Literatura

Oiartzunen etzi ekingo diete Poesia Egunei, ardatz beraren inguruan baina antzaldatuta

'Arrastoa' izango da aurtengo gaia, eta, besteak beste, Metrokoadroka kolektiboak, Angel Errok, Mikel Etxaburuk, Maddi Sarasuak, Oihane Jakak eta Erramun Martikorenak hartuko dute parte. Ostiralean hasi eta igandera bitarte izango dira emanaldiak.

Harkaitz Cano, Oiartzungo Poesia Egunetan, 2021ean. MENDI URRUZUNO
Harkaitz Cano, Oiartzungo Poesia Egunetan, 2021ean. MENDI URRUZUNO
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko irailaren 11
05:10
Entzun

Ibilbide laburra du, baina, lau urtean soilik, azala hainbatetan aldatzeko ahalmena izan dute Oiartzungo Poesia Egunek. Ainara Lasa antolaketa taldeko kidearen esanetan, «mutatuz» joan den jaialdia baita. Aldaketa horren erakusle da, esaterako, jaialdiaren beraren iraupena: aurten, lehen aldiz, hiru egunekoa izango da, ostiraletik igandera, Oiartzunen (Gipuzkoa). 2020an hasi ziren antolatzen, Eako (Bizkaia) Poesia Egunek utzitako arrastoari nolabait segika —2004tik 2018ra antolatu ziren—: «Nostalgiatik apur bat, agian, baina gogoratuz zein interesgarriak ziren, eta zer-nolako topalekua ziren kulturazale eta sortzaileentzat».

Jaialdia antolatzeko beste arrazoietako bat pandemia bera izan zen. Kultur eskaintzaren eta kultur sortzaileen inguruko kezka adierazi zuten herriko hainbat taldek, eta Kulturabirusa izeneko egitasmoa jarri zuten martxan udalarekin batera. Egitasmo hartan, herriko sortzaileei eskatu zitzaien binaka pieza bat sortzeko, eta, gero, behin piezak sortuta, herritarrekin ibilbide bat egin zuten sortutakoak ezagutzeko. Proiektu horren erantzunari esker jarri zituzten martxan lehen Poesia Egunak.

Lehen aldi hartan, Hernaniko (Gipuzkoa) Kale Literatura jaialdian landutako antologietatik abiatu ziren, hau da, gai bat hartu zuten ardatz, eta gai horren inguruko poemak irakurtzera animatu zituzten herritarrak. Gainera, herriko lauzpabost idazleri ere eskatu zieten gai horri segika poema berri bat idazteko.

'Arrastoa'

2022an, Arte Egunetara aldatu zen egitasmoa, herriko artistei eta artisauei plaza bat eskaintzeko asmoz. Artisau azoka antolatu zuten horretarako. Gerora, ordea, azokak beste bide bat hartu zuen. Lasa: «Antolatzaile garen eragile desberdinok ikusten genituen beharren arabera etorri dira aldaketak».

Arrastoa da aurtengo gaia; hain zuzen, gaur egun sorkuntzak uzten duen arrasto faltaren gogoeta gisa. «Sortutakoak estetikoki, eta gogoeta mailan, ez du aldekorik ez kontrakorik sortzen. Efimerotasun puntu bat dauka, lausotuta geratzen da», aipatu du antolaketa taldeko kideak. Kontzeptu horretan geltoki bat egin nahian, egitaraua horren inguruan osatu dutela ere gehitu du.

«Sortutakoak estetikoki, eta gogoeta mailan, ez du aldekorik ez kontrakorik sortzen. Efimerotasun puntu bat dauka, lausotuta geratzen da»

AINARA LASAOiartzungo Poesia Egunen antolatzaileetako bat

Larunbatean, 11:00etan, Altzibartik abiatuko den ibilbide poetikoak, esaterako, gai hori izango du ardatz. Hiru geldialdi izango ditu ibilbideak: lehenengoan, irakurleek euren bizitzan arrastoa utzi dien poema bat irakurriko dute. Bigarren geldialdian, herriko hainbat idazlek arrastoa gai gisa hartuta idatzi dituzten poemak irakurriko dituzte. Izar Azpiroz, Ekhi Arizmendi, Malen Elizasu eta Miren Azkarate izango dira idazle horiek. Azken geltokian, berriz, aurten poesia liburu bat atera duten idazleen txanda izango da. Angel Erro, Mikel Etxaburu, Aintzane Galardi, Maddi Sarasua eta Oihane Jaka dira aurtengo gonbidatuak. Karrikan amaituko da ibilaldia, eta ondoren, bazkaria egingo dute Artason.

