Udako seriea. Musikari bat lau kantatan (IV)

Oihan Oliarj-Ines: esku ezkerra, ez beti malestruk

Lau kantore hautatu behar, eta musikariak pentsatu du parada zatekeela bere «istorioa kontatzeko»: esku soinuarekin jo zuen lehen balsetik, adoratu zuen Berri Txarrak-era; garage rock edo rock psikodelikotik, folk lasaienera.

Oihan Oliarj-Ines, Atharratzeko bere etxeko «artista familiaren gelan». PATXI BELTZAIZ
Oihan Oliarj-Ines, Atharratzeko bere etxeko «artista familiaren gelan». PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Atharratze-Sorholüze
2024ko abuztuaren 16a
06:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Atharratzeko (Zuberoa) bide baten puntan bizi da Oihan Oliarj-Ines (Atharratze-Sorholüze, 1990), zentrotik ez hain urrun, alta, baina oroz bereiz balitz bezala. Handik, dudarik gabe, musika jo daiteke gorputzaren indar oro instrumentuan emanik, nehor errabiarazi gabe, izatekotan, natura besterik ez bailuke trabatuko, baina den lekuan dela, haizeak harekin jotzen du kasik, eta txoriak harekin kantatzen.

Artista etxea du Atharratzekoa: «Berritu dugu amarekin eta arrebekin. Helburua zen geroari so egotea; beraz, gela hau egin dugu, artista familia baten gela». Bertan kantatu dezake Laura Etxegoihen bere bizilagunak, edo, bestela, Elsak, arreba bietarik lehenak; bertan antzeztu dezake Gaiak, arreba bietarik bigarrenak. Bertan erantzun dio BERRIAri, hain zuzen, zabal eta luze bere bizi eta musika ibilbideari buruz, lau kantoreren istorio eta melodien erritmoan. «Pentsatu dut kantore horiekin ideia izaten ahal dela ere ene istorioa kontatzea».

 

Vas-y Mimile - Marc Perrone (La forcelle, 1983)

 

Musikari orok badu lehendabizi jo zuen aire hori. Lehen-lehena. Etxean ikasiko zuen instrumentuaren hautua egin, eta, lehen aldiz kurtsora bildu zela, jotzen ikasi zuen lehen melodia oso hori. «Enetako Vas-y Mimile da». Oihan Oliarj-Ines musikari gisa orain ezagutzen dutenek, lotura ez lukete baitezpada eginen, zeren eta baxua, gitarra edo kontrabaxua izanik ere lehen instrumentua, nolatan izanen zen hori ikasiko zuen lehen kantua? Horretan datza misterioa, eta Oliarj-Inesen sekretuetarik bat, nahiz ez nahitara gorde: ikasi zuen lehen instrumentua esku soinu diatonikoa izan zen, 7 urterekin. «Hatsarrean ez dakizu sobera tresna erabiltzen, egiten dituzu ariketa zenbait erabiltzeko eskuineko eskua, ezkerrekoa...». Prefosta, ariketetatik zenbait doinu atera zitzaizkion esku soinuaren hatsetik, «iduri kantore bati», baina ez direnak osorik. «Vas-y Mimile-rekin lehen aldiko egiazki pentsatu dut: ados, orain badakit tresna erabiltzen eta, azkenean, ematen aire bat».

«Marc Perronek du idatzi kantore hori. Pertsonaia izugarri interesgarria da folk munduan. Ene amak ezagutzen zuen, Tolosan [Okzitania] bizi baitzen ene ama, eta folk dantzaldiak egiten baitzituen». Eta Oliarj-Inesek ere Perrone ezagutzeko parada izan zuen, harena zen aire hori lehen aldiz osorik jo zuen alditik ez hain aspaldira. Ikastaldi bat egin zuen harekin.

Airea deskribatu du gero: «Badu alegera eta melankolia ber denboran. Badu musette esku soinuko alegera hori, aski fite joaten baita. Balsa bat da, hiru denboretan. Aski berezia da. Anitz maite dut, eta anitz maite izan dut ematea, hatsarrean sinple-sinple. Baina itzulika ari baita kantorea, urrentzen duzu aski fite;  beraz, arra haste zira, eta arra hasten zira... Segitzen ahal duzu hola hamar minutuz beti kanbiatzez, beti interpretatzez». Aitortu du, irriz, nahiz hainbeste aldiz eman izanik ere Perronen balsa, sekula ez duela dantzatu. Musikan bego.

Orain ez du haboro anitz erabiltzen Oliarj-Inesek, baina uste du musika esku soinuarekin hastez, manera berezi batez deskubritu duela musika. «Esku soinuan erabiltzen duzu eskuineko eskua, zeinekin melodia egiten duzun. Beraz, aire bat ikasten baldin baduzu, adibidez zuberotar dantza bat, melodia ikasten duzu. Eta, ezker eskuarekin, akordeak. Hor sortzen da harmonia. Esku soinuan moldaketak zuzenean egiten dituzu». Bada hor zubererazko «eskerret maladret» erran zaharraren kontra joateko heina. Prozesuaren azalpenean barna, Zuberoako aire tradizionalekin egin du lotura, zeren horiek, hain zuzen, berez, ez baitute harmoniarik; «edo ez da egiten, edo bat hautatzen da». Ttipitan jadanik, anitz maitatu zuen ariketa horren entseatzea, «hautuak amini bat infinituak» baitira. 2017an atera zuen Oihaneko zühainetan proiektua hortik doa, hain zuzen: Zuberoako aire tradizional zenbait hautatu, eta melodia gehitu zien.

 

Ikasten - Berri Txarrak (Ikasten, 1999)

 

«Jadanik izugarri gogor izan da lau kantoreren hautatzea, eta izugarri gogor da Berri Txarrak-en kantu bat hautatzea. Azkenean, itsura hartu dut bat». Gainera, Oliarj-Inesek aitortu du lau kanturen hautatzea galdegin zitzaionean, sekula ez zuela usteko Berri Txarrak-en kantu bat jarriko zuenik zerrenda horretan, zeren kasik ez baitu haboro taldea entzuten, eta zerrendak laburregi behar baitzuen gehiago entzuten ez den talde baten kantua hor sartzeko. Baina, beti badira bizian oharkabean norberaren baitan betiko jarraikitzen duten zenbait momentu, irudi, sentimendu edo doinu.

Zein Berri Txarrak? «Hiru zirelarik: Gorka Urbizu, Mikel Lopez Rubio eta Aitor Goikoetxea». Hasieran lau ziren Nafarroako taldea osatzen zutenak, eta bigarren gitarrista galdu ondoan bilakatu ziren hirukote. Hain zuzen, garai horretan ezagutu zituen Oliarj-Inesek; Jaio.Musika.Hil (Gor Diskak, 2005) ilki zutelarik, zehazkiago. «Izan da ene biziko momentu inportante bat. Garai hartako diskoen artean kantore guziak maite ditut». Horraino, azaldu du musika tradizionalaz besterik ez zela inguraturik; bere aitak jazz eta opera behatzen zuen igande goizez izugarri azkar etxean, «horrekin iratzartzen» ziren, «topera». Azkenean, Marc Perrone, Kepa Junkera nahiz Tapia eta Leturiaren zenbait disko aparte, besterik ez zuen. Lizeoan piztu zitzaion metalaren zaletasuna, eta «Berri Txarrak izan da metaletik ilkitzez, amiñi bat, lehen taldea izugarri maitatu» duena. Gogoz, lehen urteetako diskoen titulu bakoitza atera du: «Atzeman zuten leku hori non bazen metala, punka, popa... Zerbait harro euskal kulturaren inguruan ez nuena horraino atzematen».

Oihan Oliarj-Ines
Pasioz mintzatu da Oihan Oliarj-Ines bere bizitzako lau kantore inportanteren inguruan. PATXI BELTZAIZ

Eta, bat-batean, Berri Txarrak-en kantutik ondokora pasatzeko prest zela, azken hausnarketa atera zaio ahotik kasik geldi ezinik: «Nola Gorka Urbizuk kantatzen duen, edo nola gitarra jotzen duen! Gitarrista bat galdu dutelarik, hura bakarrik zen, eta harritzen nintzen. Gainera, erabiltzen zuen Telecaster bat, ez rock gitarra bat, country-blues gitarra bat baizik. Eta harren bidez, akordeak zetozen izugarri apal: do eta si-an, normalki gitarra batek mi-an ditu akordeak sortzen. Eta heltzen ziren egitera gauzak izugarri eijer, izugarri melankoliko, eta kantatzen zuen bere boz izugarri hunkigarriarekin, eta bat-batean bu! Izugarri metal. Berri Txarrak-ekin ezagutu dut zer den publiko batean izatea eta horren indarra sentitzea». Ikasten kantuari buruz erran du beste bat ere izan zitekeela, eta, gustuko duen hatsarrea imitatu du, riff hori, beste zenbait kanturen gisakoa ere dena: «Tananananana, tananananana... Eta tuff, tuff, tuff!».

