.

Zuhaitzak margotzeko materialari dagokionez, Ibarrolak erabili zuen pintura bera erabiliko dute. Izan ere, pintura horrek ez dio kalte egiten zuhaitzen barrualdeari, eta ingurumenarekiko jasangarria da. Gainera, egilearen esentzia mantentzeko esfortzu horretan, Ibarrolak erabilitako pintura eta koloreak sortzeko eskaera egin dute. Bazetak eman du azalpena: «2014an, zuhaitz guztien errolda egin genuen, fitxa tekniko moduko bat, zeinetan zuhaitz bakoitzaren datu teknikoak agertzen diren: kolorea, pintura mota...». Eta ondorioa eman du gero: «Beraz, erabiliko dugun pintura autentikoa da».

Hala ere, pintura aldatuz joango da. Bazetak azaldu duenez, zuhaitz bakoitzaren diametroa zentimetro bat hazten da urtero. Ondorioz, multzoen formak aldatuz joango dira, eta, Bazetaren ustez, «basoak bizitza propioa izango du».

Zuhaitzak «monitorizatu» egingo dituztela ere iragarri dute, segurtasuna mantentzeko helburuarekin: hala nola suteak eta biotipoari eragin diezaioketen kontuak eragotzi ahal izateko behintzat. Lanak bukatzean, eta Ibarrolaren obraz gozatzeko aitzakiarekin, zuhaitzez jositako kilometro batetik gorako ibilbidea egin ahalko dute bisitariek.

Ibarrolaren semeak aitak sentituko lukeen poza transmititu du: «Aitarentzat basoa zen arte soziala egiteko lekurik onena, bertan elkartzen baitziren arte garaikidea eta historiaurreko artea». Haren arabera, Omako basoa Ibarrolaren obra osoa laburbiltzen duen sintesia izan liteke. «Aitak betidanik uste izan zuen artea sortzea dinamismoan murgiltzea dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.