Olaeta balleten 80 urtetik gorako ibilbideak sortutako ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du egunotan Donostiako Kutxa Boulevard aretoetako udako erakusketak. Argazkiak, dokumentuak, ikus-entzunezkoak eta askotariko jantziak aurkituko ditu bisitariak izenburutzat Amets baten koreografia duen erakusketan. Olaeta sendiak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi zuen Olaeta balleten ondarearen zati handi bat, eta funts horietakoak dira bildutako materialak. Irailaren 9a bitarte izango dira Donostian ikusgai.
Argazkiak, kartelak eta musikari dagokion materiala eskaintzen du erakusketak Kutxa Boulevard aretoetako 0 solairuan, Jose Maria Uzelaik Zuberoako dantzetan oinarrituta egindako margolanez gain. Jantzi batzuk erakusten dituzten manikiak ere badaude solairu horretan, baina jantzirik gehienak beheko solairuan daude ikusgai.
Lehenengo solairua ikus-entzunezkoei eskainia dago. Bertikalean egindako proiekzio batez gain, hainbat formatutako ikus-entzunezkoak batzen ditu, edukiei dagokienez ere askotarikoak. Olaeta anaiek bilduak dira batzuk, akademiako ikasle ohiek eta telebistako ekoizpen enpresek landu eta emandakoak beste batzuk.
Era askotako jantziak
Beheko solairuak Olaeta balleten historian erabilitako jantziak ikusteko aukera eskaintzen du batik bat: ballet klasikoko, folkloreko nahiz euskal balletekoak. Olaetarren jantzien funtsean Parisen eta Bilbon egindako 700 pieza daude, 1920koa zaharrena eta 2005ekoa berriena. Antolatzaileen esanetan, alderdi askotatik dira balio handikoak erakusketan ikus daitezkeen jantziak, dela ikuspegi historikotik, dela erabilitako ehunengatik —zetak, belusak, organtzak, artileak, larruak…—, dela joskerarengatik eta diseinuarengatik.
Olaeta balleten jatorria 1927an kokatzen du erakusketak, urte horretan sortu baitzuen Segundo Olaeta Mugartegik (Gernika-Lumo, 1896-1971) Elai-Alai taldea Gernikan, lehenengo euskal dantza taldetzat jotzen dena. Euskal folklorea euskal balletarekin uztartzen aitzindari izan zen Segundo Olaeta. 50eko eta 60ko hamarkadetan mundu osora zabaldu zuen Euskal Herriko folklorea dantzaren bitartez.
Olaeta balleten ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera dago Donostian
Kutxa Boulevarden bildutako argazki, kartel, ikus-entzunezko eta jantziek 80 urteko ibilbidea erakusten dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu