Udako seriea. Musikari bat lau kantatan (eta VI)

Olaia Inziarte: konexioak eta marjinak

Musika entzule gisara, «ultrabirziklatzailetzat» dauka bere burua Olaia Inziartek. Maite du atzera itzultzea, baita kantu kutunak «harribitxiak» balira bezala gordetzea ere, bakea sentitu nahi duen horietan ateratzeko.

Olaia Inziarte, Oronozen.
Olaia Inziarte, ekainaren hondarrean, Oronozen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Oronoz
2024ko abuztuaren 18a
06:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Pena da testuan ezin dela sticker-ik sartu. Posible balitz, errazagoa bailitzateke esplikatzea Olaia Inziartek (Oronoz, Nafarroa, 1999) zer sentitu zuen jakin zuenean, sei ez, ezpada lau kantu kutun aukeratzeko eskea egin diola BERRIAk. «Igual akabatuko nauzu, Olaia, baina...», argitu zion kazetariak txatean, eta zera erantzun musikariak segidan: algara idatzi batzuk, eta estutasuna adierazteko sticker bat. Baina aukeratuko zituela lau, pozik. 

2022an kaleratu zuen Inziartek bere bakarkako lehenbiziko diskoa: Lehengo lepotikan burua. Aurrez, izana da Pleura taldeko kantari ere, eta musikari aritu da beste zenbait artistarekin. Entzule gisara, aldiz, «ultrabirziklatzailetzat» du bere burua. «Joera dut beti gauza igualak aditzekoa», aitortu du, eta estiloei dagokienez ere badu preferentziarik: «Batzuetan sentitzen naiz arima zaharrekoa; anitz maite dut musika zaharra». Dioenez, bestalde, ohartua da gehien aditzen duen musika mota izaten dela «mentalki elementuak bereizten» uzten dion hori. «Bake sentsazioa ematen dit errateak: begira nola egin duen hau, eta begira bestea».

«[Kantu bat aditzean] Gustatzen zait mentalki elementuak bereiztea. Bake sentsazioa ematen dit errateak: begira nola egin duen hau, eta begira bestea» OLAIA INZIARTEMusikaria

Eta, hain zuzen, «bake» bila-edo aritu da azkenaldian Inziarte. Izan ere, badira zenbait hilabete musika jotzeari utzi ziola behin-behinean, atseden hartzen ari dela. «Enpatxua nuen; denbora batez ez dut kasik deus aditu nahi izan, eta pixkanaka ari naiz itzultzen musikara: kantu zaharrekin edo tradizionalekin lehenbizi, eta garaikideagoekin orain gutxi». Egunkariak eginiko proposamenerako beste irizpide batean oinarrituta ordenatu ditu kantuak: «Nire bizitzara ailegatu ziren ordenan». Biodiskografia itxura hartu du terrazan izandako solasaldiak. 

 

Ez gaude salgai – Pirritx eta Porrotx (Marimotots, 2006)

«Kantu honek amatxiren etxera narama», hasi da kontatzen Inziarte, aukeratutako lehenbiziko kantua hizpide: Ez gaude salgai. Pirritx eta Porrotxek Marimotots ikuskizunerako sortutako abestia da, izen bereko diskoan bildua, 2006koa. Inziartek gogora ekarri du urte horretantxe jaio zela bere ahizpa, eta neurri handi batean horregatik diola halako kariñoa kantari: ahizparengana eramaten duelako. «Gainera, ahizpari asko lagundu dio Pirritx eta Porrotxen musika guztiak, estimulurako», esplikatu du kantariak, eta aitortu, ondorioz, berari ere utzi diola arrastoa haien diskografiak.

Askotariko arrazoiengatik hautatu du kanta, edonola ere. Batetik, maite du haren doinuaren estilo mexikarra. «Gustura sartzen zait belarritik; Baztanen mexikarrak-eta pila bat maite ditugu». Baina nabarmendu du kantuaren hitzak gustatzen zaizkiola batez ere. «Garai batean ez nuen entenditzen, baina orain mezua iruditzen zait arras-arras potentea, eta aunitz konektatzen dut hemen egin nahi dituzten espekulazio proiektuekin». 

Kantuaren hitzek hau diote, besteak beste: «Gure lurraren jabe egin nahi zuten/ etxetik bota lau sosen trukean/ guztion hobe beharraren izenean/ haiek hartu nahi gintuzten mendean…». Baita beste hau ere: «Ez guri eskaini bost izardun hotelik/ baditugu ta milaka zeruan». Inziartek, ezinbestean, Lekarozko Aroztegia proiektuarekin eta Erdiz meategiarenarekin lotzen ditu hitzok, nerabezarotik. Erromeria talde batean aritzen zelarik ere kantatu ohi zuen. «Eta, orain, polita iruditzen zait ohartzea ttikitan iritsi zitzaidan kanta batek ere berdin ukitzen nauela handitutakoan, beste ikuspuntu gehigarri batekin». 

Pirritxek eta Porrotxek –eta 2006tik baita Marimototsek ere– euskal musikari eman diotenaz galdetuta, duda izpirik ez du izan Inziartek: «Musikalki, kantu arras onak dira!». Gainera, goraipatu egin ditu kantuen eta ikuskizunen bitartez pailazoek jorratutako gaiak. «Gainera, graziosoa egiten zait pentsatzea probabilitate arras handiak daudela haurren gurasoak izateko arrazistak, izateko homofoboak, eta jakitea kantuen bitartez sartzen direla beste ideia batzuk etxe horietara».  

 

Espaloian – Itoiz (Espaloian, 1985)

«Nerabezaroan obsesio gogorra eduki nuen Itoizekin eta Juan Carlos Perezen kantugintzarekin. Ate bat ireki zidaten –nire ustez, oro har Euskal Herriari ireki ziotena– rock progresiboetara, poparekin eta funkarekin maite jolasetan aritzen ziren horietara, ze, bai, gaur egun arras modan dago musika pila batekin jostatzearena, begira Motomami-eta [Rosaliaren 2022ko diskoa], baina garai hartan estigma handia zegoen; hemen Euskal Rock Erradikaletik gentozen». Inziartek berriz baliatu du atzera begirako bat, kantu batek sortzen dion lilura esplikatzeko.

Zer duen Itoizen Espaloian kantuak hain berezia? Pieza disekzionatuaz erantzun du Inziartek, atalez atal. «Hitzak iruditzen zaizkit hain arraroak, kasik turbioak, eta pila bat gustatzen zaizkit, ze, aldi berean, melodiak hain dira goxoak». Gainera, kantuak agerrarazten duen ustekabeko «argiunea» nabarmendu du kantariak. «Iristen da parte bat, giroa da aski ilun, eta bat-batean: ‘Zain gaude... gu/ gu kalean zehar/ erropa ilunak/ aurpegi zuriak’. Gustatzen zait kontraste hori. Ematen dizu ahalduntze sentsazio moduko bat, eta gero uzten zaitu berriz...». Eta esaldia nola bukatu ez dakiela isildu da Inziarte, eta aitorpena etorri da ondotik: «Esaldi horren erreferentzia sartu nuen nire Denak Begira Daudelaik kantan». 33. segundotik aitzinera aditu daiteke, zehazki: «Armairua erropa ilunez betea dut eta aurpegia xuria». 

Konposizio garaian, «arras inspiratzailea» zaio Itoiz Inziarteri, eta, are, gazteagoa zelarik idatzitako kantuetara bueltatzen den horietan, sumatu ohi du Itoizen oihartzunik. «Erabat: batez ere, melodikoki eta hitzen aldetik», zehaztu du. Dioenez, bereziki «metaforazalea» zen orduan, metafora «urrunen» zalea, eta hor nabaritzen du Juan Carlos Perezen airea. «Bitxia egiten baitzait harena. Uste dut zituen erreferentziak ez zirela bertakoak, igual gehiago zutela ikustekoa kantu ingelesen hitzekin, eta berak euskarara ekartzen zituela, berera». Gustura galdetuko lioke ea hala den.

 

Zaldi emozionalak – Petti & etxeko uzta (Manipulazio estrategiak, 2020)

Kantu kutunen bat aipatzeko eskatzen dioten kasik aldiro bururatzen zaio Inziarteri Pettiren abestiren bat. Zehatzago: Pettik Etxeko Uztarekin kaleratu duenetako bat. Adibidez, sarri aipatu ditu Ni naiz eta Azken aetzaren balada abestiak; 2016ko Hotzikarak diskoan bilduta daude biak. «Ni disko horretan harrapatuta gelditu nintzen tarte batez», kontatu du Inziartek. Aldi honetan, ordea, Manipulazio estrategiak diskoan (2020) jasotako beste bat nabarmendu du: Zaldi emozionalak

Kantuaren hitzak Harkaitz Canorenak dira –disko horretako abesti guztienak–, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta eta Interneten hedatutako manipulazio estrategiei erreparatuta Sylvain Timsitek garatutako zerrenda batean inspiratuz. Hain zuzen, abestian kontatzen direnak eta kontatzeko moduak liluratzen dute bereziki Inziarte. 

Izan ere, iruditzen zaio piezak manera sinple batean kontatzen duela «gizakiaren dekadentzia», zer eta zaldiaren adibidea eta irudia baliatuta horretarako. Are, bideoklipa ikusteko gomendioa ere egin du, bertako «irudi bortitzek» ere lortzen dutelakoan mezua helaraztea. «Kantak eta bideoak oso modu polita dute esateko, batetik, zer krudelak garen gizakiok animaliekin, nola inposatzen dugun, ostiaka, geure lengoaia», azaldu du. Nabarmendu duenez, gizakiak horrela jokatu du zaldiarekin, esaterako, bakarka eta leku finko batean egotera behartuta. 

