Oinazeari umorea

Vaiven eta Lapavana konpainiek 'Terapiak' obra emango dute, euskaraz, gaur hasi eta igandera arte Donostiako Antzoki ZaharreanInternet bidez elkar ezagutzen duten gizon eta emakume bat ditu protagonistatzat

Mikel Laskurain, Dorleta Urretabizkaia eta Mikel Losada, Terapiak obra antzezten. VAIVEN PRODUKZIOAK.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Krisian dauden gizon eta emakumezkoa. 30 eta 40 urte bitartekoak biak, Interneti esker elkar ezagutu dutenak. Ez da argumentu berria. Egungo gizartean ez ezik, antzerki obra garaikideetan ere bere isla duen gaia da (Tanttakaren Ipar-haizean kontra, esaterako).

Protagonistak, biak, terapeutarengana joaten dira. Hori ere ez da berria. Azken hamarkadan asko ugaldu da gisa bateko edo besteko terapietara joaten den jende kopurua. Eta horrek ere badu bere isla antzerkian. Hor da, kasurako, Kanpingags konpainiaren Lapurzuloa lana.

Oinazeari umorea. Negarrari irria. Dramari komedia. Ez da botika berria. Lehen ere makina bat idazle eta dramaturgok adierazi izan dituzte pertsonen izaeraren alderdirik ilun eta mingarrienak umorearen talaian babestuta. Funtzionatzen duen kontua izan ohi da.Sufrikarioa bizi duenak eskertzen du umorearen sendagaia, eta halatsu antzerkia ikusten duenak ere. Christopher Durang antzerkigile estatubatuarrak Marx anaiek edota Woody Allenek lehenago jorraturiko bideari helduta idatzi zuen Beyond Therapy obra 1981ean. Orduan modako jartzen ari ziren psikologoak, psikoterapeutak, terapiak eta gisako hitzak. Arrakasta izan zuen obrak. 30 urtetik gora igaro dira, eta orain Euskal Herriko oholtzetan ikus daiteke Vaiven eta La Pavana (Valentziakoa da hau) konpainien elkarlanari esker, Terapiak izenburuarekin. Euskaraz nahiz gaztelaniaz eskainiko dute.

Rafael Calatayud valentziarrada obraren zuzendaria. Hark Durang aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuen. New Yorken egin zuten topo, eta ez zuen dudarik izan: «Antzerkiaz dugun ikuspegi bertsuak lotzen gaituela antzeman nuen: hain gara serioak bizitza ikusteko moduan, geure buruaz barre egitea baino ez zaigula geratzen». Zuzendariaren hitzetan, «zorrotza bezain sakona» da Durangen testua: «Egile gisa animalia bat balitz, ziurrenik erle bat litzateke. Durangek kosk egiten du, baina egiten duen bakoitzeko tripak uzten ditu. Bere lanaren bereizgarrietako bat da: zenbat eta oinaze gehiago izan istorioak, orduan eta umore gehiago azaltzen du». Dramari irribarrea soilik ez, baita barrea eta algara ere.

Durangen lanik ezagunena da Beyond Therapy.Jatorrizko bertsioan Sigourney Weaverrek estreinatu zuen emakumezko protagonistaren rola jokatuz, eta Robert Altmanek eraman zuen zinemara 1986an.

Nor da eroa?

Euren identitate sexualaren bila dabiltza bi protagonistak, alter ego afektiboak biziaturik dauden borobiletatik askatzen saiatuko dira eta zentzu gabeko terapietan babestuko dira. Batzuetan absurdozko umorerako norabidea hartzen du, erritmo azkar eta zirraragarri batez. Euskarazko bertsioa Ainara Ortegak moldatu du. «Lanik zailena ingelesez pentsatu eta sorturiko umorea euskarara ekartzea izan da», haren hitzetan.Komedia izan arren, «sakontasun handiko» obra da itzultzailearen irudiko: «Tragedia kontatzeko modurik sanoena askotan umorea izaten da. Antzezlan honek badu ikasgai bat: nahiz eta gauzak ilun ikusi, eta gure barruan desorekak bizi izan, askotan umorearekin aurrera atera zaitezkeela. Antzezlanaren kasuan, umorea ikusleak nabarituko du gehiago. Pertsonaiak beraiek ez baitira jabetzen umorez ari direnik. Nik azpimarratuko nuke komedia bat dela, baina azpian mami handiko istorioak ditu».