Loaldi kolektibo poetikoa

Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) liburuak arrastoa utzi dio bai Lasari, bai eta antolakuntzako beste kide batzuei ere, eta, horregatik, egileari hitzaldi bat prestatzeko eskatu zioten. Arbasoak edo mamuak: Euskal literatura bere bidegurutzean hitzaldia eskainiko du Jimenezek ostiralean, 19:00etan, udalbatza aretoan.

«Esperimentaziorako jarrera oso presente daukagu antolatzaileok», esan du Lasak. Hori dela eta, herriko sortzaile bati enkarguz zerbait sortzeko eskaera egiteko ideia izan zuten. Aurten izan da lehen aldia, eta Metrokoadroka kolektiboak Loaren defentsan emanaldi-performancea prestatu du. Larunbatean izango da, 21:00etatik aurrera, Landetxe antzokian.

Bi zati izango ditu emanaldiak. Lehenengoan, poesia errezitala eskainiko du Oier Guillan Metrokoadrokako kideak. Guillanen esanetan, «ahots hutsez» egindako errezital bat izango da: «Oinarrira bueltatzea izango da niretzat; ahotsa eta irakurketa, besterik gabe». 30 minutu inguruko errezitala izango da, lo lasai egiteak dakarren babesaren inguruan. Guillan: «Pertsona bati lo lasai egiteko testuinguru bat eskaintzea iraultza handi bat da. Gauza handia da, nahiz eta ez dugun baloratzen».

«Pertsona bati lo lasai egiteko testuinguru bat eskaintzea iraultza handi bat da. Gauza handia da, nahiz eta ez dugun baloratzen»

OIER GUILLANAntzerkigilea

Bigarren zatian loaldi kolektibo poetikoari ekingo diote. Bertaratzen direnek aukera izango dute Landetxeko eszenatokian gaua pasatzeko, pieza artistiko batzuk ikusi ostean. 22:00etatik aurrera, Ainhoa Alberdik, Luix Mitxelenak, Ttitika Rekaltek, Lohitzune Telletxeak eta Guillanek berak pieza bana eskainiko dute, bost bat minutukoa. Antzerki piezak izango dira gehienak, Ainhoa Alberdirena izan ezik, dantzara joko baitu horrek.

Pieza eta pieza artean, publikoak ere aukera izango du bertan egoteko, hitz egiteko edo gauzak proposatzeko. Ondoren etorriko da loaldia. Gauean, Ananda Berasartek jendea lotan erretratatuko du. Emaitzarekin beste pieza artistiko bat egiteko asmoa dute, oraindik argi ez duten arren zer-nolakoa. «Giro goxoa egongo da, beti joko baitugu testuinguru erosoa sortzera», esan du Guillanek.

Zaletasuna sortu

Lasaren ustez, lau urteko ibilbidean geroz eta atxikimendu handiagoa lortu dute jendearengan: «Oso presente daukagu kultur zaletasuna sortu egiten den zerbait dela, ez dela naturalki ematen; elikatu egin behar da». Gaineratu duenez, adin desberdinetako jendea elkartzen da, eta herriko sortzaileen sarea sortzeari bide ematen diote Poesia Egunek.

Aipatutako ekitaldiez gain, larunbatean, 19:15ean, Erramun Martikorenaren kontzertua egongo da Arizmendienean; eta igandean, 19:00etan, Galbahea poesia emanaldi musikatua eskainiko dute Landetxen, zeina Gotzon Barandiaranen izen bereko azken poema liburuan oinarrituta dagoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.