Ordu erdi baino gutxiagoan jokatzen dute dena artistek ACT Lan Laburren Nazioarteko Antzerkialdian. Atzo hasi zen egitaraua, eta, orotara, 70 artista eta hamabost ikuskizun hartuko ditu larunbatera bitarte, Bilbon eta Barakaldon. Dantza, antzerki eta performanceak, baina 30 minututik beherakoak denak. Laburrean sakon joko dutela diote antolatzaileek, gainera. «Egitarauan aurton aurkituko dugun kalitate handiak ez du publikoa axolagabe utziko». 170 proposamen baino gehiago jaso, eta hamabi hautatu dituzte lehiaketarako, eta lehiaketatik kanpo beste hiru pieza ere eskainiko dituzte. Laburrean zabala ere izango da jaialdia; izan ere, Euskal Herriko taldeez gainera, mundu osoko hamaika txokotako artistak ere bilduko ditu jaialdiak. Irak, Alemania, Korea, Espainia, Bosnia eta Hertzegovina, Belgika, Kuba, Erresuma Batu eta Herbehereetakoak, besteak beste.
Piezak laburrak direla esateak, ordea, ez du esan nahi emanaldiak laburrak izango direnik. Izan ere, gehitu pieza labur bati beste pieza labur bat, eta hari beste pieza labur bat, eta saio osoa izango duzu. Hala antolatu dute jaialdia antolatzaileek, eta sarrera bakarraren truke, beraz, hainbat antzezlan ikusi ahalko ditu publikoak. Atzo egindako irekiera ekitaldia izan daiteke horren adibide. La Casa en el Arbol konpainia madrildarraren La invasión de los ladrones de cuerpos pieza eman zuten lehenengo. Lehiaketaz kanpo hori, eta Krego-Martin Danza konpainia bilbotarraren ...To be continued eta Jamei Wood ingelesaren Beating McEnroe pieza eskaini zituzten gero lehiaketan. Eta antzera hurrengo egunetan ere.
Bi izango dira jaialdiaren egoitza nagusiak: Barakaldo antzokia Barakaldon, eta Kafe Antzokia Bilbon. Bi gune horietan ikusi ahalko dira lehiaketako lan guztiak. Eta bi izango dira lehiaketako sari nagusiak ere: pieza laburrik onenaren ACT saria eta nazioarteko artista berririk onenarena. 2.000 euro jaso eta Bilbon hilabeteko egonaldia egin ahalko du sari nagusia lortzen duen artistak; artista berririk onena, berriz, Seulgo Duri Dance Theatre jaialdiko programaren parte izango da, eta bidaia eta egoitza gastuak ordainduko dizkiote. Horiez gain, zuzendaritza onenak eta aktore edo dantzari onenak ere aipamen berezia izango dute.
Artistentzako topagune
Publiko aurrekoak ez ezik, publiko atzekoak ere landuko dituzte jaialdian, eta tailer eta ikastaro sorta ere prestatu dute horregatik. Ulrike Schlue, Rolando San Martin, Mokhallad Rasem eta Ivan Bacciocchi izango dira irakasle, eta izena ematen duen ororentzat egongo dira zabalik.
Topagune ere izango da, gainera, jaialdikoen hitzetan. Jaialdiak iraun bitartean, elkarrekin egongo dira sortzaileak, eta elkarrizketa horien balioa azpimarratu dute Joseba Lazkano eta Fer Montoya antolatzaileek. Eztabaida saioak ere egingo dituzte ikusitakoaz aritzeko haien artean, eta harremanetan jarriko dituzte profesionalak eta programatzaileak.
Itxiera ekitaldia larunbatean egingo dute, Kafe Antzokian. Birminghamgo Be Festival jaialdian ACT saria jaso zuen pieza eskainiko du Mokhallad Rasem artista irakiar-belgikarrak: Waiting. Sari banaketa egingo da gero, eta iazko edizioko garaile izan zen Episodio 08 pieza eskainiko du Silbatriz Pons konpainiak.
@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: bai-bai.net/act
Oholtzarik laburrena
Larunbatera arte, ordu erditik beherako nazioarteko eta Euskal Herriko 15 pieza eszeniko eskainiko ditu ACT jaialdiak Bilbon eta Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu