Juanmi Gutierrez. Zinemagilea

«Okupatzaileen alderdi positiboak negatiboen gainetik daude»

Okupatzaileei buruzko aurreiritziak hautsi nahi ditu Gutierrezek 'Ateak zabalduz' dokumentalarekin. Bizimolde hori utopikoa dela jakin arren, uste du ez dela ez deabrutu eta ez baztertu behar.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iazko neguan hasi zen grabatzen, eta aurten bukatu du Juanmi Gutierrezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1945) Ateak zabalduz dokumentala. Giza Eskubideen Donostiako XII. Zinemaldian aurkeztuko du, gaur (Viktoria Eugenia, 19:00). «Azkarra naiz prozesuan». Gainera, dioenez, abantaila bat dauka beste zinemagileen aldean: ez dauka finantzatze beharrik. Izan ere, bera da kameraria, muntatzailea, soinu teknikaria... Okupazio mugimenduari heldu dio, ezagutzen zituelako okupatzaile izan ziren edo diren pertsona batzuk. «Eta beti poza transmititzen dute». Hori izan da lana gauzatzeko arrazoietako bat. Azken urteotan hainbat dokumental sozial egin ditu Gutierrezek:Tabula rosa (2004), Isiltasun kalea (2006) eta Zuzendu mesedez! (2009).

Zergatik erabaki duzu okupazio mugimenduari buruzko dokumental bat egitea?

Nire hamahirugarren film luzea da hau, eta, ia beti, inguruan izan ditudan baina mentalitateagatik edo dena delakoagatik urrun sentitzen nituen giza taldeez hitz egin dut. Talde horiek ezagutzeko grinak eraman nau hainbat dokumental egitera. Okupatzaileena talde oso konkretua da. Haiekiko nolabaiteko sinpatia neukan, eta haiei buruzko fikzio baterako gidoia idatzi nuen. Tira, proiektu hark ez zuen aurrera egin, baina urteak pasatu ondoren okupatzaileei buruz beste ikuspegi batetik hitz egiteko aukera eduki dut.

Ateak zabalduz-en helburu nagusia da gizartean okupazio mugimenduarekiko existitzen diren aurreiritzi eta estereotipoekin haustea. Zeintzuk dira horiek?

Biolentzia eta kontrakulturarekin lotu izan da, beti. Jada gizarteak onartu dituen mugimendu batzuei, gainera, errezeloz begiratzen zieten duela 30-40 urte: feminismoa, antimilitarismoa, muturreko ekologia... Baina okupatzaileez asko ikasteko daukagu bai asanblearismoari, bai autoritarismo faltari eta baita ekologiarekin daukaten muturreko konpromisoari dagokionez ere, besteak beste.

Dokumentaleko hamaika testigantzei erreparatuta, batzuentzako bizitzeko modu bat da okupatzailea izatea, filosofia bat, eta beste batzuentzat, aldiz, unean uneko egoera bat. Batek zera dio momentu batean: «Hau ez da betiko». Etxe okupatu baten barruan pentsatzeko bi modu horien arteko talka gerta al daiteke?

Etxe okupatuak ez dira monolitikoak, eta horien barruan batzuek, modu batean pentsatzen dute, eta beste batzuek, bestean. Halere, normalean, kidetasun bera duten pertsonak elkartzen dira etxe baten barruan; hau da, etxe batzuk oso ideologizatuta daude, eta beste batzuk unean unekoak dira, horretan bi urte igaroko dituzten pertsonak biltzen dituztenak.

Zaila da talka hori gertatzea.

Bai. Minas (Oiartzun) edo Txerrimuñoko (Lezo) errealitateak oso diferenteak dira Urkabekoarekin (Oiartzun) konparatuta, esaterako. Etxe horretakoak askoz ere gazteagoak dira, eta okupatzen dute etxebizitza baten beharrari erantzunez. Haien familien beraien sostengua dute. Pentsa, hortaz, nola aldatu den okupazio mugimendua. Orain 30 urte tragedia bat zen seme-alaba bat etxe okupatu batera joatea; gaur egun, aldiz... [irribarrez].

Zein alde daude orain 30 urteko eta oraingo okupatzaileen artean?

Orduko okupatzaileek ideologia argi bat zeukaten, horri eusten diote oraindik, eta okupatzaile izan ziren garaia erabili zuten balioa emateko egiten ari zirenari. Etxe okupatuetatik aterata ere, mentalitate horri eutsi izan diote. Gazteagoek, etxe okupa batean soilik bi urte egiten dituztenek, ez dakit haien bizitzak ardaztuko dituzten balio sendo batzuk eduki dituzten. Zalantzak dauzkat...

Askatasuna da aipatutako ideologia horren zutabeetako bat. Mugimendu horren barnean zerbaiten kide izate sentimendua dago, ordea. Horrek zein neurritan mugatu dezake norbanakoaren sentimendua?

Tira, dena ez da monolitikoa; kasu bakoitza mundu bat da. Baina askatasunean hezteko dauzkaten printzipioek, nahiz eta kontraesanak eduki, ez dut uste norbanakoaren askatasuna murrizten dutenik. Are gehiago: hori sustatzen dute. Bestetik, mentalitate utopikoa daukate garai bateko militanteek. Badakite haien nahiek talka egiten dutela maila politiko eta sozialean nagusi diren joerekin, baina, simil erlijiosoa baliatuta, jarrera profetikoa dute.

Mugimendu okupatzailearen ikuspegi onbera azaldu duzu. Zuk zeuk diozu haren zauriak erakutsi dituzula, baina ez duzula haietan zirikatu nahi izan. Zergatik?

Transmititu dizkidate pelikulan erakusten diren alderdi erabat positibo horiek. Azaltzen dira, bai, alde negatibo batzuk ere...

Baina ez duzu horietan sakondu.

Ez, ez dut zaurian zirikatu. Askoz ere gogo handiagoa nuen alderdi positiboak nabarmentzeko. Zergatik? Ezkortasunez gainsaturatuta gaude oinarrizko eskubideen epaietan. Azpimarratzen da, batez ere, ezkortasun hori. Eta bai, erreala da, baina inoiz ez dugu pentsatzen alderdi positiboetan. Okupazio mugimenduaren alderdi positiboak negatiboen oso gainetik daude.

Gizartearen ohiko bizimodutik kanpo bizi direla iruditu zaizu?

Ez dituzte onartzen, esaterako, gizarte honen hainbat eta hainbat baldintza. Baina, gaur egun, esaterako, zenbait etxe okupatutan ez da atea ostikoka botatzen. Ez, etxe abandonatu horien jabeekin hitzarmen batera heltzen dira, eta urtero kontratu bat sinatzen dute, etxea zaintzearen truk. Okupatzaileak, adibidez, azkenaldian ez daude etxe baten alokairua ordaintzearen kontra; ez, alokairu sozialen alde daude. Horrek esan nahi du mugimendua garatzen ari dela.

Eta okupatzaileek zein begirekin begiratzen diote jende arruntari, etxe baten hipoteka ordaintzen dutenei?

Ezingo nuke okupazio mugimenduaz orokorrean hitz egin. Batzuk ez dira gaiarekin arduratu ere egiten. Sei urte igaro ditzakete urik gabe, baina gero turbina bat eraikitzen dute ibaixka batetik ura eramateko etxera, eta horri esker argindarra ere badute. Beste batzuek argia, ura eta beste ordaintzen dute lapurtu gabe.

Kontraesanez kontziente al dira?

Bai [ziurtasunez]. Badakite gorabeherak edukiko dituztela, baina jarrera autokritikoa eta asanblearioa defendatzen dute balizko gatazkei irtenbidea emateko.

Rainer alemaniarra da dokumentaleko pertsona interesgarrienetako bat. Okupazio mugimendua barrutik bizi izan du 70eko hamarkadatik, eta adierazten du apur bat nekatuta dagoela; eta itota dagoela ere iradokitzen du.

Pertsona oso kritikoa da, eta desilusionatuta mintzo da; hala mintzo da, Gabierroeta (Errenteria) etxean bizitzea tokatu zaiolako batez ere. Bakartuta daude etxe horretan. Ez dira elkarrekin komunikatzen... Baina gauzak aldatuz doaz... Adinak ere bere eragina edukiko du, noski [irribarrez].

Ideologikoki oso muturrekoa da. Agian, ikusten ari da egungo gazteek ez dutela berak bezala pentsatzen.

Bai, hala da. Ikusten ari da ideologiaz paso egiten ari direla. Hori gertatzea onartzen du, baina ez, ordea, komuna garbitu behar duenak bere ardurak ez betetzea.

Okupatzaileena bizitza molde osasungarria eta aberasgarria dela ondorioztatu duzu?

Bizitza molde hori ez dela ez baztertu eta ez deabrutu behar iruditzen zait. Utopia guztiek bezala, kontraesan asko dauzka, eta eskuak erreko dituzu; baina hori aztertu behar da.

Pelikulan iradokitzen duzu, krisi ekonomikoa dela eta, okupazioa irtenbide bat izan daitekeela zenbait gabeziari aurre egiteko.

Bai, bai, irtenbide bat izan daitekeela uste dut. Beldur ematen dit, ordea, nola erreakzionatuko duten politikari agintariek, boteretsuek. Benetako indarra dutenean, ez diete mugitzen utziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.