 

Hazemaze - Fuzz (Fuzz, 2013)

 

Beti rock munduan, baina Berri Txarrak-etik landa, haren biziaren kronologian. Garage-indie-rock musika, psikodelikoa baita ere: «Haboro da ene oraingo mundua». Fuzz beste hirukote bat da, baxua, gitarra eta bateriarekin; power trio erraten zaie. Kaliforniakoak dira. Hazemaz kantua horien lehen diskoan agertzen da, eta haren istorioa kontatu du Oliarj-Inesek: «Ez zuten izenik. Bazen disko bat Fuzz izenarekin, baina erran gabe zenez taldearen edo albumaren izena. Disko hori behatu dudalarik, kolokazioan bizi nintzen Baionan ene lagun on batekin, gitarrista. Behin heldu zen etxera Fuzz biniloarekin: ezarri dugu, behatu, inguratu, beste aldea behatu, berriz inguratu, behatu, eta hori hamar aldiz». Dena maitatu zuten, eta, bereziki, maite zuten diskoa hastetik buru behatzea. «Ez genituen nahi kantoreak bata besteaz bereizi, beti disko osoa behatu dugu, mila aldiz».

Maitasun istorio pasiozkoenetatik ilkitzen dira ideiarik harrigarrienak. Eta Fuzz talde edo albumarekiko izan zuten harremana halakoa izan zen. Sentimentu sutsuek erreakzio biziak dakartzate; orduan, talde bat sortu zuten: Smuzz; Fuzz-en coverband taldea bilakatu ziren. Garai horretan, Miarritzen (Lapurdi) bazen Le Big Festival, Aguilera zelaian, «izugarri handia». Orduan, ber denboran, Baionako Magneto gelan, sortu zuten Le Bic Festival, «big festibala borrokatzeko»: afixak egiten zituzten talde izugarri famatuekin, Fuzz, adibidez, baina azkenean ez zen Fuzz, baizik eta cover talde bat. Bic festibalak erranahi zehatza baitzuen: Bayonne International Coverband.

 

Bullet Proof - This Is The Kit (Moonshine Freeze, 2017)

 

Magneto Baionako kontzertu gela mitiko bat da, urteetan ezagutua; Mousserolles aldeko harresietan da. Pandemiagatik ateak itxi behar izan zituen, eta, geroztik, zenbait obra ere egin dituzte barnean. Aurten ireki dute berriz, lau urteren ondotik, baina aspaldikoa da gela, eta Oliarj-Ines lehen kontzertuan egon zen: This Is The Kit taldearenean. «Nik ez nuen batere ezagutzen. Ikusi eta izugarri maitatu nuen». Batez ere, kantariari buruz aritu da: «Kantari hori... Kate Stables. Ingelesa da, baina orain Frantzian bizi, duela hamar bat urte. Zein eijer kantatzen duen! Txori batek bezala. Eta dena idazten, hark berak». Gitarraz eta banjoaz akonpainatzen ditu usu. Magnetoko kontzertutik geroz, guti baizik ez zuen taldea berriz behatu, baina, Parisera heltzean hamar urte geroago, kantaria ezagutu ahal izan zuen, baita haren musikariak ere. «Plazer handia da bere ikustea kontzertuan; plazer handia da denbora pasatzea emazte horrekin. Horrelako pertsonaiak bakanak dira: izugarri goxo, ezti. Badu manera bat munduaren ikusteko, jendeari mintzatzeko, biziaren hartzeko, maite dudana eta anitz errespetatzen dudana».

Aitzineko hiru kantuen gisa, honek ere kronologiari jarraikitzen dio. Esku soinuaren aldiaren ondotik metala deskubritu eta rockari lotu zitzaion, mota batekoa, ala bestekoa. Honako kantua oraino beste aldi baten adierazle da: gaur egungoa. «Orain holako musika anitz behatzen ditut. Folk musika, neofolk mugimenduaren barnean. Izugarri minimalista da, tresna guti hautatzen dituzte. Ontsa hautatzea da zer erabiltzen duzun, eta beti hautatzea ahal bezain guti, eta gauza onak egitea. Adibidez, Bullet Proof hasten da bateria erritmoekin, egoten direnak bukaera artio, metronomo baten gisa, eta banjoa gehitzen da, eta baxua, gauza izugarri sinpleekin, izugarri zorrotz. Eta aski berezi, eta hori interesgarria atzematen dut: ez bortxaz erabiltzea instrumentuak nola usu erabiltzen diren; baxuan ez bortxaz egitea la fondamentale erraten dugun bezala [instrumentuari berezkoa zaiona]».

Azkenean, gustatzen zaiona beti «nota berri edo berezi zenbaiten xerka» aritzea da, musikaren munduan lehen zangoa sartu zuenetik, hatsar-hatsarretik, hots, ezkerreko eskuaren akordeez harmonia perfektua atzematen ahalegintzen zela; edo, horretan ari diren artisten behatzean du plazera. «Baina beti kantorearen zerbitzura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.