Olaia Inziarte eta Rebeca Lane ariko dira Atlantikaldian

Jaialdiaren hamargarren aldia izango da aurtengoa, eta irailaren 14tik 17ra egingo dute, Errenterian (Gipuzkoa)

2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
MUSIKA. Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdiak hamargarren urteurrena beteko du aurten. Bitakora lelopean, itsas ibilbide luzeetan marinelek erabiltzen zituzten bidaia koadernoei egin nahi izan die erreferentzia, Aizpea Otaegi Errenteriako (Gipuzkoa) jarduneko alkateak kontatu duenez: «Bidaia koadernoan orrialde berriak idazten jarraitzeko bidelagun ezin hobeak ditugu: sortzaileekin, eragileekin eta publikoarekin batera segituko dugu gure bitakora idazten». Irailaren 14tik 17ra bitarteegingo dute festibala, Errenterian.

Jaialdian parte hartuko duten artisten lehendabiziko izenak iragarri dituzte antolatzaileek, eta tartean dira Rodrigo Cuevas, Femina, Aywa, Nidia Gongora, Bia Ferreira, Ede, Rebeca Lane eta Olaia Inziarte musikariak. Josean Ruiz de Azua jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, «askotarikoa eta koloretsua» izango da eskaintza: «Publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak».

Aurten ere, eragileek bidalitako proposamenekin osatu dute egitaraua, eta programazioa osatzen ari dira orain. Musikaz gainera, beste zenbait diziplina ere uztartuko dituzte. Besteak beste, dantza, gastronomia, kaleko artea eta kirola. Datozen asteetan emango dute horien berri.

Aurreko aldietan egin legez, Itsas Elkarrizketak ere egingo dituzte aurten. Zenbait sortzaile harremanetan jartzea da egitasmo horren xedea, jaialdirako ikuskizun bat sor dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.