Oholtzarik gabeko ikuskizuna

Kukai Dantzak 'Eta orain zer?' emanaldi berria estreinatuko du Musika Hamabostaldiaren barruan, bere 20. urtemuga ospatzeko. EGOk joko du Pascal Gaignek sortutako musika

Kukai Dantza konpainiaren eta Euskadiko Gazte Orkestraren Eta orain zer? emanaldiaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Kukai Dantzak 20. urteurrena du aurten, eta Jon Maia buru duen konpainiak ikuskizun berri eta ezohiko bat sortu du horretarako: Eta orain zer?. «Izen horrek motibo asko ditu: Kukaik aurten 20 urte betetzen ditu, eta horrelako ibilbide baten ondoren askotan galdetzen dugu hori [eta orain zer?], bai egunerokotasunean eta baita aurrera begira ere. Bestalde, pandemia batetik gatozela, eta itzulera bera ere nolakoa izango zen eta publikoarekin nolako harremana izango genuen ere galdetzen genion geure buruari». Donostiako 83. Musika Hamabostaldiaren barruan erakutsiko dute lan berria, oholtzarik gabeko agertoki batean. Musika Aitzaki zikloan izango da, eta ez da Donostian izango, beraz, Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan baizik. Abuztuaren 27an izango da, 20:00etan.

Pascal Gaigne konpositoreak ordubeteko musika sortu du emanaldirako, eta horren interpretazioa Euskal Herriko Gazte Orkestraren esku egongo da, Ruben Gimenoren gidaritzapean. Gimeno: «Hamabostaldian parte hartzea eremu ezezagun batean sartzea da. Agertokia guztiz ezberdina da; gainera, elementu bizi baten gisan hartuko dugu parte, eta ez dugu normalean hori egiten. Baina uste dut EGO gisa gure egitekoa dela gehiago zabaltzea eta diziplina pluralagoetan aritzea».

Emanaldia hamazazpi musikarik eta hamar dantzarik bideratuko dute, eta, Maiaren arabera, artistikoki diferenteak direnek elkar ulertzea posible dela erakutsi nahi dute. Kukairen kasuan, ohiko lantaldeaz gain, Etiopiako eta Suediako dantzari bana ere izango dira, baita dantza urbanotik eta dantza tradizionaletik datorren jendea ere: «Denek ezberdin hitz egin baina elkarrekin hitz egiteko gai den lan talde bat sortzen saiatu gara».

Sokadantzatik abiatuta

Hasiak dira jada entseguak egiten Lekuona Fabrikan, 150 ikusle ingururekin, eta, Maiak aitortu duenez, jendaurreko entsegu horiek asko lagundu diete bidea zuzentzen eta erabaki egokiak hartzen. Entsegu gelan, gainera, hainbat esaldi izan dituzte presente dantzariek, eta esanguratsuenetako bat Joseba Sarrionandiaren «bihar, etzi, atzoa» izan da, Maiak eta bere taldeak asko egin baitute lan kontzeptu horiekin.

Koreografiari dagokionez, Maiak azaldu du sokadantzan oinarritu dutela, «munduko antzinako kultura askotan presente dagoena, eta, jakina, baita Euskal Herrian ere, bereziki Gipuzkoan». Adierazi du sokadantzak pisu handia duela kultura tradizionalean; haren ustez, gizartearen batasuna, ezberdinen arteko elkar ulertzea, kultura aniztasuna eta kultura transmisioa sinbolizatzen ditu. Koreografiaren jatorrian beste ideia nagusi bat ere izan dute: «Musika klasiko unibertsal gisa ulertzen dugun doinuetako bat hartu eta gurera ekartzea».

Gaigne konpositoreak, bestalde, kontatu du urte askoan konposatzeko orduan muga batzuk edukitzeak arazoak sortu izan dizkiola, baina orain baliatu egiten dituela. Gaigne: «Ikuskizun hau mugen eta arazoen master bat da, elementu asko sinkronizatu behar direlako aldi berean. Ikuskizun honetan asko interesatzen zaidan gauzetako bat sustraien nahasketa da; musika ia amaituta dago, baina une oro aldatzen da, eta hemendik aste batera izugarri alda litezke gauzak; prozesuak sorpresa bat dira, oso interesgarriak».

Ildo beretik, Gimenok ere erantsi du proiektu hau erronka bat dela: «Publikoa zailtasunaz jabetzen ez bada, gure helburua bete dugula esan nahiko du, baina, jakina, guretzat konfort eremutik irtetea da. Niretzat, idazle batek orri zuri bat aurrean izatea bezala izan da gutxi gorabehera, eta gaurtik 27ra bitartean esperimentazio asko egongo da; ez dugu mugarik jarriko, egunerokotasunak markatuko du ibilbidea».

Ekitaldiaren kokapena ere gauza berria da denentzat: toki huts bati egingo diete aurre bai ikusleek eta bai parte hartzaileek. Maia: «Murgil egiteko esperientzia baten gisan definitzea gustatzen zaigu. Norbaitek sarrera erosten badu, ez dezala begiratu zein eserleku tokatu zaion, toki libre eta huts bati egingo baitiote aurre ikusleek. Jendeak okupatu dezala espazioa eta aske sentitu dadila mugitzeko eta erabakiak hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.