Oinazetik sortuak, baina eder

Detritus artistaren ibilbide osoko obrak bildu dituzte 'Edertasuna hala ere' erakusketan, Donostian.Kartel, margolan eta koadernoak daude Koldo Mitxelenako Ganbaran

Detritus, berak sortutako artista koadernoak alboan eta kartelak atzean zituela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Egongo da jendea bizirik egoteagatik pozik dagoena; niri hori ez zait bereziki interesgarria iruditzen. Badira oso ongi pasatzen dudan egunak, baina ez dut horri buruz margotzen. Pintura gaizki pasatzen duzunerako da». Oinazea, sufrimendua, ezinegona sormen iturritzat hartuta, edertasuna bilatu izan du beti Detritus artista donostiarrak. «Ez nuke nahi melodramatikoa izan, baina hau guztia ondoez batetik sortzen da, bizitzarekiko deserosotasun batetik. Deserosotasun soziala da, karteletan agertzen den moduan, baina baita existentziala ere. Ezinegon hori gainditzeko, asmoa da esperientzia modu eder batean garatzea, modu polit batean kontatzea; edertasuna sortzea, azken batean. Guztiaren gainetik eta, halere, bizitza osoan hori izan da nire tema». Ezinegon hori gaintzeko eta komunikatzeko beharrak bultzatuta, hamaika lan sortu ditu 30 urteotan. Haien bilduma bat jarri dute Donostian, Koldo Mitxelenako Ganbaran, eta bihar irekiko dute erakusketa.

Orotara, 30 kartel, azken urteetan egindako hemezortzi olio pintura, zirriborroz betetako dozena bat koaderno eta bi artista liburu bildu dituzte erakusketarako, artistaren ibilbidearen erakusgarri direnak. Haien bidez, 80ko hamarkadara, okupaziora, rock erradikalera, punkera... beste garai batzuetako estetika, hitz eta mezuetara eramaten du ikuslea.

Izan ere, 80ko urteetan ezagutarazi zuen bere burua Detritusek. «Izen hori hartu nuen nor naizen azaltzeko: izaki animikoki andeatu bat». Orduko gizarteko gatazka eta aldarrikapen ugari karteletara eraman zituen, hitzak ez ezik irudiak ere erabiliz haiek sortzeko: intsumisioa, gaztetxe eta okupazio mugimendua, Leitzarango autobiaren aurkako borroka, kontrol sozialaren eta faxismoaren aurkakoak, epaiketen aurkako manifestazioenak, espetxeak apurtu leloa plazaratzen dutenak... Halakoak dituzte erakusketan jarritakoek.

«Bere buruarekiko penatuta dagoen pertsona bat naizen bezala, agian horrexegatik erruki handia diot gaizki pasatzen duen jendeari». Orain bakartuago sentitzen bada ere, 80ko urteetan «gizartearen espirituarekin konektatuta» sentitzen zenartista. Baina nostalgiarik ez du: «Batere ez, niretzat ez baitira inoiz animikoki garai zoragarriak izan». Egungo errealitatearekiko «nekea» sentitzen du, ordea. «Horregatik saiatzen naiz ez oso garaikidea agertzen, ez baitzait mundua batere interesatzen; neure buruaz, XXI. mendeaz eta guztiaz paso egiten dut. Aktuala izatea ez doa nirekin».

Eta, hala ere, erakusketako lan gehienak azken urteetan sortutakoak dira, margolanak batez ere. Haietan ere irudiak eta hitzak nahasita agertzen dira, letrak irudi bihurtzeraino. «Badakit nire koadroak bitarikoak edo dudazkoak direla, baina nire asmoa ez da bakarrik adieraztea; komunikatzea ere bada, nahiz eta gero ez ulertu edo justu kontrakoa ulertu, izugarri ederra iruditzen zaidana».

Giro bera sumatzen da lan guztietan. «Egiten dudan guztia tentsioz egiten dut; beraz, denak du atmosfera antzeko bat», dio; «beti konstante bat hor» egon delako, haren hitzetan: oinazea. «Tira, saiatzen naiz lan atseginak egiten, haiekin jendeak zu maita zaitzan ere saiatzen baitzara. Kartelak eginez edo jendearekin egonez, dena da eramangarriago».

Egunero margotzen du, eta esaten du horretan ari ez badaordu asko ematen duela horretan pentsatzen. «Hiru aste pasatzen badira margotu gabe, adibidez, tipo antzua, porrot eginda sentitzen naiz, eta jasanezina da hori». Bere buruarentzat baliagarria izan zaio lanok sortzea, eta ikusleak haietan beste zerbait ulertuta ere, balioko diotela espero du, bera bezala sentitzen direnei, adibidez. «Jende asko egongo da horrela, baina agian ez dira kalera aterako; ez dakit, badirudi kalean eta leku guztietan jendea superzoriontsua dela, baina ez dakit, ba... Ez naiz ari inoren estrategiaren aurka jartzen; bakoitzak nahi duena egin dezala hobeto bizitzen saiatzeko, eta inork ongi dagoelako itxura eman nahi badu, bada, eman dezala, baina niri horrek ez dit inolako etekinik ematen».

Erakusketa ezberdinak

Orain gutxi, Iruñeko Katakraken, Errenterian Zintzilik irrati librearen 30. urteurrenaren harira eginiko erakusketa kolektibo batean eta Irungo Kabigorri Ateneoan egon dira ikusgai Detritusen zenbait lan. Orain arte egindakoetatik, baina, haren ibilbidea zabalen agertzen duena Donostiako erakusketa izan liteke. Apirilaren 18ra bitarte egongo da zabalik.

«Pozgarria da Ganbara honetan beti pittin bat ezkutuan dauden edo hain komertzialak ez diren artistak eta proiektuak aurkeztea», esan du Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Kultura zuzendariak. Azkenaldian halako erakusketak egiten ari direla azaldu du, orain arte ikusgai egon dena —rocka eta komikia uztartzen zituena— eta Detritusenaren ondotik jarriko dutena —Euskal Herriko mugimendu feministari buruzkoa— adibidetzat jarrita. «Garrantzitsua da Ganbara honek lehen mailakotzat jo ez diren artista, artelan eta prozesuak erakusteko gaitasuna izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.