Disko bakoitzeko lehen abestiko lehen segundoak entzutea nahikoa da Olatz Salvador musikariaren azken azalberritzeaz ohartzeko. 2018an gitarra klasiko baten akordeekin abiatu zuen, Zintzilik, bere lehen diskoa, berehala bere ahots melodiatsua txertatzeko. 2021ean, Gaua kantuarekin, gitarra elektriko baten arpegioekin eta ahots melodia intimista batekin ireki zuen Aho uhal diskoa. Eta orain heldu da aldaketa. Zainak eman diskoa (Balaunka) kaleratu berri du artistak, hamar kanta berrirekin, eta gitarra zein melodia arrastorik gabe abiatu du. Horien ordez, erritmo kolpe elektroniko erabat distortsionatu batzuekin hasten da entzunaldia, eta segundo gutxira dator Salvadorren ahotsa, oraingoan ia lakar, Haragi bizian izeneko spoken word piezako testua erritmikoki errezitatzen: «Munduko minez esnatu naiz,/ ez gabiltza garaiz./ Erantzi ditut hainbat anestesia geruza,/ biziraupenez ehunduta,/ irten zaizkit malkoak,/ oroitu ditut zenbat gauza».
Bilboko La Sinsorga gunean aurkeztu du lana artistak, eta, bertan azaldu duenez, hainbat «blokeo» eta «fede krisi» igaro behar izan ditu Zainak eman diskoa osatzera iristerako. Onartu du, alde batetik, orain arte izan duen kantariaren aurkako errebeldia ariketa bat izan dela diskoa. Baina, era berean, ohartarazi duenez, kantuen «bilgarria» baino ez duela moldatu soinu distortsionatu eta elektronikoago horietara egindako aldaketa horiekin guztiekin, eta espero duela hondoan, hor jarraituko duela oraindik ere bere «esentziak». Eta, hain justu, diskoko azken kanta izan daiteke horren froga, kasu honetan. Aurkezpenean gitarraren laguntza soilaz kantatu baitu Etzidamuz abestia.
Baina handiak izan dira zalantza uneak. «Eduki nuen blokeo moduko bat, sortzeko garaian. Hasiera batean, pentsatu nuen ez neukala ezer gehiago kontatzeko, edo ez nekien nondik jo. Izan ere, zaila da gaur egun originaltasuna topatzea. Eta neure buruaren kontra egin behar izan dut sinisteko benetan gai nintzela bide berri bat irekitzeko, eta banituela gauza berriak kontatzeko».
«Pentsatu nuen ez neukala ezer gehiago kontatzeko, eta neure buruaren kontra egin behar izan dut sinisteko benetan gai nintzela bide berri bat irekitzeko»
OLATZ SALVADORMusikaria
Azaldu duenez, «luzea» izan da diskoaren sorkuntza prozesua. Esaterako, zehaztu du 2020koak direla diskoan diren hainbat kanturen lehen zirriborroak. Ibilbide luzea izan dute geroztik, baina musikariaren hitzetan, izenburuko kontzeptuak biltzen ditu guztiak. Salvadorrek zehaztu duenez, susmatu hitzaren esanahi bera du «zainak eman» esamoldeak, eta intuizioarekin lotu du hori berak. Dioenez, intuizioari jarraituz osatu dituelako abestiak. Zer zen oso ongi ez zekien arren, behar zuela sumatzen zuen zerbaiten bila.
Hiruzpalau eguneko tarteetan
Gironako Banyoles (Herrialde Katalanak) herrian topatu du horretarako bidea, Pau Brugada eta Vic Moliner ekoizleek bertan duten Olivera estudioan. Hara joan aurretik, Borja Antonekin egin du ekoizpen aurreko lana musikariak, baina, gero, Katalunian jarraitu du kantak lantzen. Sei hilabetean hiruzpalau eguneko bost egonaldi egin ditu horretarako. Salvadorrek aitortu du epeak horrela luzatzeak zalantzari sarbide eman diola, baina pozik azaldu da erabakiarekin. «Behingoz era pausatu batean egin ahal izan dut ekoizpenaren lana».
