Okinentzat ere ari den filosofia

Arendt eta Anders hartu ditu oinarri Elena Martinez Rubiok 'Bidaia filosofikoak' liburua idazteko

Elena Martinez Rubio Bidaia filosofikoak liburuaren egilea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Okinek ogia beste okinentzat soilik egiten ez duten bezala, filosofoek ere ez dute filosofia bakar-bakarrik beren lankideentzat egin behar». Guenther Anders pentsalariarena da lehen esaldi hori, eta Hannah Arendtena bigarrena: «Baliteke norbaitek, beharbada, politikaz ezer ez jakin nahi izatea; alabaina, arazo bat izango du, politika beraz arduratzen hasiko denean». XX. mendeko Alemaniako pentsalari nagusietariko bi dira Anders eta Arendt. Senar-emazte ere izan ziren zenbait urtez, biak Heideggerren ikasle izandakoak, biak juduak, biak nazien jazarpenetik ihesi egindakoak eta biak filosofia praxi politikoari uztartu zaleak. Lehenago ere sakon ikertuak ditu bi egileok Elena Martinez Rubio idazleak (Bilbo, 1957), idatziak ditu hainbat liburu haiei buruz, eta bi pentsalari horiek daude kaleratu berri duen Bidaia filosofikoak liburuaren oinarrian ere (Utriusque Vasconiae). Haien pentsamenduari eskaini die liburuko lehen atala, eta Egin eta Gara egunkarietan argitaratutako bere testu laburrak bildu ditu bigarrenean.

Amor mundi. Horixe, Martinez Rubioren hitzetan, bi pentsalariak batzen dituen ideia.«Andersek begien zabaltzaile-tzat hartzen zuen bere burua, eta gerra, mehatxu nuklearra eta zapaltzaile den teknika salatu zituen. Arendtek, berriz, ez zuen atzera egin, ezta XX. mendeko totalitarismoa aztertzean judu kolaborazionistak salatzerakoan ere, nahiz eta horrek arazoak sortu zizkion. Arendtek masa-demokrazietan daramagun bizimoduak dituen osagai totalitaristak salatu zituen ere. Era berean, bai batak eta bai besteak nihilismo eta eszeptizismotik urrun, amor mundi delakoaren alde egin zuten, eta munduak dituen arazoen ardura gure gain hartu behar dugula aldarrikatu zuten». Praxirantz lerratutako filosofia zen Anders eta Arendtena, Martinez Rubioren hitzetan, eta espiritu horrekin idatzi du liburua berak ere.

Bidaide pentsalariak ditu Arendt eta Anders Martinez Rubiok, eta erretratu filosofiko bana idatzi die horregatik liburuaren lehen atalean. Gehigarri modura, Andersek 1983an eskainitako hitzaldi bat ere euskaratu du idazleak: Nahikoa al da bortxarik gabeko protesta?. Eta Andersi berari ere mingarri zaio ateratzen duen ondorioa. «Ez dugula atzera egingo gizaki horiek hiltzeko orduan, beraiek gizadi osoa hil edo arriskuan jartzeko orduan atzera egiten duten bezalaxe».

Inor hiltzeko tabua

Tabu bat apurtu duela dio Andersek hitzaldian. «Erabat ikaraturik eta ia sinistu ezinean naukazue, 'hil' hitza idatzi beharra dudan honetan. Baina ez zaigu beste irtenbiderik geratzen, mehatxu egiten digutenei geuk ere mehatxu egitea baizik. Sekula ez diet barkatuko hiltzeko tabua haustera behartu nautenei». Etengabea da testuan gerra nuklearraren fantasmak duen presentzia, eta hortik heltzen da Anders aipatutako ondoriora. Mingarri zaion ondoriora. «Beste aukerarik ez dugu, mehatxu egitea da gure bide bakarra, gure belaunaldiari eta amesten ditugun ondorengoei bizitza bermatu nahi diegunez gero. Mehatxatu egin beharko ditugu lur gaineko bizitza indar nuklearren bidez (berdin 'gudarako' nahiz 'bakerako' omen den hori) arriskuan jartzen tematu eta nuklearrak geldiarazteko eskaintza guztiei muzin egiten dieten gizonak, nola eta beraiei argi eta garbi aditzera emanez aurrerantzean ehizakitzat hartuko ditugula, salbuespenik gabe».

Miszelanea modukoa da liburuko bigarren atala. Bidaroa deitu du Martinez Rubiok artikulu bilduma hori, dioenez, bidaian zebilela idatzitakoak baitira haietariko asko. Azaldu duenez, Arendt eta Andersen gogoetetan dute oinarria bereek ere. «Nire gogoeta horiek oso gai desberdinei buruzkoak badira ere, badute hari bat komuna, bai eta Arendt eta Andersengandik hartutako oinarri bat ere: bizitzari buruzko jarrerari dagokionez, autoritarismoaren aurkako jarrera, agintekeria ororen salatzailea, barneratua dugun pentsaera kolonialista eta patriarkalistari aurre egin nahi diona, askatasunaren aldekoa... Nire testu horiek ekarpen bat izan nahi lukete kontzientzia garatzeko eta geure buruaren jabe izateko egin behar dugun bidean. Ekarpen hori, berez, filosofikoa da, nahiago baitu erantzunak eman baino, galderak egin».

Filosofia, literatura, politika eta historia; guztiak hartzen ditu kontuan Martinez Rubiok liburuko bigarren atalekoetan. Baditu testuak turismoari buruz, ekologismoaz, bakardadeaz... Eta azaldu du zergatia ere. «Nire iritziz, testu horiek batez ere filosofikoak dira, filosofia edozein gairi buruz hausnar egitea den neurrian; filosofia ez baita beste filosofoek esandakoaz aritze hutsa. Gogoeten zeregina zer da: lehen begiradan urrun ematen duten gaiak harremanetan jartzea, betiere hari bati jarraituta». Andersek okinez aipatutakoa, alegia. Ez direla okinak soilik okinentzat aritzen, eta ez dutela filosofoek ere zertan soilik filosofoentzat aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.