Bakardadetik ihesi dabiltza bi pertsonaia nagusiak, Dorleta Intxaurragak antzezten duen Pruden, eta Mikel Losadak antzezten duen Oscar. «Txat baten bidez elkar ezagutu dute. Emakumea bikote baten bila dabil, aurretik izan dituen esperientzia etsigarrien ondoren. Gizonezkoa beste motibazio batzuk direla-eta sartu da txat horretan. Esperientzia berriak izan nahi ditu», argitu du Ortegak.

«Pertsonaia hauek desoreka handi batez marraztuta daude, Woody Allenen pertsonaia asko bezala. Hori da euren profila markatzen duena: desoreka», zehaztu du. Hutsunea betetzeko nahi horretatik abiatuta jo dute txatera. Dorleta Urretabizkaiarentzat «pertsonaia oso ausarta» da berak antzezten duena. «Pausoak ematen ditu bere desorekak gainditzeko. Erabakiak hartzen ditu. Mundu berri batean sartzen da eta hor eskemak apurtzen zaizkio». Alde horretatik egin behar izan du lanik handiena aktoreak, «mundu berri batean sartzeko ahalegin horretan», alegia. «Irekitzea eskatzen du pertsonaia horrek. Onartzea gauzak zuk espero ez bezala izan daitezkeela».

Baina desoreka horrek lehenago ere bazuen ondoriorik. Biak dira terapien ohiko bezero, biek dute terapeuta pertsonal bat. Ane Gabarainek eta Mikel Laskurainek jokatzen dituzte psikologo edo terapeuten rolak. «Eta topikoak dioen moduan sarri psikologoak euren bezeroak baino okerrago eta desorekatuago daude». Terapeutekin duten harreman horretatik abiatuta hasiko da «benetako komedia». «Korapiloak sortuko dira, eta zaila izango da antzematea zein den terapeuta eta zein bezeroa», azaldu du Ortegak.

Beste bi pertsonaiak osatzen dute antzezlanaren muina: «Rol txikiagok dira, baina lanari bizitasun handia ematen diotenak». Kepa Errastik antzezturikoa gizonezko protagonistaren inguruko pertsonaia bat da, eta Asier Oruesagastik protagonistek ohikoa duten taberna eta jatetxeko zerbitzariarena egiten du. «Badirudi ez duela esanahi handirik pertsonaia horrek. Testu askorik ere ez dauka, baina garrantzitsua da jokatzen duen rola. Senari jarraitzen dioten gutxienetako bat da, bere-berezkoari. Ez da makurtzen hainbeste konbentzio sozialetara. Barre asko egiten da pertsonaia horrekin».

Ordu eta laurden inguruko iraupena dauka obrak, eta eszenaratze xumea. Eszenak edo terapeuten kontsultan edo tabernan gertatzen dira.

DFerian estreinatua

Otsailaren amaiera aldera Donostiako DFeria antzerki azokan estreinatu zuten lana. «Jendeak gogo onez hartu zuen». Orduz geroztik, beste bitan baino ez dute eman. Euskaraz, Araiako (Araba) Umorezko Antzerki jaialdian, abuztuaren 14an, eta gaztelaniaz Altsasun (Nafarroa), irailaren 7an. Gaur hasi eta igandera bitartean Donostiako Antzoki Zaharrean (20:00etan) ikusi ahal izango da. Lau emanaldiak euskarazkoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.