Oihana Bartra Arenas bilbotarrak irabazi zuen atzo Mungiako Olalde aretoan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren laugarren kanporaketan, 479 puntu lortuta. Paule Ixiar Loizaga Legarra sopeloztarra izan zen bigarrena, 472,5 puntu bilduta.
Haien atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (472), Koldo Gezuraga Seijido (460), Aissa Intxausti Aburruza (427,5) eta Arkaitz Zipitria Mendizabal (426). Gai-jartzaile lanetan Igor Menika Bengoetxea aritu zen.
Bartrarekin batera, beste hiru bertsolari zuzenean sailkatuta daude finalaurrekoetarako. Ibon Ajuariagojeaskoa gailendu zen Durangoko kanporaketan, 479 punturekin; Gorka Pagonabarraga Igorrekoan, 482,5 punturekin; eta Txaber Altube Ortuellan, 484,5 punturekin.
Larunbatean, Elorrion
Bosgarren kanporaketa datorren larunbatean jokatuko dute, Elorrioko Arriola antzokian. Sei bertsolari ariko dira: Aitor Arrutia Azkueta, Peru de Pedro Larrea, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Imanol Uria Albizuri.
Azken kanporaketa Getxoko Muxikebarri zentroan izango da, azaroaren 7an. Han kantatuko dute Eneko Aldana Carrascok, Malen Amenabar Larrañagak, Josune Aramendi Perezek, Unai Mendiburu Valorrek, Enare Muniategi Etxabek eta Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarriak.
Dagoeneko salgai ipini dituzte Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetako eta finaleko sarrerak, bertsosarrerak.eus atarian.
Azaroaren 21ean jokatuko da lehen finalaurrekoa, Etxebarriako frontoian; azaroaren 27an bigarrena, Galdakaoko Urreta kiroldegian; eta abenduaren 4an hirugarrena, Larrabetzuko frontoian. Finala abenduaren 18an izango da, Bilbo Arenan.
Oihana Bartra Arenas nagusitu da laugarren kanporaketan, Mungian
479 puntu eskuratu ditu bertsolari bilbotarrak. Paule Ixiar Loizagak egin du bigarren. Elorrion eta Getxon izango dira hurrengo kanporaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu