Oinarri berarekin, baina berrituta

Niña Coyote eta Chico Tornadok 'Aitzstar' izena jarri diote 11 abesti batu dituen hirugarren diskoari. Kontzertuetatik atseden hartuta, kanpoko ekoizle batekin prestatu dituzte abestiak, aurrez ez bezala

2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Niña Coyote eta Chico Tornado duo donostiarrak lortuta dauka bozgorailuetatik euren musika entzun, izan irratian edo taberna batean, eta jendeak jakitea eurena dela. «Askok esan izan digute», aipatu du Koldo Soretek, Chico Tornado oholtza gainean. «Ederra da horrelako nortasuna izatea gure musikak». Bikotearen estiloak ondo finkatuta dauzka oinarriak; hala ere, ez dira horretara mugatu. Disko berria kalean dute joan den martxoaren 1etik: Aitzstar. Oinarria mantenduz musika berria eskaintzen jarraitzen dute. Aurkezpen biran dabiltza orain, eta Bilboko Kafe Antzokian joko dute gaur.

Diskoaren izena bera ere berezia da. Ingelesa eta euskara nahastearekin jolastu izan dute aurretik ere; Lainoland (2015) diskoa horren adibide. «Rock izar erabiltzen dugu normalean», azaldu du Usua De la Fuentek, Chica Tornado artista izena. «Hitzari buelta ematea da. Euskarazko zatia ingelesez, ingelesezkoa euskaraz. Ironikoa ere bada».

11 abesti batu dituzte azkenengo lan honetan. Diskoa lasaiagoa gelditu zaiela zehaztu dute, baina funtsa bera dela nabarmendu du de la Fuentek, instrumentu berdinak erabiltzen dituztela. «Agian orain bakoitzak hobeto aurkitzen du bere lekua». 2013an kaleratu zuten lehenengo diskoa, eta garapen natural batekin lotu dituzte ordutik hona izandako aldaketak.«Azkenean, diskoak taldearen momentuko argazkiak dira. Bere gauza on eta txarrekin».

Azken disko hau prestatzeko eta grabatzeko, ordea, aurrekoekin hartu gabeko erabakiak hartu dituzte. Batetik, zuzeneko kontzertuak etetea zazpi hilabetez; bestetik, Tarragonan (Herrialde Katalanak) grabatzea; eta, azkenik, Ricky Falkner ekoizlearekin lan egitea.

Zuzenekoek lotura estua dute bikoteak lortu duen famarekin. Zenbatuta dituzte jotako kontzertuak, eta «berrehundik gora» direla esan du Soretek. «Zuzenekoetan gu ikusteak zirrara sortzen dio jendeari, bai Euskal Herrian, Katalunian, Galizian zein Espainian». Zehaztu dute bi artisten artean sortzen den hitzik gabeko elkarrizketa dela jendeari eragiten diona; begirada batekin komunikatzeko gaitasuna izatea, finean.

Grabatzera jarri aurretik zuzenekoetan etenaldia egiteak izan du eragina lan berria prestatzerakoan. «Presio gabe landu dugu, lasaiago», argitu du De la Fuentek. «Denbora eman digu abestiei buelta gehiago emateko, hobetzeko eta lantzeko».

Grabazio tokia ere aldatu dute oraingoan. Tarragonako Banyeres del Penedesen izan dira, Casamurada estudioetan.

Hala ere, eragin handiagoa izan du Ricky Falkner ekoizlearekin jardun izanak. Egon Soda musika taldeko kide da egun, eta Standstill taldean ibili zen urte luzetan. Nazioarteko taldeekin egin izan du lan; Love of Lesbian eta Lori Meyersekin, esaterako, baina baita euskal taldeekin ere, hala nola Berri Txarrak-ekin.

Berritasun bat aurkitu nahi izan dute nazioarteko ekoizlearekin; oinarri bera duen musikari beste begirada bat eskaintzea, finean; begirada fresko bat. «Zuk lan bat eginda daukazunean, denbora asko eskaini diozu lan horri baina behar duzu beste norbaitek entzutea beste begirada bat emateko», esan du Soretek.

Grabazioetan adostasun «bikaina» izan dutela eta ia «eskutik helduta» joan direla nabarmendu dute artistek. Esker onez hartu dituzte Falknerren proposamenak: «Eskertu dugu abestiren bateko uneren batek zerbait falta zuela iradokitzea, adibidez».

Bukaerako emaitzarekin «oso gustura» gelditu dira Niña Coyote eta Chico Tornado. «Lan handia hartu dugu», onartu dute.

Orain, diskoaren aurkezpen biran murgilduta daude. Gaur, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua, 21:30ean; bihar, Gasteizeko Jimmy Jazzen; eta larunbatean, Donostian, Intxaurrondo Kirol Elkartean. Maiatzean kanpoan izango dira, Galizian, Valentzian eta Madrilen, eta Iruñeko Rock Festival jaialdian parte hartzera itzuliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.