Artea

Oibar, Elgorriaga, Oteiza, Rada eta Untzitibarren eginen dute Landarte programa aurten

Nafarroako Gobernuak zortzigarrenez antolatu du landa eremuan kultur garaikideko sormen prozesuak sustatzeko Landarte programa. Artistak dagoeneko hasiak dira proposamenak «trazatzen», eta udazkenerako bukatuko dituzte.

Nafarroako Museoan aurkeztu dute Landarte programaren VIII. aldia, gaur goizean. NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Museoan aurkeztu dute Landarte programaren VIII. aldia, gaur goizean. NAFARROAKO GOBERNUA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko uztailaren 2a
16:58
Entzun

Zortzigarrenez da martxan Landarte programa, eta irekia, beraz, «laborategia». Halako batekin alderatu ohi baitu egitasmoa haren antolatzaile Nafarroako Gobernuak: arte sorkuntzak borborka dituen tailer batekin, baina ez, halere, hermetikoa den eremu batekin, ezpada ateak parez pare zabalik dituen batekin. Landa eremuan arte garaikidearekin lotutako kultur sorkuntza prozesuak sustatzea baitu helburu ekimenak sorreratik, eta zenbait artistak Nafarroako herri banarekin eraikitzen dituzten harremanek ardazten dute programa aldiro. Alegia: artista bakoitzari herri bat esleitu, eta bertan arte prozesuak garatu daitezela du asmo Landartek. Aurten, bost udalerritan jarri dute martxan proiektua. Edo, bestela esanda, bost egoitza ditu laborategiak: Oibar, Elgorriaga, Oteiza, Rada eta Untzitibar.

«Eta, laborategi horretan, hortaz, badira erreminta kaxak, eta tresnarik inportanteenetarikoa begirada izaten da, hain justu». Nafarroako Kultura zuzendari Iñaki Apeztegiarenak dira hitzok, gaur Iruñeko aurkezpenean esanak. Eta hori esplikatu eta berehala zehaztu du norenak diren aipatu «begirada» horiek: parte hartuko duten artistenak. Hauek ariko dira, herri batean bakoitza: Peru Galbete sortzailea Oibarren, Ekhiñe Etxeberria zinemagilea Elgorriagan, Estefania de Paz artista Oteizan, Maria Azkarate argazkilari eta arkitektoa Radan, eta Oihane McGuiness sortzailea Untzitibarren. Hasiak dira herriekin harremanetan jartzen, baina asmoa da abuztuan hastea proiektuak gauzatzen, eta udazkenerako edukitzea emaitza bukatuta.

Landarteren edizioen aurkezpenek sarri izaten dute osagai komun bat: zehaztu ezina. «Artistek zer eginen duten ezin dugu jakin oraindik, eta akaso hori da programaren alderdi erakargarrienetako bat: orri zuriak ditugula parean», adierazi du Apeztegiak, eta nabarmendu du, gainera, Landarten garatzen diren proiektuetan emaitzak bezain inportanteak direla prozesuak eta «moduak». Baita askatasuna ere. «Komunitateen eta sortzaileen esku uzten dugu erabakitzea zer egingo duten eta nola egingo duten».

Artista hauek ariko dira Landarten lanean: Peru Galbete, Ekhiñe Etxeberria, Estefania de Paz, Maria Azkarate eta Oihane McGuiness.

Artistek martxan jarritako proiektu artistikoek egitasmoan parte hartzen duten herriei egiten dieten ekarpena nabarmendu dute aurkezpenean. Diotenez, egitasmoaren lan egiteko manera hain «berritzailea» izanik, herriek aukera dute biztanleei beste bide batzuetatik eskaintzeko kulturarako «sarbidea»; norberaren herrira kultur emanaldiak ekartzeaz harago, adibidez. Bestalde, Nafarroako Gobernuko ordezkariek azpimarratu dute herriek ezinbestean bete behar dituztela zenbait baldintza Landarten parte hartu ahal izateko, hala nola auzolanerako joera duten herriak izatea, dinamika berrietan parte hartzeko prestutasuna erakustea, eta herritarren arteko babes sareak edukitzea.

Gainera, urtetik urtera aukeratzen dituzten herrien demografiari erreparatuz, bistan da tamainak ere baduela ikustekoa. Aurten, adibidez, herrien artean Oteiza da biztanle gehien dituena, eta ez du gainditzen mila pertsonaren langa.

«Elkarren premia»

Bosgarrenez, Anne Ibañez Kanpoko Bulegoa kolektiboko kideak —Mark Badal lankidearekin batera— gidatu du artisten eta herrien arteko bitartekaritza. Aurkezpenean, azken urteotan egitasmoaren bitartez bildutako gogoeta batzuk esplikatu ditu. «Bitartekaritza lan hau, hasieran eman badezake ere komunitate horrek bere kultura suspertzeko duen gaitasuna zalantzan jartzea edo hori egiteko lukeen ustezko interesik eza erakustea dela, elkarrekin egiten dugun zerbait da: sortzaileek, guk —bitartekariok— eta hartzen gaituzten herriek». Hiru aldeek duten «elkarrenganako premia» aitortu beharra aldarrikatu du Ibañezek, eta nabarmendu «zaurgarritasuna» aitortzea baldintza dela «gauzak gertatu daitezen».

Iazko aldian nobedade izan zen egitasmoaren adar bati segida emanen diotela iragarri dute. 2023an aurrenekoz, Landarte Artxiboa jarri zuten martxan, programan parte hartzen duten artista eta herritarrek ikasitako lezioak eta ariketa garatu bitartean sortutako hausnarketak beste manera batera dokumentatzeko. Zeregin hori Nafarroakoa ez den artista batek egitea du asmo egitasmoak, eta Fran Quiroga galiziarrak eginen du aurten. Besteak beste, sortzaileekin bilduko da, haiekin bere esperientziaz solastatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.