«Poema liburua ulertzerik ez dago norberaren mundu pribatuaz hitz egin gabe». Martxel Mariskal Balerdik barrutik eta zintzo hitz eginez aurkeztu du bere lehenengo poema liburua, Azken zakatzak (Susa). Asko idatzitakoa da, halere. Besteak beste, Lisaborentzako makina bat hitz idatzitakoa da; nobela bat ere kaleratu zuen 2000. urtean, Me llamo Ezequiel y asi será siempre (Ezequiel dut izena, eta hala izango da beti). Hau du, ordea, lehenengo poema liburua: «Niretzat, hau aldarrikapen bat da: hemen literatura dago, baina badago, horrez gain,pertsona bat mina lagun duena; ez min existentziala, baizik eta fisikoa, organikoa, fisiologikoa».
Itsasoa eta oinazea. Horiek dira Mariskalen bizitzako elementu garrantzitsu bi, eta, era berean, poema askotan zuzenean edo zeharka ageri diren gaiak. Familia arrantzale batean jaioa da; gurasoek itsasoa eta ogibidea ezagutu zitzan nahi zuten. «Hala esan ziguten, bai niri, bai nire anaiei: 'Egin ezazue nahi duzuena, edo ahal duzuena; lagunduko dizuegu, baina ez zarete arrantzale izango'». 15 urterekin joan zen arrantzan lehen aldiz; gehiagotan ere joan zen, ikasketak ordaintzeko. «Unibertsitate askotan ibilitakoa naiz, baina oso garbi daukat nire eskola, pertsona moduan, itsasoa izan dela». Ez du esperientzia ahaztuko. «Itsasoari begiratzen diodanean, aita ikusten dut, aitona, nire auzoa txikiak ginenean, galtzen ari den bizitzeko era bat; lotura hori erro-erroan dago».
Bostonen (AEB) irakasle aritu ondotik bueltatu zenean, gaixotasun arrunt bat izan zuen, gripea, baina, horren ondoren, infekzio bat izan zuen nerbio sisteman; oinaze neurologikoa jasan du ordutik, eta badira hamahiru urte jada. «Bizitzan gertatu zaidan egoera bat da. Norberarentzat, oso zaila da hori ulertzea, are zailagoa onartzea, baina behin onartzen duzunean, bi aukera baino ez daude: amore ematea, edo aurrera egitea. Nik aurrera egin nahi dut». Txikitatik idatzi izan du Mariskalek, eta horri eutsi dio orain ere, bizitzan aurrera egiteko. Nobela bat egiteko gai ez dela dio, eta horregatik jarri ziola bere buruari poema liburu bat idazteko erronka. Lehendik idatziak zituen zirriborroak, eta «arrantzan» aritu da, «handik eta hemendik».
Gai gehiago ere landu ditu, eta beste bat nabarmendu du: edertasunaren bilaketa. «Zaila egiten zaigu edertasunaren alde kontzienteki jokatzea. Hemen, horren aldeko joera, jarrera eta ekintza kontziente bat egin dut». Era berean, hitzen garrantziaz ohartarazi du: «Ez dut hitzekin jolastu jolasteagatik: pentsamendua ez ezik, edertasuna bilatu dut; ez edertasun formala, baizik eta mamia duen edertasuna. Eta horretan jarraitu nahi dut nire bizitzan».
Poesia, jarrera gisa
Kezkatzen duten hainbat gairen inguruan hausnartu du Mariskalek, nola aurkezpenean, hala liburuan. Egungo gizartea da horietako bat. «Neure burua ezagutu nahi dut besteak hobeto ezagutzeko, baita gizartea hobeto ulertzeko ere; egungo dinamikak jarraitzen ditut eta ulertu nahi ditut, garai honetako seme-alabak garelako eta garai honen partaide aktibo izan nahi dudalako».
Gizartea eta pertsonak hartzen ari diren bidea «kezkagarritzat» du. «Egin dezagun poesia P larriarekin, ez genero literario moduan bakarrik, baizik eta azpimarratu nahiko nuke poesia jarrera moduan bizitzaren aurrean». Mariskalen ustez, poesia alboratzen jarraituz gero, ezin liteke oso urrun iritsi. «Poesia behar dugu, ze bestela transakzioa, etekina, utilitarismoa eta halako balioen barruan egiten ditugu gauzak». Jarrera «oso pasiboa» da nagusi haren ustez, eta «alferkeria ikaragarria». Egoera horren aurrean, gizatasuna eskatu du: «Gizatasuna ahazten badugu, eta ahazten ari gara, ez gabiltza ondo».
Alde horretatik, pertsonak agente aktibo izateko tresnatzat ditu irakurtzea eta idaztea. Era berean, alferkeria literaturan ere badagoela ohartarazi du: «Literatura mota bat gailendu da; beste literatura mota bat, sakontasun gehiago eskaintzen duena, hausnarketa eskatzen duen literatura, ez doa bat garai azkar hauekin, baina denbora bilatu behar da bai idazteko, bai irakurtzeko».
Ez du ahoa iraultza eta halako «hitz potoloekin» bete nahi. «Ez, ez, has gaitezen gauza txikiekin, has gaitezen poesiarekin; poesiarekin hasten bagara, eta jarraitzen badugu, p txikiarekin zein P larriarekin, gure bidea geldiagoa izango da, baina urrutirago joango gara». Mariskalek «espresatze bide bat» eta «konpartitzea» ditu helburu literaturan. «Pentsamenduak, gogoetak eta sentimenduak partekatzea luxu bat da: musikan ibili nintzenean bezala, liburua partekatze baten modura planteatu dut. Horretan datza sormen lanaren magia».
Denbora, gogoa eta plazera
Azken zakatzak irakurtzeko «denbora» behar dela dio Mariskalek, beharrezkoa dela «gogotsu» hartzea, baita «plazerez» egitea ere. «Nik hala idatzi dut. Plazerik ez badago sormen lanean, alferrik ari gara; bestela dena da estetika eta dena da pose bat, eta kontu horiekin guztiekin nazkatuta nago». Alde horretatik, liburu «exijentea» da irakurlearentzat. Poesia «inork ez edo lau zorok» irakurtzen dutela dio, baina eskaintza xumeak beharrezkoak direla, «bihotzez, kontzientziaz eta poztasun handiz» egindakoak.
Sentimenduak, kezkak eta desioak hitzez adieraztearen garrantzia azpimarratu du Mariskalek: «Hori da poesia, hori da edertasuna eta gizaki bihurtzen gaituena. Hitzik gabe ez gara gizakiak: berreskuratu ditzagun, eta erabil ditzagun kontzienteki». Forma aldetik, gaineratu du poema luzeak direla nagusi, batzuk narrazio moduan idatziak: «Pop musika baino gehiago, jazza aurkituko dute irakurleek».
Oinazetik egindako literatura
Bere lehen poesia liburua argitaratu du Martxel Mariskal Balerdik: 'Azken zakatzak'. Gizatasunaren eta hitzen garrantzia aldarrikatu du, «alferkeriaren eta posearen» aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu