Oinekin kontatuko dute

Etzi estreinatuko dute Juan Antonio Urbeltz koreografoak sortutako 'Martin Zalakain' ikuskizuna, Bilboko Arriagan. Pio Barojaren eleberria du oinarrian

Irudian, Harkaitz Cano, Mikel Urbeltz, Itziar Otamendi, Ander Lipus, Ignacio Malaina, Juan Antonio Urbeltz eta Amaia Bueno. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
«Narrazio dramatikoa duen dantza ikuskizuna da Martin Zalakain». Hanken eta gorputzen mugimenduekin irudiak sortzen saiatzen da Juan Antonio Urbeltz koreografoa, pausoz pauso, narrazio bat sortzeraino, eta aski izan du esaldi bakarra bere asmoa azaltzeko. Martin Zalakainen istorioa kontatu du oraingoan, izen bera daraman ikuskizunean. Pio Baroja idazlearen Zalakain abenturazalea eleberria hartu du oinarri, eta dantza, musika nahiz antzezlana uztartu ditu. Harkaitz Cano idazleak lagundu du gidoiarekin, eta Barojaren azalean jarri du Ander Lipus aktorea. Euskal Herri osoko 80 dantzarirekin baino gehiagorekin izango da agertokian. Larunbatean estreinatuko dute lana, Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etan.

Behar batetik abiatu zuen egitasmoa Urbeltzek. «Herri guztiek unibertsaltasunaren hazi bat dute beraien herri kulturan». Ez dute denek kimatzea lortzen, ordea. «Jakintza eta gizarte baldintza egokiak behar dira hazi horri forma emateko». Euskal Herriko sorkuntzan lur emankorra dagoela uste du Urbeltzek, eta saiakera egitea erabaki duela azaldu du. Galdera eta erantzuna, biak jaurti ditu jarraian. «Zer lortu nahi dugun sortu dugun lanarekin? Bada, gure heroi herritarrarekin hazi bat sortzea eta koska bat gora egitea, datozen belaunaldiek aurrera egin dezaten».

Martin Zalakain pertsonaia hartu du ardatz horretarako, eta ez du ausaz aukeratu. «Heroi tradizionalek duten karga erromantikoa eta dramatikoa du Zalakainek, eta Euskal Herriko XIX. mendea azaltzen du: karlistadak, tartean». 1922an idatzi zuen Zalakain abenturazalea eleberria Barojak, eta 250 orriko kontakizuna antzerki gidoi bihurtu du Canok. Baroja bera ikuskizunean presente egotea nahi zutela azaldu du Urbeltzek. «Lotsatia eta apurtzailea zen era berean, anarkista bat. Alde zegoenaren kontra egoteko gai zen Baroja, eta iruditu zitzaigun interesgarria litzatekeela hura ere eszenara eramatea». Antiklerikala, antiabertzalea, antisemita eta antierrepublikanoa izan zen Baroja, eta etsai sorta bat zuen arren, asko dira, belaunaldiz belaunaldi, haren lanari esker literaturara zaletu direnak. Bada, On Pio hezurmamituko du Lipus aktoreak.

Dantzen gaineko testua

«Ez dut esango nire lana erraza izan denik, baina erraz azaltzen da: 250 orriko nobela epiko bat edo western karlista bat bost orritara ekarri dut, Barojak bere ahotsean esan dezan». Istorio mardul bat sintetizatu behar izan du Canok; izan ere, pertsonaia asko azaltzen dira Zalakain abenturazalea-n, eta hamaika pasadizo biltzen ditu: liskarrak, lapurretak, kartzelaldiak, kontrabandoa... «Nola ekarri hori guztia orri gutxi batzuetara?». Koro Navarrok 2006an euskaratu zuen Barojaren eleberria, eta Canok aitortu du horrek lana erraztu diola.

Testuan baino gehiago, dantzetan jarri du fokua idazleak, Urbeltzen sorkuntzaren gainean egin baitu lan. «Gidoia dantzak ematen du. Niri Juananek [Urbeltzek] eta Mikelek [Urbeltzek] dantzatu zidaten, txaloekin eta kantatzen. Niregana etorri zirenean, maketa bat bailitzan azaldu zidaten ikuskizunaren gidoia. Hortik abiatuta, dantzak protagonismoa duen obra batean, printza txiki batzuekin haritxo bat sortzea izan da nire lana».

Joseba Sarrionandia idazlearen liburu baten tituluarekin azaldu du Lipusek Urbeltzek deitu zioneko unea: «Kolosala izango da. Horixe nerabilen buruan Juananek [Urbeltzek] parte hartzeko proposamena egin zidanean. Orain, ikuskizunean murgilduta gaudela, kolosala izaten ari dela diotsuet». Edonola ere, azaldu duenez, publikoari dagokio, larunbatetik aurrera, ikuskizuna kolosala den ala ez erabakitzea.

Elkarlanaren adibide

Baroja bihurtuko da Lipus oholtzan, eta Jon Garate dantzariak hartuko du Zalakainen papera. «Guk hitz egiten baino gehiago azaltzen dugu dantzan. Niretzat prozesua oso aberasgarria izan da. Gurea mundu profeteurra dela esaten dut nik: profesionalen maila eman nahi dugun arren, amateur izatera kondenatuta gaudelako». Antzera aritu da Lipus ere. «Euskarazko arte eszenikoan halako produkzio bat egitea ez da posible, ez bada maitasunetik eta amateurtasunetik egiten. Nahiko nuke maila profesionalean 80 pertsona ikustea».

Urbeltzek gidatzen duen Argia dantza konpainiarekin batera, Euskal Herriko bost dantza taldek parte hartuko dute Martin Zalakain ikuskizunean: Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeko Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai. Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek sortu dute musika, eta beste hainbat musikarirekin batera izango dira oholtzaren gainean; Ezpelurreko gaiteroekin eta Pectro hari taldekoekin, tartean. Jantzigintza lanetan, berriz, Amaia Bueno aritu da. Horra, genero uztarketaren eta elkarlanaren beste adibide bat.

Bilbokoa izango da estreinaldia, etzi, baina emanaldi gehiago dituzte aurreikusita. Abenduaren 16an eta 17an Donostiako Viktoria Eugenian izango dira, urtarrilaren 13an Iruñeko Baluarten, eta otsailaren 17an eta 18an Baionako antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.