Literatura

Oinazearen muturrerainoko bidaia

Datorren astean berrehun urte izango dira Dostoievski jaio zela, askoren ustez giza kondizioak literaturan izandako esploratzailerik behinena. Jende xumearen miseriak barrunbeetaraino esploratzeko manera preziatu izan zaio, eta haren lanek eragin handia izan dute aurrerantzeko idazleen artean.

Fedor Dostoievski idazlearen erretratua, Vasily Perov margolariak 1872an egindakoa. BERRIA.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
San Petersburgoko Semenosk plazan, 1849ko abenduaren 22an, 28 urteko ingeniari militar bat fusilatzera daramate, beste bederatzi lagunekin batera. Nikolas I.a tsarraren kontra konspiratzea egozten diote. Estali dizkiote begiak, eta leitu dizkiote karguak, baina barkazioa ailegatu zaio soldaduek katua sakatu aurreko istantean. Ez dute exekutatu. Siberiara bidali dute, Omskera, bost urtez lan behartuetan nekatzera. Bolada hura fini, beste bost urte Kazakhstanen soldadu pasatu, eta orduan baino ez da itzuli Ama Errusiara. Bueltan, aurreneko deserri horrek erabat markatuta berrekin dio atxiloaldiak etendako karrera literarioari, gaztetako arrakastak berritzeko asmotan.

Dostoievskik, izan ere, hogeita lau urte zituela ezagutu zuen lehen arrakasta, Jende pobrea nobelarekin. Pasadizo ezaguna da nola Belinskik, garai hartako Errusiako kritikaririk ezagun eta ahaltsuenak, gau bateko zirraraldian leitu omen zion lehen eleberria, eta badirudi gero ere euforia batean goratu zuela. Gaur egun Dostoievskiren obra gailentzat jotakoak puskaz geroago idatziak dira: Idiota, Krimena eta zigorra, Karamazov anaiak eta Deabruak-en hasiera bizitzako aldirik latzenetan ondu zituen, Europako erbestean; izan ere, 1866an Errusiatik ihes egin behar izan zuen, zorrek hartaratuta, eta Europako zenbait hiritan bizi izan zen, ozta bizi ere, Errusiara behin betikoz bueltatu aurretik.

Dostoievskiren bizitzak bere edozein nobelatako pertsonaia ilun, gosekil, perbertitu eta miseriara behartu batena dirudi. Epilepsia izan zuen bizitza osoan, eta azken aldera baita tuberkulosia ere. Tormentu fisiko horri eldarnioak eta etengabeko fede gatazka sutsuak ere erantsi behar zaizkio. Gaixotasuna, hurkoen heriotza, pobrezia gorriaren zuloa, adikzioa eta zorren itolarria, horiek guztiak bere larrutan ezagutu zituen Dostoievskik, eta denak ere nabarmenak dira haren literaturan. Horretan, Stefan Zweig idazle eta kritikariak oinazearen onarpen suerte bat ikusten dio Dostoievskiri, baina ez drama eta ezkortasuna nagusi direla, ezpada bitalismoa eta bizimina bera. Zweigen esanetan, Dostoievskik sufrimendua besarkatze hori bizitza bere gordinean hartzeko barne bulkada bat da funtsean: «[Dostoievskik] Maite ditu bere bizioak, bere gaixotasuna, jokoa, gaizkia, bai boluptuositatea ere». Haren pertsonaiek ere maite dute sufrimendua, hortxe sentitzen baitute bizitza bere bizian: «Zuzen bizitzea, harentzat, indar betean bizitzea da, den-dena bizitzea, ona eta txarra batera».

Oinazea behartzen duen hein berean eramaten du Dostoievskik errealismoa ere bere mugetatik harago. Errealismoaren kodeak hautsi gabe, haren nobelen eldarniozko atmosfera lauso eta onirikoak fantastikoaren eremuan sartzen dira sarri askotan. XIX. mendeko nobela errealista delakoaren egile nagusietatik apurtzaileenetakoa da, eta ez da kasualitatea Dostoievskik hainbesteko eragina izatea XX. mendeko modernismoan eta existentzialismoan. Hura aipatzean aise pilatzen dira superlatiboak, eta, horiek ere motz geratu ohi direnez, ezinbestez idazlanetara jo beharra dago halako egileak (egile guztiak, azken finean) benetan ezagutzeko.

'Krimena eta zigorra'

«Baina zer uste duzu, gezurra diozuelako nagoela horrela? Bai zera! Atsegin dut zuek gezurra esatea! Gezurra da gizakien pribilegio bakarra gainerako organismo guztien artean. Gezurretik gezurrera iristen da egiara! Gezurra esaten dudalako naiz ni gizon. Inoiz ez da egiarik eskuratu aurretik hamalau gezur utzi gabe».

Krimena eta zigorra nobelak, Dostoievskiren ospetsuenetako batek, Raskolnikov estudiante protagonistaren barne bidaia kontatzen du; alegia, krimenetik zigorrera dagoen bidea. Ageriko motiborik gabe gertatzen da krimena, ia esplikaezin, eta engoitik protagonistaren erru esangabea pixkanaka deskiribiltzen hasten da. Krimenetik zigorrerako bide horretan, era guztietako pertsonaia eta pasadizoek gurutzatzen dute Raskolnikoven estrata. Horretan, nobelak ezagun du atalka idatzia dela, garaiko usantzari jarraikiz, eta askotan ematen du albo eszena horiek ez dutela zerikusirik krimenaren trama nagusiarekin. Ordea, nobelaren ataltzean pixka bat lausotuta geratu arren,eszena solte-antza horiek, maisuki narratuta egote hutsaz gainera, ezari-ezarian Raskolnikoven zintzurreko erru bilurra estutzen dute, tinko estutzen ere, digresio horiek guztiak bueltan beti krimenaren, erruaren eta zigorraren bidera ekarrita.

Dostoievskiren nobeletan pisu berezia dute dialogoek. Ezinago abila zen dialogo narratiboetan; nobelako eszena franko luzeak dira oso, eta biluz-biluziak, mintzaldiak beste ezer gabeak ia. Eta dialogo horietan antzematen zaio benetan Dostoievski estilistari, zeinaren idazmolde landu eta aldakorrak buruhaustea besterik ez baitie ematen itzultzaileei. Testua sigi-saga aldatzen da erregistro kaletar ia trauskiletik jardun formalik hanpatu eta inpertsonaletaraino, orotarikoak baitira, azken finean, Dostoievskik istoriora ekartzen dituen pertsonaiak ere: hala-moduzko itzulpenak egiten lau sos irabazten dituzten ikasleak, polizia komisario azeriak, funtzionario koitadu malerusak, jauntxo larderiatsu zitalak, emakume landa aldetik hiriratu berriak, neskame lotsagaldu eta hitzontziak... Orotariko pertsonaiak, orotariko hizkerak. Irudipena ematen du Dostoievskik guztia, guzti-guztia harrapatu nahi zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.