Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak egin du azken-aurreko pausoa, Arrasaten. Duela 50 urte sortu zuten Gipuzkoako lehen bertso eskola, Leintz ibarrean, eta, urteurren hori gogoan hartuta, Eskoriatzan hasi eta Arrasateko azken finalaurrekora arteko bidea egin du aurten txapelketak. Hutsik gabe, baina behetik gora eginda, Oihana Iguaranek irabazi zuen igandeko saioa, eta, hurrenez hurren, Andoni Rekondo Izagirre, Maider Arregi Markuleta, Agin Laburu Rezola, Eñaut Martikorena Lizaso eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi geratu ziren haren atzetik. Txapelketak Donostiako Illunben izango du azken geltokia, abenduaren 14an.
Jada zehaztu da finalisten zerrenda. Beñat Gaztelumendi Arandia, Alaia Martin Etxebeste eta Oihana Iguaran Barandiaran zuzenean sailkatu dira, bakoitzak bere saioa irabazita. Puntuazioaren arabera, bost bertsolari hauek pasatu dira: Ane Labaka Maioz, Nerea Elustondo Plazaola, Eneritz Artetxe Eizagirre, Andoni Rekondo Izagirre eta Aner Peritz Manterola Euzkitze. Azken hirurak lehenengoz arituko dira finalean.
Imanol Artola Arretxe gai emaile zela, giro bero eta bildua izan zen Arrasateko Uarkape kiroldegian. Puntuazioz ez zen iritsi aurreko bi kanporaketen parera, baina ez zen falta izan bertsoaldi eder eta txaloturik. Maider Arregiren hasierako agurra, esaterako —hirugarren eginda, finaletik puntu bakarrera geratu da—. Oñatiarrak gogoan izan zuen txapelketan omendutako bertso eskola hura: «Debagoiena ez da bakarrik MU ta hormigoia / … / Apotzagako bertso eskolen jarrera aurrerakoia / izan zan gazte belaunaldixak jaixoteko arrazoia / ta bueltan-bueltan Mondran nau oholtzan / kosmosari hau eskatu notzan / txinpartetatik, dragoia / hegaz urtetera noia».
Saio puntuagarrian, zortziko handian baino gehiago, txikian hasi ziren luzitzen bertsolariak. Mantzizidor postaria izan zen, eta Rekondo, berriz, bizilaguna. «Beti ertetzen zera, ‘ze, ze berri, Mantxi?’ / ba gaur ere ez zaizu kartarik iritsi”, hasi zen zirika zarauztarra. Erantzuten asmatu zuen hernaniarrak: «Egunen zenbat karta dauzkazu, hiru, lau? / zuk lana mantentzeak, horrek harritzen nau». Bukaera ere halatsu eman zioten ofizioari. Mantzizidor:«Bazkaita gonbidatzen zaitut, hau ganora! / ez da menua izango kartara izango da». Rekondo: «Ta orain bazkaltzeko egiteko kasu / ba faborez idatziz eskatu ezazu».
Iguaranek eta Arregik ere asmatu zuten rolei zukua ateratzen. Dentista izan zen lehenengoa, eta goxoki saltzailea bigarrena. «Nola sei enpasteren premian zabiltzan / seitik hiru debalde komisio gisan», hasi zen Iguaran. Eta Arregik: «Seik bi mila bat euro balioko dute / ordaindu al dezaket gominola truke». Martikorenak eta Laburuk ere ateraldi politak utzi zituzten, igarle baten eta haren bezeroaren artekoan. Bizitza motza zuela esanez hasi zitzaion Martikorena: «Igual musan moduan uler dezakezu / nolabait esateko joko gutxi dezu». Eta, maitasun kontuez galdetu ondoren, amaiera biribila eman zion Laburuk: «Pozik nentorren eta noa kopetilun / eskerrik asko eta ni banoa lagun/ enula pagatuko igarriko zendun».
Iguaran, behetik gora
Martikorenak eta Iguaranek asmatu zuten ondoen ganbarako ariketan, seiko motzean. Halaxe jarri zieten gaia bertsolariei: «Lankideak zarete. Urte asko daramatzazue elkarrekin lanean. Azkenaldian, urduri joaten zarete lantokira». Irakasleen larruan jarri ziren Arregi eta Mantzizidor, eta Laburuk eta Rekondok, bestalde, kooperatiba bateko kide gisa kantatu zuten.
Iguaranek, berriz, Osakidetzan kokatu zuen gaia: «Asko igo da demanda / kezka det garbi esanda / bai baitakigu erdi osatua dagoela txanda». Martikorenak ondo jarraitu zion haria: «Nahiz ari den ogasuna / nonbait biltzen ondasuna / justu osasun sistemai falta zaio osasuna». Iguaranek ederki deskribatu zuen egoera hurrengo bi bertsoetan ere. Azkenengoan: «Jada lehertu da ekaitza / da murrizketen emaitza / ta argi dago ospitalean ez dagola gaitza».
Puntuka bizi-bizi aritu ziren sei bertsolariak. Urrezko ezteietan gurasoei zer oparitu pentsatzen aritu ziren Rekondo eta Arregi: bainuetxea, txokolatezko bainua… Aitari buruz, Rekondoren puntu parea: «Alkandora eder bat hartu dezakegu / … / ze daukanak ja mende erdia bete du». Amarentzat, ordea, alkandorarik ez. «Oparirik onena, agian pakea», Arregik, eta Rekondok biribildu: «Balneariora bera bakarrik joatea».
Azken ariketara helduta, saioko lehen hiru sailkatuek osatu zituzten bakarkakorik beteenak. Istripu baten ondorioz gurpil aulkian geratutako norbait izan zen Iguaran, ingurukoek errukiz begiratzen diotena. «Hementxe nago beste aukera bat etorri zaidana bueltan / baina aldiro galdu nuena dago zuen begietan», hasi zen. Azken bertsoan, berriz: «Badakit nola funtzionatzen dun gaitasunen hirukiak / ta nahiz bizitza mugatzen didan neurri batean aulkiak / askoz gehiago mugatuko dit niganako errukiak».
Euskarazko hizkuntza eskakizunei buruz kantatzea egokitu zitzaion Rekondori, lan deialdi bat egin eta helegite bat jarri dioten alkate baten rolean: «Hortxe joan zen onartua ta neure izenpean jasoa / non dago ba arazoa / helegiteei aurka egiteko nik emango det pausoa / zeren hauxe gure kontrako enegarren erasoa».
Arregik, berriz, sexu bidez kutsatutako gaixotasunen inguruan hitzaldiak ematen dituen norbaiten rolean aritu behar izan zuen. «Izan daiteke sifilis, izan leike papiloma / ta beti agerikoa ez da izaten sintoma / nik ez ditut bereizi nahi sexu txarra eta ona / bakarrik informatzera bidali ohi naute hona», bota zuen bigarrenean. Azkenengoan, berriz: «Eta nik nesken aurrean maiz dardarka daukat lurra / ez baitiet egin gura diskutsotan iruzurra / bereizi behar ditugu kontua eta beldurra».
ARRASATEKO SAIoKO SAILKAPENA
Oihana Iguaran Barandiaran 519
Andoni Rekondo Izagirre 513,5
Maider Arregi Markuleta 511
Agin Laburu Rezola 499
Eñaut Martikorena Lizaso 482
Iñigo Mantzizidor Larrañaga, 'Mantxi' 478.
SAILKAPEN OROKORRA
Beñat Gaztelumendi Arandia 560.5
Ane Labaka Maioz 552
Alaia Martin Etxebeste 544,5
Nerea Elustondo Plazaola. 522,5
Eneritz Artetxe Eizagirre 519,5
Oihana Iguaran Barandiaran 519
Andoni Rekondo Izagirre 513,5
Aner Peritz Manterola, 'Euzkitze' 512