Eta, hala, gizakiak animalia horrekin egindakoari erreferentzia eginda, beste zerbait ere lortzen du Zaldi emozionalak-ek, Inziarteren ustez: «Kontatzen du zer egin diogun geure buruari ere, eta zer deskonektatuta gauden naturatik». Abestiaren bertso batzuk ere kantatu ditu, ahots goxoz: «Eguna amaitzean/ gauero trantzean: lotuko zaituzte/ paradisu ustean, tortura goxoen baratzean,/ zaldia izan arren, zabiltza asto lanean...».  

Pettiren berezko estiloa goraipatu du Inziartek, bestalde. Dioenez, Petti eta oro har Berako (Nafarroa) rock eszena ezagutzeak txoratua utzi zuen orain urte batzuk. «Ezin dut konparatu beste rock batzuekin: ezin guztiz konparatu Ruperrekin [Ordorika], ezta Errobirekin ere, ezta Anarirekin ere... badu zerbait gitarretan, badute zerbait Joseba Irazokiren moldaketek... eta, horretaz aparte, badu Pettiren boza», kontatu du. «Niretzat, Petti da Nafarroako Leonard Cohen». Eta hori esatearekin batera, irribarrez, beste baten iritzia ere plazaratu du Inziartek: «Niko Etxartek behin erran zidan Euskal Herriko ahotsik hoberena zela Pettirena, ez delako xuxena; eta ni ados nago». 

 

Eskerrak bideari – Ibil Bedi (Beltxarga beltza, 2021)

«Kantu honekin harrapatu ninduen ni Ibil Bedik», esan du Inziartek Eskerrak bideari abestiari buruz. 2021ean kaleratutako Beltxarga beltza diskoaren barrenean eman zuen taldeak kantu hori, baina Inziartek, oroitu duenez, ez zuen aditu 2022ra arte-edo. Gogoan du lehenbiziko entzunaldiek eragindako sentipena: «Abestia magikoa iruditzen zitzaidan eta zait». 

Batez ere, eguneroko gauza oso konkretuak kontatuz ere jendearekin konektatzeko gaitasuna aitortu dio abestiari. «Niretzat, dohain bat da jakitea solastatzen norberaren gauza txikiez –adibidez, elkartu garela terraza batean–, konkretuki hori kontatzea, eta horrekin ailegatzea jendearengana». 

Kantuari buruz, Inziartek azaldu du piezak ez duela «gauza handirik», ez melodikoki ez harmonikoki. «Baina, bat-batean, kantuan azaltzen zaizkizu hitzen eta Aretaren [Senosiain] biolinaren arteko elkarrizketak, eta... izugarri gustatzen zait moldaketa hori, behatzekin egiten duena», zehaztu du Inziartek, eta doinu hori ahopekatu, behatzak mugitu bitartean: «Taaaara-raa...». 

Gainera, Inziartek aitortu du eskertze kantuen oso zalea dela bera, baina halakoei lotutako ohartarazpena egin du: «Eskertze kantuetan badago marra bat arras fina auzo lotsa ematearen eta ez ematearen bitartean». Eta, dioenez, Ibil Bedi behar bezala ari da kasu honetan. «Sinesten dut zintzoki esaten dutela diotena, ez direla ari pilotu automatikoan». Gainera, Inziartek aitortu du kantuak «toki ederretara» eraman duela bera ere. Eta «toki eder» horietako bat da, adibidez, gerora taldeko kideak ezagutzeko abagunea. «Super berezia da deskubritzea zuretzat berezia den talde bateko partaideak jende ona direla. Ze ongi, eta eskerrak».  

Kazetariarekin izandako elkarrizketaren hasiera-hasieran, Inziartek aitortu du badirela «buklean» aditzen dituen kantu asko. Halakoetan, arriskuetako bat izan daiteke kantu horietaz nekatzea. Baina beti ez du izaten beldur hori. «Badira kanta batzuk ez nautenak nazkatuko, eta hau da bat. Gainera, nik honelako kantuak ez ditut aditzen buklean, adibidez, autoan. Harribitxiak dira, eta harribitxia gordetzen duten kaxak irekitzen ditut bakarrik zerbait hartu nahi dudanean; kaxa hori, bestela, itxita egoten da». Noiz aditzen du, beraz, Inziartek Eskerrak bideari? «Emozionaltasun sakonago batekin konektatu nahi dudanean, ze sentitzen dut laguntzen didala hesi batzuk zeharkatzen. Bizi naizenean soilik hemen [esku bat jarri du lepoaren azpian, bestea buruaren gainean], laguntzen dit lepotik beheiti ere jaisten». Eta jaitsi du eskua beheraka, bularraldera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.