Bazegoen jakin-mina. Saioa hasi baino astebete lehenago jada amaituta zeuden sarrera guztiak, eta www.bertsoa.eus webgunean ere zuzenean eman zuten, horregatik. Oihana Iguaran Barandiaran bertsolaria gailendu zen atzo Irungo Ficobako Auditoriumean jokatutako Gipuzkoako Bertsolari txapelketako final-laurdenetako saioan. 517,5 puntu eskuratu zituen, eta finalaurrekoetarako zuzenean sailkatu da horri esker. Arrasateko saioan arituko da, abenduaren lehenean.
Haren ondoren sailkatu ziren Amaia Iturriotz Etxaniz, Eneritz Artetxe Eizagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Aner Peritz Manterola Euzkitze eta Iñaki Apalategi Astigarraga.
SAIOKO SAILKAPENA
Irungoa ez ezik, Azkoitiko final-laurdeneko saioa ere jokatu zuten larunbatean, Azkoitian. Unai Mendizabal Jauregi nagusitu zen han, 485,5 puntu eskuratuta, eta hark ere zuzeneko sailkapena eskuratu zuen. Zarautzen kantatuko du berak, azaroaren 24an. Aurrez, zuzenean sailkatuak dira Alaia Martin Etxebeste (531 punturekin) eta Beñat Gaztelumendi Arandi ere (493 punturekin), hurrenez hurren, Eibarren eta Errenterian jokatutako final-laurdenetako saioetan.
Guztira, bost saio ditu final-laurdeneko faseak, eta, beraz, hurrengo igandean jokatuko da haietako azkena, Tolosan. Ondorengo sei bertsolariak arituko dira kantuan: Aitor Tatiegi Loidi, Andoni Rekondo Izagirre, Iñigo Mantzisidor Larrañaga Mantxi, Jon Gurrutxaga Urbieta, Maider Arregi Markuleta eta Nerea Elustondo Plazaola.
Puntuazioaren araberako sailkapena
Azken saio horretako garailea ere zuzenean sartuko da finalaurrekoetan, eta, zuzeneko bost sailkatuez gainera, puntuazioaren arabera sailkatuko dira beste 13 bertsolari.
Hiru finalaurreko jokatuko dira gero. Azaroaren 17an izango da lehena Oiartzunen. Azaroaren 24an egingo dute bigarrena Zarautzen, eta Arrasaten azkena, abenduaren 1ean. Azkenik, abenduaren 14an izango da finala, Donostiako Ilunben. Eta, aurten, txapeldun nagusiarekin batera, lehenengoz, 25 urtez azpiko bertsolaririk onena ere sarituko dute.
Salgai dira hurrengo saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.