Enkontrua ez zen izan zebra bide batean, ospitaleko korridore batean edo parke batean zoriz gurutzatutako ezezagun batekin izaten denaren gisakoa. Ez zen izan hain kasualitatea, baina kontua da egin egin zutela topo Javier Saenz de Oizak (Kaseda, Nafarroa, 1918 Madril, 2000) Jorge Oteizak (Orio, Gipuzkoa, 1908 - Donostia, 2003) eta Juan Huartek (Iruñea, 1925 Madril 2018). Arkitektoaren, eskultorearen eta industrialariaren arteko harremanak eta elkarreraginak fruitu ugari eman zituen, eta, orain, batik bat Oizaren ibilbideari so eginda, hiruren omenezko erakusketa bat ireki dute Oteiza fundazio museoan, Altzuzan (Nafarroa): Oiza Oteiza Huarte. Martxoaren 12ra arte dago ikusgai.
Oizak 1950. eta 1992. urteen artean eginiko bederatzi proiektu arkitektonikotan jartzen du arreta erakusketak, hala nola Arantzazuko basilikan (Oñati, Gipuzkoa), Madrilgo Torres Blancas eraikinean eta Jorge Oteiza museoan —bilduma hartu duen eraikina, hain justu—. Xehe azalduak dira, askotariko elementuak bilduta: maketak, krokisak, planoak eta argazkiak —104 pieza dira guztira—.
Behin-behineko erakusketa izanagatik ere, museoaren areto nagusian paratu dute bilduma, erakusketa iraunkorraren ondoan. Diagonalean jarritako alfonbra gorri batek laguntzen du bata eta bestea bereizten, oihalaren gainean baitira Oizaren lanak, Oteizaren eskulturen artean. Arkitektoaren proiektuak lau taldetan ordenatu dituzte, gaika, eta ez kronologiari jarraikiz: Erlijiosoa eta sakratua, Kultura erakundeak, Mundu mediterraneoa eta Hiri utopia eta diseinua.
Marrazkiak, pentsatzeko
Museoko kontserbatzaile Elena Martinek zehaztu duenez, Oizaren proiektuetako bakoitzean Oteizak edo Huartek —edo biek, batzuetan— izandako eragina azaltzea da bildumaren asmo nagusietako bat. Hark dioenez, hirurek elkarri emandako babesa «agerikoa» da hainbat lanetan. Batetik, Oteizak franko eragin zuen Oizaren ikuspegi arkitektonikoan: «Biek zuten begiz joa ukiezina eta hitzez azaldu ezinezkoa, baita hutsune metafisikoa eta mitoa ere». Bestetik, Huarte familia izan zen, sarri, Oteizaren zein Oizaren mezenasa —baita Nestor Basterretxea, Pablo Palazuelo, Jose Antonio Sistiaga, Luis de Pablo eta Rafael Ruiz Balerdirena ere, besteak beste—.
Oizaren seme-alaba Vicente, Javier eta Marisa Saenz Guerra dira erakusketaren komisarioak, eta, alabak zehaztu duenez, orain Altzuzan zabaldutakoak 2018an Madrilen eginiko beste bat du jatorri; hura arkitektoaren jaiotzaren mendeurrenaren harira sortu zuten. Atzera begirako horretan, arkitektoaren plano mordoa erakutsi zuten, 350 inguru. Oraingoan ere, planoek dute indar handiena bilduman, eta, komisarioaren esanetan, horrek argi islatzen du nolakoa zen haren aitaren lan egiteko manera: «Asko marrazten zuen, eta ez soilik ondotik eraikiko zuena irudikatzeko. Hori zuen pentsatzeko modua. Plano guztiak ziren desberdinak, denek zuten aurrekoek ez zuten zerbait, hurrenez hurren hurbiltzen zen azken emaitzara».
Hain justu ere, proiektuen azken emaitzak ikusi ez ezik, arkitektoak bidean probatutako baina azkenik baztertutako aukerei ere egin dakieke so erakusketan. Hark zirrimarratuak eta egun eraikinek duten itxura alderatuz gero, bistara gelditzen da begiko zuela esperimentazioa.
