Oihalaren atzeko lan musikala

Egindako lana erakusteko gogoz iritsi da Euskadiko Orkestra Poloniara. Lan hori fintzeko, baina, entsegu orokorra egin dute biraren lehen geltokian: Filharmonia Narodowa auditoriumean. Varsoviako lanak amaituta, hiru emanaldi dituzte aurretik: Wrocklawn, Krakovian eta Katowicen.

Euskadiko Orkestraren entsegua, atzo, Varsoviako Filharmonia Narodowa auditoriumean. BRUNO FIDRYCH.
Miren Mujika Telleria.
Varsovia
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gosaldu ondotik, oinez egin dute Sofitel Warsaw Victoria hoteletik Filharmonia Narodowa auditoriumerako bidea Euskadiko Orkestrako ehundik gora musikarik. Auto beltz bat ailegatu da azkena; Orkestraren zuzendari Robert Treviño eta zuzendari nagusi Oriol Roch atera dira bertatik. Eta Rochek zabaldu dio auditoriumeko atea Treviñori, besoa luzatuz, barrura sar dadin, «adelante, maestro!» esanez.

Hutsik daude aretoko 1.072 aulki gorriak, eta poliki-poliki bete dute oholtza musikariek, bakoitzak bere musika tresna esku artean duela. Aurrealdean eseri dira harizko instrumentu jotzaileak; erdialdean, berriz, haizezkoak, eta, azken ilaran, zutik daude perkusio jotzaileak. Beren kasa, baina afinatu du nork bere tresna. Goizeko hamaikak aldera hasi da entsegu orokorra; hain justu ere, Trevi- ñok bere lekua hartu duenean.

Zuzendaria izana da aurretik Poloniako Beethoven jaialdian, eta hari esker jaso zuen Euskadiko Orkestrak bertan lehenengoz jotzeko proposamena. Publiko berri horrentzat, Maurice Ravel eta Gustav Mahler konpositoreen sinfonia ezagunenetako batzuk prestatu ditu taldeak. Lehen zatian, Ravelen Pavane pour une infante défunte eta Boléro interpretatuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, Mahlerren bosgarren sinfonia. «[Mahlerrena] Oso pieza zorrotza da; batez ere, haizezko instrumentuentzat», azaldu du Treviñok. Aurreratu duenez, gainera, saioak izango du sorpresaren bat edo beste.

Mahlerren zalea da zuzendaria, eta horregatik murgildu zuen orkestra haren musikan. Beraz, jaialdiaren antolatzaileek «musikarien trebetasun eta gaitasun guztiak erakusteko programa bat» eskatu ziotenean, argi izan zuen konposizio horrekin utzi nahi zuela orkestraren arrastoa Poloniako musika jaialdi garrantzitsuenetakoan. Jakinarazi du, halaber, musikariak «oso ondo prestatuta» iritsi direla Varsoviara, lan gogor eta neketsu baten ondoren. «Ez daude urduri; gogotsu daude, badakitelako zoragarria izango dela».

Hirugarren ilaran, prest dago entsegurako Amaia Asurmendi biolin jotzailea, zuzendariak batuta noiz altxatuko zain. «Irrikaz geunden hemen egoteko. Lana eskatu digu prestaketak, baina gogotsu gaude prestatutakoa publikoari erakusteko». Ohoretzat du Asurmendik Polonian jotzea bera. «Horrelako tradizio kulturala duen herrialde batean jo ahal izatea plazera da guretzat. Aurretik ditugun kontzertu guztietan gozatu nahi dugu».

Biraren garrantzia

Arretaz begira dago besaulki gorrietako batean Oriol Roch zuzendari nagusia. Haren iritziz, «oso garrantzitsua» da taldearentzat halako jaialdi baten kartelburu izatea. «Musika sinfonikoan, Polonia beti izan da potentzia bat Europan. Gainera, Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean parte hartzeko bira da hasi berri duguna. Tradizio handiko aretoetan joko dugu, publikoa desberdina da, baita energia ere». Erronka handitzat du hori, eta adierazi du aukera aprobetxatu nahi duela.

Argi du, gainera, birak berak orkestrari hazten lagunduko diola. «Euskadiko Orkestra hobe bat itzuliko da Poloniatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.