Clara Peya musikariarekin egindako lanaren bidez ezagutu zituen Brugada eta Moliner. Salvador: «Molinerrek harekin jotzen zuen baxua, eta ekoizle lanak ere egin zituen. Asko flipatu nuen ikusi nituenean, eta pentsatu nuen Euskal Herrian ez nuela inoiz halakorik ikusi, eta horrelako zerbait egin nahi nukeela, eta interesatzen zitzaidala bilaketa hori».
Diskoaren tituluko zain hitza izan da diskoko hamar kantuak lotzeko giltza, Salvadorren hitzetan. Hitz polisemikoa izanik, haren hamar adarri lotuta baitoa kantuetako bakoitza. «Zain bada itxaronaldi bat, badira gorputzeko zainak, bada zaintza, erroa... Esanahi asko ditu hitzak, eta esanahi horietako bakoitzarekin konektatzen dut. Hitzarekin arbola bat marraztu genuen arbel batean, eta esanahietako bakoitzarekin adar bat egin genuen, eta adar horietako bakoitzetik atera da kanta bat».
«'Zain' hitzarekin arbola bat marraztu genuen arbel batean, eta haren esanahietako bakoitzarekin adar bat egin genuen, eta adar horietako bakoitzetik atera da kanta bat»
OLATZ SALVADORMusikaria
Bi kolaborazio ere baditu diskoak. Biak ere, Salvadorrek zehaztu duenez, «gertutasunak» sortutakoak, eta ez «interes algoritmiko eta komertzialek». Alba Moreno abeslari kataluniarrarena da lehen kolaborazioa, Zarataz harago abestian, eta «aspaldiko lagun» duen Izaro Andres abeslariarena da bestea, Zerbaiten zain abestian.
Horrez gainera, bere hitzak ez ezik, beste hainbat pertsonak idatzitako testu eta poemak ere baliatu ditu musika sortzeko. Izaro Bilbaok idatzitakoak dira Zaldi zuri bat, Etzidamuz kantak. Oihana Aranak eta Leire Vargasek idatzitakoak dira Basan abestiko hitzak, eta Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko kazetariaren poema bat du oinarri Han topatzen dutena abestiak.
Hitzaldiak eta kontzertuak
Solasaldi formatuko bira bat egingo du lehenik diskoa aurkezteko, eta horiek amaitutakoan eskainiko ditu kontzertuak.
Euskal Herriko hainbat kulturgunetan eskainiko ditu hitzaldi musikatuak, eta hainbat kulturgile izango ditu alboan bertan. Zarautzen hasiko du bira hori, etzi, Hiruputzu gaztetxean, eta Gasteizen, Errekaleorren izango da igandean, Karmele Jaio idazlearekin hizketan. Iruñean, Laban Uxue Rey BERRIAko kazetaria izango du solaskide urriaren 3an, eta Baionan (urriaren 9an), Donostian (azaroaren 10ean) eta Altzagan (Gipuzkoa) izango da ondoren (urriaren 11n). Bilboko Biran izango da azken saioa, Katixa Agirre idazlearekin, azaroaren 17an. Gune horiek kulturgintzaren «hauspoa» direlako hautatu dituela esan du Salvadorrek.
Zuzenekoak hasiko ditu gero. Azaroaren 19an izango da Oñatin (Gipuzkoa), esaterako. Eta Bilbon, Gasteizen, Errenterian (Gipuzkoa), Iruñean, Bilbon, Lekeition (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoa) ere izango da ondoren.
Ohiko taldea izango du ondoan saio horietan. Ander Zulaika bateria jotzailea, Jagoba Salvador baxu jotzailea eta Mattin Saldias gitarra jotzailea. Esti Beraza ere batuko zaio taldeari oraingoan. Pianoa eta teklatuak joko ditu. Kontzertuak zutik ikustekoak izango direla ere esan du, eta publikoa dantzan jartzeko modukoak izango direla. «Ni behintzat saiatuko naiz horretan».
solasaldi musikatuak
KONTZERTUAK