Esaterako, Arantzazuko basilikari dagokionez, hasierako asmoa zen fatxada osoki egotea harrizko elementuz josia —hala ageri da hainbat marrazkitan—; gaur egun, horma hori biluzia da kasik, Oteizak eginiko apostoluak salbu. Hain zuzen, Oteizak berak egin zion gomendio hori. Halaber, Oizak sortutako Torres Blancas (Dorre Zuriak) eraikinean ere agerikoak dira prozesuan eginiko aldaketak. Egiazki, eraikina ez baita ez zuria, ez dorre ugariz osatua.
Paperean baizik ez direnak
Oizaren plano guztiak ez ziren eraikin bihurtu azkenerako, zenbait erdibidean gelditu ziren. Dena dela, horietako batzuek jaso zuten aitortza, eman dute zeresana, eta egin zaie txoko bat Altzuzan. Hala gertatu da, adibidez, Donejakue bideko kaperarekin eta Bilboko Alondegia kultur etxerako diseinatutako proiektuarekin. Azken horren kasuan, Oizaren asmoa zen metakrilatozko kubo handi bat paratzea eraikin horren gainean, baina proiektua bertan behera gelditu zen azkenean, desadostasun politiko batzuen ondorioz, besteak beste —Oteizak ere parte hartu zuen proiektu horretan—.
Askok fenomenologotzat jo zuten Oiza, gizartearen eta norbera bizi den tokiaren arteko harremanean zuen tema ikusirik. Hori nabarmen islatzen zuen arkitekturan: obra sortzeko, ezinbestekoa zuen kokalekuari estu erreparatzea. Alabaren iritziz, horretan zen aditua, batez ere, baita etxebizitzak diseinatzen ere. «Maisu bat zen horretan».
«Oiza metodoa»
Oiza Oteiza Huarte bilduman, obren arteko antzekotasunak adina edo gehiago dira batzuen eta besteen arteko aldeak. Proiektuek agerian uzten dutenez, Oizaren estiloa zaila da begi kolpe batean identifikatzen. Saenz ere iritzi horretakoa da, eta, hain justu, gogora ekarri du Oizari «eklektiko» deitu izan ziotela sarri, bere lanetan inoiz gutxitan errepikatzen baitzuen aurrez baliatutako soluzio edo forma bat.
Edonola ere, azaldu duenez, lanak sakon arakatuz bada modurik «Oiza metodoa» aurkitzeko. Honela deskribatu du: «Jaitsiz sartzea zen haren giltzarri handietako bat, oinarria lursailean hondoratzea. Eta, gero, espazioan presioa egitea: estutzea edo zabaltzea». Kaleko zola baino are hondorago abiatzen dira haren lanetako hainbat.
Oizak, Oteizak eta Huartek gazte zirelarik ezagutu zuten elkar. Oteizaren Nire emaztearen erretratua lanak (1947) nabarmen harritu zuen Oiza, eta handik gutxira, 1950ean, Arantzazun aritu ziren biak lanean. Ordutik, haien bideak beti izan ziren aski hurbil. Huartek, berriz, Madrilen San Sebastian lana ikustean ezagutu zuen Oteizaren obra, eta handik urte batzuetara ezagutu zuen Oiza, Nafarroan.
Hirurek elkarri eginiko ekarpenak nabarmendu ditu Saenzek. Dena dela, kontatu duenez, inork ez zuen muturra sartzen bestearen lanean. «Interferentziak baziren, bai, baina izugarri errespetatzen zuten lagunaren sormenerako askatasuna. Inolaz ere ez zioten elkarri konturik eskatzen». Oroitu duenez, hitz aspertuan aritzen ziren, baina elkarrizketa horiek gehiago ziren jakinduriari buruzkoak. «Elkarrizketa abstraktuagoak ziren: asko maite zuten literaturari, filosofiari, poesiari, arteari eta espazioari buruz hitz egitea».
Oiza, Oteiza eta Huarte Altzuzan bildu ziren azken aldiz. Oizak Oteizaren enkarguz diseinatu zuen eraikina, Huarteren babes ekonomiko irmoarekin. Are, Huarte izan zen Jorge Oteiza fundazio museoaren lehen lehendakaria; 2009an utzi zuen kargua.