Oihalaz bestaldeko lan oparoa

Jonan Ordorika soinu teknikaria zendu da, 55 urterekin. Musikari ugarirekin aritu zen lanean 30 urtez baino gehiagoz, eta horietako askok esker onez oroitu dute

Beñardo Goietxe, Andoni Tolosa Morau, Txuma Murugarren eta Ordorika. J. TAPIA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Interneteko bilatzailean «Jonan Ordorika» jarrita, apenas ageri den haren argazkirik. «Jonan Ordorika soinu teknikaria». Ezer gutxi. Bada jarduna itzalpean dagoelako seinale, nahiz eta ezinbesteko diren fokupekoari oihartzun egiteko. Ez dira gutxi Jonan Ordorikak soinu teknikari gisa egindako urteak: 30 urtez baino gehiagoz aritu baita hainbat artistaren lanak grabatu eta masterizatzen. Herenegun hil zen, 55 urte zituela.

Asko izan ziren atzo goizaldean sare sozialetan zabaldu ziren mezuak. Joserra Senperena musikariarena izan zen, esate baterako, mezu horietako bat. Hala zioen: «Ez adiorik, Jonan Ordorika». Senperenak ez zuen «gertuko harremanik» Ordorikarekin; lan batzuetan elkarrekin aritutakoak dira, baina. Musikariak oroitu du Imanolen Ausencia diskoa grabatu zutela elkarrekin (2000), Ordorikak Azkarateko Argiñenea baserrian zuen estudioan (Nafarroa). «Orduan ezagutu nuen nik», azaldu du Senperenak.

Beñardo Goietxe, Andoni Tolosa Morau, Txuma Murugarren eta Ordorika.Joseba Tapia

Elkarrekin grabatu zuten Jabier Muguruzaren Aise diskoa ere. «Geroztik ez dut harreman handirik izan harekin, baina nik ekoiztutako zenbait lanetan parte hartu du». Are, musikariak kontatu duenez, bazuten elkarrekin abian jarria zuten proiektu bat esku artean. Ordorika zen masterizatzekoa Senperenaren «album berezi» bat. «Nik beti goraipatzen dut soinu teknikarien lana, askotan itzalpean gelditzen dena, eta esan dezaket zoragarria zela harekin lan egitea. Oso pertsona ona zen, beti lan egiteko prest zegoena».

Bat dator harekin Joseba Irazoki musikaria. Kontatu du «harreman hagitz ona» zuela soinu teknikariarekin. Izan ere, bere hainbat lanetan izan du lagun. Ordorikak egin ditu Irazokiren disko askoren masterizazioa eta soinu-teknikari lanak. «Ez da lan erraza disko bat grabatzea; zaila izaten da estudioko lana, baina Jonanek primerako giroa sortzen zuen beti, une hura dibertigarri egiteraino. Hainbeste tentsio eragin ditzakeen momentu bati lasaitasun puntu bat ematen zion, eta hori ez du edozein soinu teknikarik lortzen». Atzo izan zuen Ordorikaren heriotzaren berri, eta saminez hartu zuen albistea. «Sorpresaz harrapatu ninduen. Banekien bihotzeko bat izan zuela orain gutxi, baina ez nuen halakorik espero. Kolpe handia izan zen».

«Musikazale amorratua»

Aspaldi da Joseba Tapia musikariak Ordorika ezagutu zuela, eta grabaketa ugaritan izan du geroztik lagun. Tapiak berak kontatu duenez, diskoen grabaketetan ez ezik, musikariaren zuzeneko kontzertu askotan ere izan da Ordorika, soinu teknikari. Goizaldean jaso zuen soinu teknikariaren heriotzaren berria, eta «hitzik gabe» utzi zuela dio. «Sinetsi ezinik nago. Gogorra da, oso gogorra», azaldu du. Lagun handitzat zeukan Tapiak; izan ere, musika kontuengatik, elkarrekin bidaia asko egindakoak dira. «Oso lagun ona zen. Anaia bat zen niretzat».

Artista askoren lanek dute Ordorikaren zigilua. 1991n, Katarain estudioa ireki zuen Angel Katarainekin eta 2015ean hil zen Amaia Apaolazarekin batera, eta hainbat musikari pasatu ziren bertatik. 2015ean amaitu zuten estudio harekin, baina Ordorikak, Mamia Mastering zigilupean, masterizazio lanetan jarraitu zuen bere kasa.

«Musikazale amorratua zen»: hala definitu du Irazokik. Bazuen musikari maite bat, esaterako, aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan zuena: Lou Reed. Hain justu, bere estudioan izan zen musikari estatubatuarra, eta han pasatu zituen egun batzuk, Ordorikaren familiarekin batera. Handik zazpi urtera hil zen Lou Reed, 2013an.

Handik urtebetera, haren omenezko lan baten sustatzaileetako bat izan zen soinu teknikaria. Azkarateko estudioan grabatu, eta, denbora gutxian, CD, binilo eta streaming bidez argitaratu zuten Mila esker. Han parte hartu zuten, besteak beste, bere anaia Ruper Ordorikak, Delirium Tremenseko Andoni Basterretxeak, Txuma Murugarrenek, Pettik, Maddi Oihenartek, Gorka Urbizuk, Garik, Anarik eta Iñigo Muguruzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.